Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf

2016. urteko errepasoa: Mugarri berriak gero eta finkoago

Pasa den urteak zenbait bide trinkotu eta berriakzabaltzeko balio izan du. Mundu mailako lehiaketanbelaunaldi aldaketa gauzatu da, neskak indartsu aridira, olatu handietako surfak sekulako gorakada izandu eta bodyboard zaleak lan handia egiten ari dira.

Pasa da urtea eta surf munduan utzi duen lorratza nolakoa izan den begiratzeko une egokia da, mugarriak zeintzuk izan diren kontuan hartuta errazagoa izango baita datorren urtean zeri so egin behar diogun asmatzea.

Belaunaldi zaharragoen agurra

Mundu mailako lehiaketei dagokienez, azpimarragarria izan da beterano esanguratsuen agurra. Taj Burrow edo C.J. Hobgood bezalako lehiakideek, urte luzez lehiatzen aritu ostean adio esateko momentua zela iritzita, noiz eta nola erretiratu erabaki zuten eta haien karrerari amaiera duin bat eman zioten.

Badira belaunaldi bereko beste lehiakide batzuk lehen mailan, baina haiek ere erretiroa prestatzen ari dira. Mick Fanningek, esaterako, ez ditu lehiaketa guztiak egin 2016an eta etorkizunari begira dagoela nabari da. Gauza bera gertatzen da beste lehiakide batzuekin, lehiaketan jarraitzen badute ere, lehiaketaz haragoko proiektuetan murgiltzen hasiak dira.

Beteranoen artean “azken mohikanoa” Kelly Slater da. Garaiezina zirudien surflari estralurtarrari gero eta gehiago kostatzen zaio emaitza onak lortzea, baina hala ere, 2017an lehen mailan lehiatzeko asmoa iragarri du.

Belaunaldi berriekin izen berriak agertzen hasi dira, baina batez ere bi dira gainerako surflariengandik bereizten direnak: Gabriel Medina eta John John Florence. Aurten ere brasildarra eta hawaiiarra izango dira faborito nagusiak.

Neskak indartsu

Pasa berri den urtean agerian geratu den beste gauza bat nesken surfak hartu duen indarra izan da. Maila guztietan nabaritu da hobekuntza, munduko txapelketetatik hasi eta maila apaletaraino.

Lehen mailako txapelketetan Tyler Wright, Carissa Moore eta Courtney Conlogue dira gehien nabarmentzen diren lehiakideak, inoiz ikusi gabeko surfa erakutsi dute, eta horrek, dudarik gabe, maila orokorrean eragin du, haien atzetik datozen surflariak ere bikain ari baitira.

Egun dagoen mailarekin, WCT rankingean postu apalenetan dagoen edozein neskak mundu titulua eskuratu ahal izango luke urte gutxi batzuk lehenago.

Euskal Herrian ere aipagarria da lehiatzen ari diren nesken surfa nola trinkotu den. Beste askoren artean, Garazi Sanchez, Ariane Ochoa edo Leticia Canales surflariak itzelezko maila erakusten ari dira, eta lehiaketetan ere, maila orokorra igotzen ari da.

Aipagarri da baita ere, Gipuzkoako Surf Federazioak bultzatuta sortu zen “Emakumea Surflari” proiektuak izandako arrakasta. Gero eta gehiago dira surf egiten hasi eta beren egunerokoan kirol hau txertatzen duten neskak. Halako ekimenek maila orokorra trinkotzen laguntzen dute.

Mugak gainditzen

2015ean, ustez, olatu handien surfean muga guztiak gainditu ziren, baina oraindik zenbait muga gaindi zitezkeela ikusi zen 2016an. Duela hiru urte, arraun eginaz hartu ezin zitezkeen urautsien zerrenda orain baino luzeagoa zen, izan ere Pe'ahin eta Nazaren egindako txapelketek muga guztiak gainditu dituzte.

Olatu handien munduko itzuliak ikusmin handia sortzen du gaur egun eta duela oso gutxi arte ezezagunak ziren olatu handietako surflarien izenak famatu bilakatzen hasi dira. Halako batean, surflari hauei aitortu zaie zer-nolako prestakuntza, ausardia eta teknika duten.

Babesle handiak modalitate honek sortzen duen ikusminaz ohartu dira eta pixkanaka diru gehiago jartzen hasi dira.

Bodyboarda egonkortzen

Babesleek oso diru gutxi ematen duten arren aurrera egiten ari den itsas kirola bodyboarda da. Traba guztien gainetik mundu mailako APB (World Bodyboard Tour) itzuliak egonkortzea lortu du eta lehiakideen maila ere gorantz doa.

Bodyboardak ez du surfak adina jarraitzaile, horregatik kirol hau maite duten kideek eta kirolariek esfortzu bikoitza egin behar izan dute, eta hain zuzen ere horixe bera da kirol honi nortasun propioa ematen ari zaion eragileetako bat.

Gurean, Zumaia da bodyboardari bultzada emateko zaleak egiten ari diren ahaleginaren adibide garbia. Baliabide gutxirekin Europa mailako txapelketa antolatzen dute, eta aldi berean, mundu mailan lehian ari den Alex Uranga herrikidea sostengatzen dute.

Talde gisa zein maila pertsonalean egiten ari diren lana ordea, bere fruituak ematen ari da, eta agerikoa da kirol honetan ere maila orokorra gorantz egiten ari dela.