SEP. 19 2016 ALPINISMOA «Elurretako lehoinabarra» xedea hilabete eskasean egin berri da Protagonista Andrzej Bargiel poloniarra izan da. Pamir eta Tien Shan mendilerroetan dauden bost zazpimilakoak hilabete bateko tartean igo ditu. Hain zuen ere: Lenin, Korzhenevskaya, Ismail Samani, Khan Tengri eta Pobeda. Mendi guztiok eskiekin jaitsi ditu. Last update: SEP. 19 2016 - 06:56h Andoni ARABAOLAZA Donostia “Elurretako lehoinabarra” xedea egiten 636. mendizalea izan da Andrzej Bargiel alpinista eta eskiatzaile poloniarra. Horrela adierazita txikikeria bat dirudi, baina, Pamir eta Tien Shan mendilerroetan dauden bost zazpimilakoak igotzeko soilik 30 egun behar izan dituela adierazten badugu, egoera arras aldatzen da. Bai, Lenin, Korzhenevskaya, Ismail Samani, Khan Tengri eta Pobeda mendiak igotzeko hilabete eskas behar izan du. Eta, beraz, aurreko errekorra, 42 egunekoa, erabat hondatu du. Betidanik, erronkak izen handia izan du. Jakina, “Elurretako lehoinabarra” borobiltzea ez da batere samurra. Kirgizistan, Kazakhstan eta Tadjikistanen dauden bost mendiok garaiak dira, eta horietako batzuek zortzimilakoen eite guztiak dituzte. Gainera, urrutiko alderdietan egoteaz gain, mendilerro horietan dagoen klima eta baldintzak gogorrak dira oso. Xedearekin egiteko igo beharreko mendiek honako altuerak dituzte: Ismail Samanik, lehen Komunismo mendia deitzen zioten, 7.495 metro; Khan Tengrik, 7.010 metro; Leninek, 7.134 metro; Korzhenevskayak, 7.105 metro; eta, azkenik, Pobedak, 7.439 metro. Aurreratu dugu proiektuak sona handia duela, eta agian irakurleek gogoan izango dute “euskal elurretako lehoinabar” bat gurekin izan genuela. Xabier Ormazabal urretxuarrari buruz ari gara. “Elurretako lehoinabar” bakarra gure artean. Horretarako, Ormazabalek hiru espedizio behar izan zituen 2002 eta 2004 artean. Zoritxarrez, 2004an Cho Oyura eginiko espedizioan betiko han geratu zen. Urteak joan eta urteak etorri, proiektuak kolore guztietako ekarpenak izan ditu. Batzuek, bost zazpimilakoak era azkarrenean igotzen jardun dute. Hots, azkartasunaren errekorraren bila. Bargiel azaldu aurretik, aurreko errekorra Sergei Molotov eta Denis Urbukok osatutako sokadak zuen. 42 eguneko errekorra ezarri zuten 1999. urtean. Baina, hamazazpi urte geroago, Bargiel poloniarrak hamabi egunean hobetu du Molotov eta Urubkok eginiko denbora. 28 urteko protagonista Andrezj Bargielek, gainera, mendi guztiak eskiekin jaitsi ditu. Era horretan argi erakutsi du mendi garaietan azkar mugitzeaz gain, goi mailako eskiatzailea dela. Bargielek duen curriculumari begiratzen badiogu, aipatutakoaz jabetuko gara. 2013. urtean gai izan zen Erdiko Shisha Pangma (8.008 m) ordu eta erdian eskiekin jaisteko. Hurrengo urtean, Manaslu (8.163 m) igotzeko soilik 14 ordu eta 5 minutu behar izan zituen. Iazko urtean, bestalde, Broad Peak (8.047 m) mendia eskiekin jaitsi zuen lehen alpinista izan zen. Beraz, zerrenda horrekin inor ez du ezustean hartu “Elurretako lehoinabarra” erronkan egin duenak. Di-da batean Poloniarraren “lasterketa” pasa den uztailaren 15an hasi zen. Lehen mendia Lenin zen. Arratsaldeko zortzietan lehen kanpamentutik irten zen. Hirugarrenean siesta txiki bat egin eta goizeko bostetan gailurrera abiatu zen: «Goialdean elurra nahiko bigun zegoen, baina fokeatzeko ez nuen arazorik izan. Tontorra goizeko bederatzietan zapaldu nuen, eta, bi ordu geroago, kanpaleku nagusira iritsi nintzen. Arretaz jaitsi