Ines Papertek arantza handia kendu du Kyzyl Asker mendian
Luka Lindicekin batera, alpinista alemanak «Lost in China» bidea zabaldu du. 1.200 metro luze da, eta WI5+ eta M6 zailtasunak ditu. Marra hori sortu ahal izateko, Papertek hiru espedizioa behar izan ditu. Egun bateko eskaladan, arin eta azkar jardun du sokadak.
Oro har, Ines Papert alpinista eraginkorra da. Baina, guztiei gertatzen zaien bezala, “etxeko lanen” bat ondo borobiltzea kosta egiten zaio. Eta hori Kyzyil Asker mendian (5.842 m) gertatu zaio. Kirgizistaneko bostmilako horrekin sei urte amesten izan da; hain zuzen ere, irudian ikusten den bezala, izotzezko eta mistoko marra zuzen batekin. Eta amets hori egia bihurtzeko, hiru espedizio eta lau saio behar izan ditu.
Azkena, Luka Lindic esloveniarrarekin egin zuen; irailaren 30etik urriaren 1era. Eta eskalada arin eta azkar batean, sokada horrek “Lost in China” bidea sortu zuen. Jarduera hori bukatu bezain laster, alemanak honakoa adierazi zuen: «Azkenean bete dut nire helburua. Inolako zalantzarik gabe, inoiz egin dudan eskalada ederrenetarikoa izan da. Luka eta biok zabaldu dugun izotzezko eta mistoko marra ederra baino ederragoa da!».
Bestelako datuei dagokienez, aipatu behar da “Lost in China” 1.200 metro luze dela, eta honako zailtasun teknikoak dituela: WI5+ eta M6 (ED, oro har).
Irakurtzen den bezala, Paperti Kyzyl Asker mendiaren hego-ekialdeko aurpegian zuen helburua ixtea kosta egin zaio. 2010ean, bidearen zailtasun gogorrenak gainditu eta gero, gailurretik 200 metrora zela atzera egin behar izan zuen. Hurrengo urtean, bere sokakideek garaierarekin arazoak izan eta ezer gutxi egiteko aukera izan zuen.
Hirugarren espedizioan, berriz, den-dena bikain atera zaio: «Lukarekin eskalada batzuk partekatu ditut, baina izaera horretako jardun batean elkarrekin egon gabeak ginen. Gaitasun eta motibazio izugarria izateaz gain, ondoan izan dudan sokakidea oso atsegina da. Eta uste dut hori ezinbestekoa dela espedizio batek arrakasta izateko».
Aurreratu dugun bezala, bi alpinistok oinarrizko kanpalekutik irailaren 30ean irten ziren: «Goizeko bostetan lehen urratsak egin genituen. Lehendabiziko ehunka metroak gauez eta ensamblean eskalatu genituen. Aurreko saioek erakutsi zidaten arin eta azkar mugitu behar genuela, batez ere egun berean gailurreriara heldu ahal izateko. Eta hori diot eguraldi iragarpenak ez zirelako oso onak. Ekaitz arriskupean geunden».
«Aurten errazago»
Alpinista alemanak onartu du hirugarren espedizio horretan mendian izan dituzten baldintzak askoz ere hobeagoak izan direla: «2010. urtean, eskalatzen ari ginen marra ez zegoen baldintza egokietan; alabaina, lan ederra egin genuen. Azken saioan, berriz, askoz ere hobeagoak izan dira baldintzak. Arazo bakarra bizkar-zakuarekin izan dugu. Bakarra eraman dugu, eta hori sokadaren bigarrenak garraiatu du».
Bestalde, Papertek onartu du aurtengo eskaladan erabat gozatu dutela: «Lukak gailurreriara zeraman izotzezko marra perfektu bat eskalatu zuen. Tarte hori eskalatu ondoren, biok ala biok ados ginen garaiera horretan ez dugula inoiz hain izotz onean eskalatu».
Gauarekin batera, bat-batean, ekaitz batek sokada harrapatu zuen. Gailurreriatik oso gertu zeuden, bi luzera. Eta gaueko hamarretan bibaka antolatzen hasi ziren: «Oso deserosoa eta arriskutsua zen. Eta, gainera, goialdetik elur ‘zaparradak’ jasan genituen. Zalantzarik gabe, gau hotza eta gogorra izan zen».
Biharamunean, lehendabiziko eguzki izpien laguntzarekin, Papert eta Lindicek eskalatzen jarraitu zuten. Azkenengo luzeak gainditu eta gailurreria zeharkatu ondoren, eguerdiko hamabietan sokadak tontorra zapaldu zuen.
Eguraldia okertzen ari zela eta, ez zuten denbora galdu nahi eta zabaldutako bide beretik jaisten hasi ziren. Rapelatzeko makina bat abalakov egin zituzten, eta, mendiaren oinarrira heldu bezain laster, ekaitz bortitz batek bere aurpegi gogorrena erakutsi zien.