Jon LEUNDA
Berezkoak

Larraldek eta Ezkurrak azken txanpan eskuratu dute Sarako Torneoa

Larraldek eta Ezkurrak irabazi zuten atzo Sarako Torneoko finala, azkeneko neurketa horretan Ospital eta Bilbaori 40 eta 37 irabazita. Azken bikote hau atera zen, gainera, faborito. Finalerdietan egin zuten neurketa zela-eta, zaleek itxaropen handia zuten eurengan, baina ez zuten asmatu. Sarako trinketa erabat bete zen.

Final estu eta gogorra izan zen, eta emozioa ere gainezka izan zuen, baina jokoaren maila ez zen oso ona izan, bi bikoteek pilota asko galdu baitzituzten. Lehen zortzi kintzetan hiru berdinketa izan ziren, eta gero Larraldek eta Ezkurrak zuloa egin zuten, eta handi samarra ere bai, markagailuan 32-24 aurretik jarri baitziren.

Finalak erabakita zirudien, baina Ospitalek eta Bilbaoren erreakzioa iritsi zen; 5-13ko partziala lortu eta 37nakoa jarri zuten markagailuan. Zailena egin zuten, baina hurrengo tantoan Bilbaok huts egin zuen, eta Larraldek eta Ezkurrak ez zuten hutsik egin. 

Finalak 74 minutu iraun zuen. Saketik Larraldek eta Ospitalek zazpina kintze egin zituzten. Jokoan, berriz, irabazleek 16 kintze egin zituzten jokoan, eta galdu, 15. Beste aldean, galtzaileek 15 egin zituzten, eta 17 galdu. Markagailuan hauek ikusi ziren: 0-2, 2-2, 3-3, 8-8, 16-9, 22-16, 27-22, 32-24, 35-34, 37-37 eta 40-37.