behar izan nuen; izan ere, elurrolde arrisku handia zegoen. Baina, oro har, elurraren baldintzak nahiko onak izan ziren eta gozatu egin nuen». Kirgizistaneko Pamir mendilerroan dagoen Lenin lehena izan zen. Bost mendi horietatik errazena dela diote, eta poloniarrak, antza denez, hura aukeratu zuen girora ondo egokitzeko. Helikopteroa hartu eta Tadjikistanera bidaiatu zuen Korzhenevskaya eta Ismail Samani mendiei ekiteko. Moskvina izeneko kanpaleku nagusira heltzeko arazoak izan zituen. Protagonistak Kirgizistan eta Tadjikistanen arteko igarobide bat aukera zuen, baina hura itxita zegoen. Errepidean beste egun bat eman behar izan zuen beste igarobide bat zabalik aurkitzeko. Lau egunen buruan kanpaleku nagusian zegoen. Hasteko, Korzhenevskaya patrikara sartu zuen. Gailurreko saio bat atzeratu ondoren, uztailaren 25ean tontorra egin zuen. Horretarako 8 ordu eta 40 minutu behar izan zituen, eta jaisteko bost ordu baino gutxiago: «Elurra gogor zegoen, eta jaitsiera ez zen Leninekoa bezain dibertigarria izan. Gustura nago eginiko lanarekin, baina era berean oso nekatuta». Egun bateko atsedena hartu ondoren, xedeak dituen bost mendietatik garaienera abiatu zen: Ismail Samanira. 5.300 eta 6.100 metrora kanpaleku bana atondu ondoren, prest zegoen azken saioari ekiteko. Baina eguraldi kaskarrak atzera egitera behartu zuen (goialdean 15 zentimetroko elur geruzak eta 70 kilometro orduko haizeteak ziren). Azkenean, abuztuaren 2an bere hirugarren mendiarekin egin zen. Jarduera osoak (kanpaleku nagusia-tontorra-kanpaleku nagusia) 27 orduko lana eskatu zion. Hiru mendi horiek hamazazpi egunean igo eta jaitsi ondoren, poloniarrak beste bi zituen aurretik: Khan Tengri eta Pobeda. Biak ala biak Tien Shan mendilerroan. Nahiz eta helikopteroak erabili dituen, alpinistak argi utzi du proiektu horretan logistikak erabateko garrantzia izan duela. Hego Inylchek izeneko kanpaleku nagusira heltzeko ere makina bat arazo izan zituen. Kanpalekura abuztuaren 9an iritsi zen, eta, denbora galdu gabe, martxan jarri zen: «Soilik eguraldi egun on bat iragartzen zuten. Goizeko hiruretan lehen urratsak eman nituen, eta 10-12 orduko igoeraren ondoren, Khan Tengriko gailurra zapaldu nuen (abuztuak 10). Igoera pixka bat inprobisatua izan zen, eguraldiari probetxua atera behar bainion. Ezin nuen inolaz ere denbora gehiago galdu. Pena izan zen, aldez aurretik eskiatu nahi nuen isurialdea ezin izan nuelako jaitsi». Bargieli soilik Pobeda geratzen zitzaion; hots, Tien Shaneko mendirik garaiena eta “Elurretako lehoinabarra” xedearen bigarrena. Eta abuztuaren 14an, zirkulua ixtea lortu zuen: «Gailurreko saioan arrakasta izan nuen. Pozarren nengoen xedea borobildu nuelako, eta soilik 30 eguneko tartean. Azken bi mendiotako igoerak erlojuaren kontrako batailak izan ziren. Eta, zorionez, zorte handia izan dut. Pobedan ekaitza gogorrak sufritu ditut, baina, horiek igarotakoan, tontorra erdietsi nuen eguraldi kaskarrarekin». Irakurri bezala, Bargielek Urubko eta Molotoven errekorra hobetu du. Alabaina, hedabide errusiar batzuek diote 1991n Vladimir Suviga, Serguey Gritsuk eta Malik Ismetovek “Elurretako lehoinabarra” 36 egunen buruan egin zutela. Bata ala bestea izan aurreko errekorra, argi geratu dena honakoa da: poloniarrak 30 egun behar izan ditu xedea borobiltzeko. 5X7000 Andrzej Bargiel poloniarrak 30 egun soilik behar izan ditu «Elurretako lehoinabarra» proiektuko bost zazpimilakoak igotzeko.