GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Conlogue txapeldun Portugalen,Wright buru WCT rankingean

Courtney Conloguek irabazi zuen WCT itzuliko zortzigarren txapelketa Portugalen. Bigarren postuan geratu zen Tyler Wrightek lehen postuan jarraitzen du rankingean. Itzulia amaitzeko bi txapelketa falta direla, Wrightek munduko titulua eskura lezake Hossegorren.


Courtney Conlogue estatubatuarrak irabazi zuen joan den astean Portugalen, Cascais Women's Pro munduko txapelketa. Garaipen horrekin, ordea, ez zuen lortu ranking orokorreko lehen postua eskuratzea. Gauzak horrela, ranking orokorrean buru den Tyler Right australiarrarekin batera aurtengo WSL munduko titulua eskuratzeko aukera gehien duen lehiakidea da Conlogue.

Conlogue txapeldun

Metro eta erdiko olatuak izan ziren Casacaisen (Portugal) eta beste behin ere bikain aritu ziren nesken munduko itzuliko 16 lehiakideak. Hala ere, ez zen aparteko emaitzarik izan, eta ondorioz, ranking orokorrean ere ez da ia aldaketarik izan.

Aurtengo Women’s Championship Tour (WCT) zirkuituan lehen bi postuetan dauden bi lehiakideak izan ziren finalean Cascaiseko txapelketan, Courtney Conlogue eta Tyler Wright. Azken honek jada lau garaipen lortu ditu aurtengo zirkuituan eta Conloguek, berriz, Cascaiseko txapelketarekin bere aurtengo bigarren txapela eskuratu zuen.

Metro eta erdiko olatu politak izan ziren Cascaisen, baina erreboteak olatuak dantzan jartzen zituen eta horrek asko zailtzen zuen ariketak behar bezala egitea. Ezker-eskuin lehertzen ziren olatuek ibilbide irregularra zuten. Bi lehiakideek eskuin olatuen aldeko apustua egin zuten, noranzko horretan olatuek ibilbide apur bat luzeagoa baitzuten eta ondorioz ariketa gehiago egiteko aukera ematen zuten.

Olatuaren hasierak garrantzia handia zuen, olatuak indar gehien zuen unea baitzen, eta gero zer-nolako forma hartuko zuen jakiterik ez zegoenez, merezi zuen lehen ariketan arriskatzea. Horrela, hasieran ariketa ahalik eta indartsuena egin behar zuten surflariek; gero olatuak eskaintzen zuen indarraren arabera ariketak lotzen itsasertzera hurbiltzen ziren eta amaieran beste ariketa indartsu batekin bukatu behar zuten.

Bi surflariek antzeko olatuak hartu eta antzeko ariketak egin zituzten, baina Conloguek hobeto borobildu zituen hartutako olatuak, ariketa garbiak egin baitzituen eta gainera erori gabe eutsi zien ariketa zailenei. Hala ere, oso alde txikiz irabazi zuen estatubatuarrak, 0,74 puntuko aldea baino ez baitzuen atera (Conlogue 13 puntu, Wright 12,26 puntu).

Itxura guztien arabera, Cascaisen finalean izan ziren bi lehiakideen artean dago nesken aurtengo WSL txapela eta, zentzu horretan, Courtney Colonguek bere aurkariarekin duen lehia gero eta gogorragoa bilakatzen ari dela aitortu zuen: «Zalantzarik gabe, munduko titulua eskuratzeko lehia asko gogortu da. Oraindik lan handia dut egiteko aurretik, baina gero eta gertuago nago eta hori beti da positiboa. Gustura nago egiten ari naizen lanarekin eta bide onean noala uste dut».

Cascaisen bigarren postua eskuratu zuen Tyler Wrightek ostera, oraindik ranking orokorreko lehen postuan jarraitzen du eta, Frantzian egingo den itzuliko hurrengo txapelketa irabazten badu, munduko titulua eskuratzeko aukera ere izan dezake, baina australiarrak urrats bakoitza landu nahi du, urrunegi begiratu gabe.

Horrela mintzatu zen nesken munduko rankingean (WCT) buru den Tyler Wright australiarra oholtzatik jaitsi ostean: «Frantzian helburu berberarekin itsasoratuko naiz. Txanda bakoitza irabazi eta finalera iritsi behar dut, eta, noski, finala ere irabazi. Txanda bakoitzaren hasieran txanda dut helburu eta amaitu ostean, berriz, zerotik abiatzen naiz, txandaz txanda lehiatu behar dut».

Azken urteetan lehia bizian izan ostean, ikasitako guztia munduko txapela eskuratzeko erabili nahi du Wrightek. Honela mintzo zen bilduta duen esperientziaren gainean: «Asko ikasi dut eta asko ikasten ari naiz baina, batez ere, badakit zer nahi dudan eta zer egiteko gai naizen. Nire ustez, hori da garrantzitsuena».

Rankingean aldaketarik ez

Cascaiseko txapelketaren ostean WCT rankingean izan den aldaketa aipagarri bakarra bosgarren postuan gertatu da. Johane Defay frantsesa finalerdietara iritsi zen eta hirugarren postua lortu zuen. Stephanie Gilmorek, berriz, ezin izan zuten parte hartu lesio baten ondorioz, eta, horrela, Defayk Gilmoren bosgarren postua eskuratu ahal izan zuen ranking orokorrean.

Beraz, horrela dago nesken WCT ranking orokorra, aurtengo itzulia amaitzeko bi txapelketaren faltan. Lehen postuan Tyler Wright australiarra dago. Bigarren postuan, berriz, Courtney Conlogue estatubatuarra. Hirugarren postuan, Carissa Moore hawaiiarra eta laugarren postuan, Tatiana Weston-Web hawaiiarra.

Bi txapelketaren faltan posible da aurtengo munduko titulua nork irabaziko duen datorren urriaren 4an Hossegorren hasiko den mundu txapelketan erabakitzea; izan ere, Tyler Wrightek azken-aurreko txapelketa irabazten badu eta rankingean bigarren postuan den Courtney Conloguek emaitza txar bat izango balu, txapelketa bakar baten faltan beste inork lor dezakeena baino puntuazio altuagoa izan dezake australiarrak, eta, beraz, itzulia amaitu aitzin txapela eskuratu lezake.

Edonola ere, orain artean zortzi txapelketa egin dira eta beste bi falta dira 2016ko itzulia amaitzeko, bata Hossegorrekoa eta bestea abenduan Hawaiiko olatuetan egiten dena. Gauzak horrela, edozer gerta daiteke, baina munduko titulua eskuratzeko aukera duten lehiakideen zerrenda gero eta laburragoa da, lehendabiziko hiru postuetan dauden lehiakideen artean baitago 2016ko nesken munduko titulua.