Gogoa berreskuratuta, ilusio berriak zain
Uda mamitsua bizi izan ondoren, erronkaz josita datorkio berriro denboraldia Nahikari Garciari.
Lagunek hondartzan orduak buelta eta buelta eman dituzten bitartean, baloiarekin bueltaka ibili da Nahikari Garcia. Berriro ere. Eta kexarik ez daukan arren, «futbolariok horrela disfrutatzen dugulako», aurten denboraldi-aurreari gogoz ekiteko ahalegin berezia egin behar izan duela onartzen du.
Ulergarria, bere oporrak hamar egunekoak izan direla kontuan hartuta. Ohitura bilakatu da, izan ere, urtean zehar udarako egindako planak horrelako epe txiki baten kontzentratu behar izatea. Arrakastaren faktura. Gogorra baina onargarria, etxeko apalak dominaz eta garaikurrez bete izan dituen futbolari urnietarrarentzat. Lau Europako Txapelketa eta Munduko Txapelketa batean lehiatu da azken lau urteotan eta denetatik itzuli da sariekin, kolektiboak zein indibidualak. Azkena joan den uztailean eskuratu du, hirugarren urtez jarraian zilarrezko domina lortuz Eslovakian jokatutako Europako 19 urtez azpiko txapelketan. Esperientzia ederra, «amaiera mingarria» izan bazen ere, urreak azken unean ihes egin baitzion selekzio espainolari. «Gogorra izan zen. Emaitzagatik beragatik (Frantziak 2-1 irabazi zuen), ilusio handiarekin joan ginelako, aurreko urteotako ibilbideari buru eman nahi geniolako, bai eta formagatik ere», aitortu du gipuzkoarrak. «Baina pozik nago. Esperientziarekin, egindakoarekin...».
Oporrek, motzak izan badira ere, zauria orbaintzeko balio izan dute, denborak «belaunaldi honek lortutakoa baloratzeko» balio izango duen bezala. «Gu geu ere, zuzenean bizi dugun arren, kostata konturatzen garela iruditzen zait. Aurreko mailan hasita, zenbat urte daramatzagun oso maila altua ematen, finalak jokatzen, dominak lortzen... Denbora pasatzen denean, urteak beharbada, ibilbide horrek merezi duen balioaz ohartuko garela uste dut».
Hausnarketarako denbora larregi ez du izan Realeko jokalariak, edozein kasutan, oporrak deskonektatzeko besterik ez baititu erabili. Eta ez da lan txikia izan, urnietarrak aitortzen duenez. «Kostatu zait. Ez fisikoki, oraindik gaztea izanda azkar errekuperatzen naizelako. Baina mentalki... ‘Garbiketa’ egin behar izan dut futbolean, egunerokotasunean, bizikidetzan, lehian... berriro pentsatzen hasi aurretik. Ez da erraza izan, baina familiaren laguntzarekin, gogoz eta ilusioz berriro topera egotea lortu dut», dio zuri-urdinak.
Are gehiago, denboraldiak dakartzan erronkak ikusita, Realaren zein Espainiaren kamisetekin. «Nahi genuen baino apalago hasi garen arren, taldea oso ilusionatuta dago iazkoa errepikatu edota hobetzearekin», azpimarratu du, hasierako bi berdinketei garrantzia kenduz. «Argi dago hobetu beharreko aldeak daudela, baina hori beti gertatzen da. Ez dugu larritu behar, egoerak dira. Batzuetan zorte puntutxo batek erabakitzen du, partida berbera eginda, irabaztea edo galtzea. Lanean orain arte bezala jarraituz, ziur nago laster sartuko garela iazko bide berberean».
Hainbat astetan urrutitik jarraitu beharko ditu bere taldearen joan-etorriak, azaroren 13tik abenduaren 3ra 20 urtez azpikoen Mundu Txapelketan arituko baita Papua Ginea Berrian. Orkatilan izan zuen lesiotik osatu berri den arren –igandean jokatu zituen denboraldiko lehen minutuak–, ez dago zalantzarik Espainiako selekzioaren zerrendan egongo dela, lehen aldiz txapelketa honetan aritzeko.
Urnietarrak daukan ilusioaz ere, ez dago zalantzarik. «Sekulakoa, noski. Azken urteotako ibilbideari jarraitutasuna ematea espero dugu. Oso talde konplikatua tokatu zaigu, txapeldun guztiekin –Kanada, Japonia eta Nigeriarekin arituko da Espainia lehen fasean–, eta bertan egotea ere asko da. Baina ahalik eta urrutien iristen ahaleginduko gara». Eta Nahikari Garciak horrelakoak esaten dituenean, urre kolorea hartzen dute bere hitzek.
Astea
Golak. Mari Paz Vilasek sasoian hasi du denboraldia. Espanyolen kontra gola sartu zuen, golegileen lehen postuari eutsiz, guztira lau golekin. Gertu daude, hala ere, Paula Moreno (Betis), Jenni (Bartzelona) eta Olga Garcia (Bartzelona), hiru golekin.
Boladak. Bi jardunaldi besterik ez dira jokatu eta Bartzelona eta Valentzia dira dagoeneko garaipenak bakarrik ospatu dituzten taldeak. Gainera, Realak eta Levantek bezala, ez dute aurkako golik jaso oraindik. Donostiarrek, zoritxarrez, sartu ere ez dute golik sartu, Oiartzun, Espanyol, Tacuense, UDG eta Rayok bezala. Rayo da oraindik punturik lortu ez duen talde bakarra.
Athletic. Josu Urrutiak aitortu duenez, PSGren eskaintza berdintzea eskaini zion Irene Paredesi. Baina atzelariak «erabakia hartuta zeukala» azaldu zuen.
Champions. San Mamesen egingo du Champions Leagueko estreina Athleticek. Fortuna Hjorring-en kontrako partida urriaren 5ean jokatuko da (19.30). Chelseak ere, Wolfsburgoren aurkako 1/16eko joaneko norgehiagoka Stamford Bridgen jokatuko duela aurreratu du.
Bigarren maila. Aurrerak lidergoari eutsi dio Mariño menderatu ostean (0-2). Gasteiztarrekin berdinduta daude, hala ere, Athletic B, Mulier eta EDF.
Ebakuntza. Itsaso Nabaskuesi joan den ostegunean egin zioten ebakuntza. Oiartzun taldeko jokalariak maiatzean hautsi zuen lotailu gurutzatua.
Txapelketa. Andrea Sierra, Maite Oroz, Lucia Garcia eta Ane Azcona zuri-gorriak Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin arituko dira, gaur hasi eta irailaren 20an amaituko den Azerbaijango Txapelketan, datorren urteko Europako Txapelketarako txartelaren bila.
Frantzia. Aise irabazi dute faborito nagusiek Ligako lehen jardunaldian. OLek 0-9 menderatu zuen Soyaux, Montpellierrek 0-5 irabazi zion Metzi eta PSGk –Irene Paredesek partida osoa jokatu zuen– 0-4 irabazi zuen Albin.