Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Marc-Andre Leclerc kanadarra Patagonian mugak hausten ari da

Egger Dorrean irailaren 17an eginiko jarduerarekin ahoa bete hortz utzi ditu denak 24 urteko alpinistak. Kanadarrak neguko lehen igoera bakarka sinatu du. Bigarren saioan izan da, eta, Patagoniako erpina igo eta jaisteko, 21 ordu behar izan ditu guztira.

Egger Dorrea (2.685 m, Patagonia) neguan eta bakarka eskalatzea futurismoarekin lotuta zegoen. Bada, etorkizuna alde batera utzi eta orainak indarra hartu du. Eta hori guztia Marc-Andre Leclerci esker gertatu da. Izenburu sentsazionalistak saihesteko, Patagonian eskarmentu handia duten hainbat protagonistari lekukoa eman diegu, eta, hala, haiek emango dizkigute 24 urteko kanadarrak egin berri duenaren gaineko lerroburuak. Colin Haley estatubatuarrak dio txundituta geratu dela: «Marc-Andre oso azkar uzten ari da atzean eskaladaren munduan lehen lerroan daudenak». Hurrengo orrian protagonista den Markus Pucher austriarrak honakoa dio: «Zu zara onena». Korra Pesce italiarrak, berriz, honakoa nabarmendu nahi du: «Egin berri duena zoramen hutsa da». Eta, azken izenburua Francesco Salvaterra italiarrarenak dira: «Sinestezina!».

Nahiz eta oso gaztea den, kanadarrak argi utzi du dagoeneko beste esfera batean dagoela. Bere herriko paretetan goi mailako jarduerak egiteaz gain, azken urteotan Patagonian ere ahoa bete hortz utzi ditu guztiak. Ez gara hasiko egin dituen balentria guztiak zerrendatzen; izan ere, Egger Dorrean egin duenak merezi du benetako protagonismoa uneotan.

Neguko lehen bakarkako igoera egin ahal izateko, Leclercek bi saio behar izan ditu. Lehena, irailaren 10ean hasi zuen: «Dorrearen ekialdeko zutoina bistan eskalatu nahi nuen. Une batean baldintza zailetan zegoen sekzio batek gelditzera behartu ninduen. Biharamunean, headwall-aren goialdera iritsi nintzen; gutxi gorabehera, tontorretik lau luzera. Han bigarren bibaka egin nuen. Goizeko bostetan, berriz, elurteekin esnatu eta jaistea erabaki nuen. Gogorra izan zen oso; izan ere, une oro spindrift-en erasoak jasan nituen».

Alpinista gaztea gustura zegoen eginiko saioarekin, eta, atseden pixka bat hartu ondoren, bigarrenari ekin zion. Irailaren 17a zen. 02.45ak puntuan lehen urratsak egin eta tontorra 18.00etan zapaldu zuen. Bost ordu geroago, glaziarrean altxatutako dendara heldu zen. Guztira 21 orduko jarduera izan zen.

Era horretan, protagonistak bakarka Egger Dorreko neguko lehen igoera sinatu zuen. Gogora dezagun neguko lehen igoera Stephan Siegrist, Dani Arnold eta Thomas Senf suitzarrek duela sei urte lortu zutela. Haiek hiru izan ziren; Leclerc, berriz, bakarka aritu da. Orratzaren lehen bakarkako igoera Haleyrena da; hain zuzen ere, iaz egin zuen. Kanadarrak adierazi du Cerro Torren bakarka igo nahi zituen hiru orratz nagusien xedea borobildu eta bukatu duela. Aurreko biak honakoak izan dira: “Sacacorcho” bidea Cerro Torren eta “Tomahawk” eta “Exocet” bideen lotura (guzti-guztia era askean) Standhardt Orratzean.

Hurrengo lerroetan, berriz, kanadarrak berak Egger Dorrean eginiko balentriaz azalpenak emango dizkigu.

Egger Dorrea

«Oso goiz hasi nintzen, 2.45ean. Lehen 300 metroak berriak ziren. Seracen azpian zegoen korridore bat aukeratu nuen. Sekzio hori erraza zenez, azkar joan nintzen. Italiarren marrara (eskuinaldera) heldu aurretik, tximinia estu batean mistoko tarte bat gainditu nuen. Serac baten azpian eskalatu dudan eta eskalatuko dudan lehen aldia eta azkena izan da.

Zintzilik dagoen glaziarrera iritsi baino lehen M5 eta A1 zailtasuneko luze batean aseguratu nintzen. Beste hainbeste egin nuen glaziar horren gainetik dagoen luze motz batean. Izotz hauskorra zuen zutabe bat zen, eta, badaezpada ere, torloju bat jarri nuen erorikoa saihesteko. Ondoren, tarte erraz batzuetatik jarraitu nuen, eta, elurrezko ertzera heldu baino lehen, beste sekzio zail batean berriro aseguratu nintzen.

Ia headwall osoa soka gerrira lotu gabe eskalatu nuen; soilik aldatsaren aurretik dagoen zeharkaldian. Sekzio horretan bizkar-zakuarekin denbora galdu nuen; izan ere, hura errekuperatzen ari nintzenean, hainbat aldiz katigatu zen. Headwall-aren eskalada oso ona da: artesi finak eta izotzarekin zegon tximinia bat. Katu-oinekin eskalatu nuen, baina pioletaren laguntzarekin. Eskuinera hasten den zeharkaldia botekin, kranpoiekin eta motxila sorbaldan jarrita eskalatu nuen. Hori bai, sokarik gabe. Une horretan aurreko saioaren puntu gorenena gainditu nuen.

Aurrean nuen tximinia baldintza egokietan zegoen, hots, izotz onarekin. Elur perretxikoetara iritsi baino lehen, sekzio batzuk katu-oinekin eskalatu nituen. Perretxiko horietan nengoela, arrokazko eskailera bat antzigarrarekin zegoen eta neure burua babestea erabaki nuen. Pioletekin lagunduta hainbat metro artifizialean egin nituen. Tarte hori motza zen, baina gogorra iruditu zitzaidan. Hego aurpegira daraman izotzezko ‘hodira’ heltzeko, sokarekin zeharkaldia egin eta artifizialean beste pare bat pausu egin nituen.

Arratsaldeko seietan gailurrera heldu nintzen. Haizetea zegoenez, segituan beherako bidea hartu nuen. Azken luzea eskalatzen jaitsi eta, ondoren, zuzen-zuzen makina bat rapel egin nituen. Soilik rapel batean katigatu zitzaidan soka. Gaueko hamaiketan glaziarrean nintzen».