Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
GETARIA
Surfa

Sekulako ikuskizuna Orruan egindako Euskal Zirkuituko hirugarren proban

Hodei Collazo eta Garazi Sanchez nagusitu dira Orruan. Lau metroko olatuakhartu zituzten surflariek larunbatean Izuztarrin. Lehiaketa ikusgarria izan da.

Atzo amaitu zen Euskal Surf Zirkuituko txapelketa ikusgarrienetako bat, hain zuzen Getariako Orroaga hondartzan (Orrua) egiten dena. Larunbatean baldintza gogorrak izan ziren eta olatu handietako surflariak gailendu ziren. Lau metroko eskuin olatu indartsuak Izuztarri puntan lehertzen ziren eta lehiakideek nahikoa lan bazuten ur masok nola edo ahala jaitsi eta mendean hartzen.

Ikuskizun politena larunbat arratsaldean izan zen. Ibon Amatrian beteranoak, esaterako, hamarreko olatu bat egin zuen bizkarka eta errepide ertzean txapelketa ikusten ari ziren lagunak zutiarazi zituen. Belaunaldi berriak ere indartsu datoz ordea eta, horrela, Imanol Yeregui zumaiarrak lekuaz duen ezagutza bakarrik ez, Izuztarriko olatu erraldoiak mendean hartzeko sobera talentu ere baduela erakutsi zuen.

Atzo haizea arrotu zen, baina itsasoak behera egin zuen eta bi metroko olatu ederrak izan ziren Orruan. Lehiakideek eskuin olatu ederrak hartu eta mota guztietako ariketak egiteko aukera izan zuten eta aurreko egunean baino lasaiago aritu ahal izan zuten.

Mutilen kategorian Hodei Collazo zarauztarrak irabazi zuen txapela: bere-berea duen estilo garbi eta politarekin marraztu zituen oso ongi ezagutzen dituen Orruako eskuin olatuak. Bere atzetik, bigaren postuan, Imanol Yeregui zumaiarra geratu zen. Hirugarren postua Jatyr Berasaluce Sopelako brasildarrarentzat izan zen, eta laugarren postua, berriz, Kalani Da Silva kanariarrarentzat.

Nesken kategorian aipagarria izan zen txapelketa honetan parte hartu zuten neskek erakutsi zuten maila eta ausardia. Lehia gogorra izan zen, eta, azkenean, Garazi Sanchez algortarrak irabazi zuen txapela. Bigarren Ariane Ochoa izan zen, hau ere bizkaitarra, eta honek ere sekulako maila erakutsi zuen Orruan.

Nesken kategorian hirugarren postua gipuzkoar batentzat izan zen, Ainara Aymat zarauztarrarentzat hain zuzen ere, eta laugarren postua Sara Urresti Sopelako surflari gazteak eskuratu zuen. Nabarmentzekoa da azken lehiakide honen emaitza ere, Urrestik 13 urte baititu eta Orruan izan ziren baldintza zailetan adin horrekin finalera iristeak meritu handia baitu.

Sariei dagokienez aipatzekoa da Euskal Herriko Surf Zirkuitua munduan bakarra dela neska eta mutilei sari berberak ematen. Horrela, irabazleek 800 euro irabazi zituzten, bigarren postuan geratu zirenek 600 euro, hirugarren postuko lehiakideek 400 euro eta laugarren postuan geratu ziren surflariek 300 euroko diru saria irabazi zuten.

Orruako txapelketa Euskal Zirkuituan egon arren, txapelketa berezia da. Aurrez egin diren bi txapelketetan lortutako puntuei esker lehen 48 postuetan ziren lehiakideek bakarrik parte har zezaketen Orruan.

Orain beste txapelketa berezi bat falta da egiteko eta Mundakan izango da. Hori bai, iragazkia estutzen ari da, Orruan rankingeko lehen 48 lehiakideek bakarrik parte hartu ahal izan bazuten, Mundakan soilik lehen 16 lehiakideek parte hartu ahal izango baitute.