GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Waves for Water: Surflariak gizaldeko gerrillari

Olatu bila munduan zehar dabilen surflariari zuzendutako proiektuaren helburua herrialde txiroetan ur garbia izan dezaten bermatzea da. Horretarako ura garbitzeko iragazki bereziak banatu nahi ditu surflarien artean, joaten diren lekuetara iragazkiak eraman ditzaten.


Munduko olatu hoberenetakoak eskaintzen dituen Indonesiako uharteetara abiatu zen Jon Rose surf egitera 2009ko irailean. Surf egitera bakarrik ez, bide batez berak martxan jarri zuen proiektu bateko lehen ekintza egitera ere bazihoan, ura garbitzeko hamar iragazki zeramatzan soinean.

Itsasontzi batean Sumatra uhartera zihoala, kostatik urrun, mugimendu arraro bat sentitu zuen, berak oraindik ez zekien zer zen hura, baina beranduago jakin zuen moduan 7'6 graduko lurrikara bat izan zen. Padang hiriko portuan lur hartu zuenean ikusi zuenak ordea, Roseren bizitza aldatu zuen, hiria guztiz suntsitu zuen lurrikarak eragindako tsunamiak. Mila pertsonatik gora hil eta ehun mila pertsonak etxe eta ondasunak galdu zituzten.

Kaos haren erdian Rosek laguntzeko beharra sentitu zuen eta ospitale inprobisatu bateko erizainengana jo zuen. Arazo nagusia ura zen, edateko baino, gaixoen zauriak garbitu ahal izateko ur garbia behar zuten, eta inguruan milioika ur litro izan arren, ez zuten behar adina ur garbi gutxieneko higiene baldintzak bermatzeko.

Esperientzia hark martxan jarri nahi zuen proiektua ongi bideratua zegoela berretsi zion Rosi. Horrela sortu zuen munduko leku txiroenetan ur garbia eskaintzea helburu duen gobernuz kanpoko erakundea, Waves for Water (olatuak uraren alde).

Erakunde honen eginbeharra ez da edateko ura banatzea, baizik eta ur garbia behar duten lekuetan, berau lortzeko bitartekoak eskaintzea. Eskualde bakoitzeko beharrei erantzuteko irtenbide teknologikoak aurkitu asmoz, ehunka dira erakunde honentzat lan egiten duten boluntarioak.

Egin duten asmakizunen artean garrantzitsuena iragazkiak dira, izan ere, pertsona bakar batek erraz garraia ditzakeen ur iragazkiak dira. Herri oso bati ur garbia eskaini ahal izateko iragazkiak ere badira, baina hauek noski, handiagoak dira, ez dira edonork bidaia batean bere motxilan eramateko modukoak.

Erakunde honek, ur zikina garbi bihurtzeko iragazki eta tresna desberdinak asmatu eta banatzeaz gain, maila desberdinetako proiektuak ditu. Horien artean aurkitzen da Clean Water Couriers (ur garbiaren mezulariak) proiektua. Hurley surf markaren laguntzarekin munduan zehar olatu bila bidaiatzen duten surflariei zuzendutako proiektua da, aipatu iragazkiak munduko leku behartsuenetara eramateko surflariak bitartekari bilakatzen dituena.

Roseren proiektuan surflariek beren hondar alea jar dezakete, azken batean, ideia bere bidaietatik sortu zitzaion surflari honi: «Munduan zehar surf egitera joaten nintzen leku gehienetan urarekin arazoak zituzten. Ideia horrela sortu zen, surf egitera joan naizen leku guztietan lagun dezaket. Egitasmoak sinplea zirudien, egingarria, baina proiektuak dimentsio izugarria hartu zuen, ez da hondamendi bat gertatu den lekuetara mugatzen, baizik eta hondamendia eguneroko ogi duten eremuetara ere zabaltzen da. Gerrilla humanitarioa da».

Surflaria izan edo ez, urarekin arazoak dituzten lekuetara bidaiatu behar duen eta proiektuarekin bat egiten duen edonori dago zuzenduta proiektu hau. Bidaiariak bere kabuz eros ditzake iragazkiak, bakoitzak 50 dolarreko salneurria du. Diru hori ordaintzeko zailtasunak dituenak bere misioan laguntzeko prest dauden pertsona ezagunekin sare bat osa dezake dirua biltzeko.

Behin bidaiaren helmuga zein den zehaztu ostean, lekuko irabazi gabeko elkarte edo antolakundeekin jarri behar da kontaktuan iragazkiak helarazteko, edo behar dituzten lekuetan zuzenean surflariak berak iragazkiak banatzea ere posible da.

Iragazkia erabilgarri bilakatzeko sistema sinplea da, ez da gauza handirik behar. Plastikozko pintura poto huts bat eta labana bat nahikoa dira zulo bat egin eta iragazkia erabilgarri egiteko. Iragazki miragarri honek bost urtez 3 milioi litro ur zikin araztu ditzake.

Proiektuen artean garrantzi handia duen beste egitasmoetako bat herrialde desberdinetako erakunde eta gobernu-agentziekin duten harremanean oinarritzen da. 4X4 for Water da egitasmo horietako bat. Brasilen egin zen egitasmo hau Mitsubishi konpainia ezagunaren laguntzarekin burutzen da. Brasilgo eskualde txiro eta bakartiak zeharkatzen dituen Rally dos Sertoes auto lasterketan gauzatzen da. Lehiaz harago, ura garbitzeko iragazkiak eraman eta berau erabiltzeko hitzaldiak eskaintzen dituzte parte-hartzaileek eremu txiroetan.

2014an antzeko beste egitasmo bat ere egin zuten Brasilen. “Sede de vencer” izena jarri zioten proiektuari eta Neymar da Silva Santos futbolari ezaguna izan zen egitasmoaren bultzatzaile nagusia. 85.000 brasildarri ur garbia eskaini ahal izan zioten proiektu honi esker.

Latinoamerikako herrialde eta eskualde askotan egin dira antzeko proiektuak, maila apalagoan bada ere. Perun esaterako, 2011. urteaz geroztik Vanishing Cultures Foundation erakundearekin elkarlanean herrialde indigenetan ur garbia izateko iragazkiak jarri eta banatzen dituzte.

Momentu puntualetan, hondamendi naturalen ondorioz sortzen diren beharrei erantzuteko ere ekimen desberdinak egin izan ditu Waves for Water erakundeak. Hala nola, Txilen eta Haitin izandako lurrikaren ostean egitasmo desberdinak jarri zituzten martxan. Modu berean, baita Indonesia, Pakistan edo Samoan ere.

Gaur arte 150.000 iragazki banatu ditu Waves for Water erakundeak munduko 27 herrialdetan eta 8 milioi pertsonari ur garbia eskaini die.