GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

John John Florence2016ko munduko WSL txapelduna

Portugalen txapela irabazi ostean mundu titulua ere eskuratu zuen John John Florence hawaiiarrak. WSL zirkuitua amaitzeko beste txapelketa bat falta da oraindik, beraz, lehen mailan jarraitzeko lehiatuko dira surflariak Hawaiin.


John John Florence hawaiiarrak irabazi du 2016ko WSL munduko titulua. 24 urteko gazte honek pasa den astean Portugalen amaitu zen txapelketa irabazi ostean eskuratu zuen txapela. Oraindik ez da amaitu WSL zirkuitua ordea, abenduan Hawaiin egiten den txapelketa falta da itzulia amaitzeko.

MEO Rip Curl Pro Portugal

Lehen egunetan olatuak apur bat narrasak izan baziren ere, egunek aurrera egin ahala olatuen kalitatea hobetzen joan zen. Supertubos hondartza famatua da bertan jasotzen diren tubo formako olatu bikainengatik.

Txapelketako lehen txandetan ez zen tuboak egiteko aukera handirik izan, baina finalerdietatik aurrera itsasoak gora egin zuen eta sekulako txandak ikusi ahal izan ziren. Baldintzak oso zailak ziren, baina lantzean behin olatu azkarren bat jasotzen zen eta lehiakideak tubo sakonak egiten saiatzen ziren.

Azken egunean, finalerdietako txandekin hasi ziren. Olatuak ez ziren izan finalerdietan bezain handi eta bortitzak, baina bi metroko olatu garbiak zeuden, tuboak eta airekoak egiteko egokiak.

Goizeko lehen txanda tentsio handiarekin hasi zen. Kolohe Andino estatubatuarra eta John John Florence itsasoratu ziren. Bozinak txandaren hasiera iragarri eta segundo gutxira hasi zen Florence lehen olatua hartzeko arraun egiten, baina ustekabean, atzetik, oso gertu, Kolohe sartu zen modu txarrean. Argi eta garbi interferentzia bat bilatzen ari zen Kolohe eta Florencek olatua utzi zion. Kolohe goitik behera erori zen edo bere burua bota zuen, baina epaileek ez zioten jaramonik egin.

Lehen uneko tentsio uneen ostean, Florencek arerioarengandik distantzia hartu eta egiten dakiena ahalik eta ongien egiteko estrategiari eutsi zion eta ezin hobeto egin zuen, zeren hurrengo txandetan Florencek sekulako egurra eman zuen.

Finalean Conner Coffin iparramerikarraren kontra aritu zen Florence. Olatuak txikiagoak ziren, beraz, garbi zegoen puntuazio altuak lortzearren airekoak egiteari ekingo ziola hawaiiarrak, eta horrela izan zen. Sekulako ikuskizuna eskaini zuen Florencek, mota guztietako airekoak egin zituen.

Artean, Coffinek olatu on bat hartzea lortu zuen eta tubo polita egin zuen, baina finalak iraun zuen denbora guztian ez zen itxurazko beste olatu bat hartzeko gai izan. Tuboak 8'60 puntu eman zizkion, baina bere bigarren olatu onenarekin 1'33 puntu baino ez zituen bildu. Florencek ostera 9'50 eta 7'17 puntuko bi olatu on zituen, baina horrez gain, eta behar ez bazituen ere, 7'00, 7'07 eta 6'57 puntuko beste hiru olatu egin zituen eta olatu bakoitzean, gainera, ikusleen gozamenerako, aireko desberdin bat egiten zuen. Garaipena erabatekoa izan zen.

Florence txapeldun

Portugalgo txapelketa irabazita eta 2016ko WSL zirkuitua amaitzeko txapelketa bakar baten faltan, hawaiiarrak behar zuen puntu kopurua bildu zuen mundu titulua irabazteko. Andy Ironsek 2004. urtean munduko txapela irabazi zuenetik mundu titulua irabazi duen lehen lehiakide hawaiiarra izan da John John Florence. Pipelineko txapelketa egin aurretik eta itzulia amaitu aitzin, Florencek bezala munduko txapela eskuratu zuen azken lehiakidea berriz, Kelly Slater izan zen, 2011n.

Orain, ez dago Florencek bildu duen puntu kopurua gainditu ahal izango duen beste lehiakiderik, beraz, zirkuituko azken txapelketan urtea ahalik eta postu onenean amaitzeko lehian izango dira gainerako TOP 34 lehiakideak.

Kontuan izan behar da, datorren urtean lehen mailan lehiatu ahal izateko lehen 22 postuetan amaitu behar dela urtea. Beste hamabi postuak QS zirkuituan (bigarren mailan) lehen postuak eskuratzen dituzten surflarientzat izango dira.

Beraz, egun bigarren eta hirugarren postuetan dauden Gabriel Medina eta Jordy Smith lehiakideak gehienez bigarren postua eskuratzeko lehiatuko dira Pipelinen. Ranking orokorrean erdiko edo azken postuetan dauden lehiakideentzat, ostera, txapelketa garrantzitsua izango da, lehen 22 postuetan sartzeko eginahal guztiak egingo baitituzte.