J.L.
PILOTA

Gixandutek Buruz Buruko Txapelketan erraz irabazi dio Bielleri

Gixandutek lortu du Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Amaieran 40 eta 25 hartu zuen mendean Bielle.

Emaitzak erakusten duen bezalaxe, Gixandut nagusi izan zen hasieratik bukaerara. Ia lehen kintzetik hartu zuen aurre, eta aldeak egiten joan zen apurka-apurka, azkenean alde nabarmenarekin garaipena lortzeko. Bielle ezkerra da, eta binaka egun dagoen aurrelaririk onenetakoa izan arren, bakarka jokatzeko ezkerra izatea zaila izaten da. Eskuinarekin ez da batere moldatzen, eta Gixandutek uste baino askoz ere norgehiagoka erosoagoa izan zuen. Orain Gixandutek Amuleten aurka jokatuko du urtarrilaren 6an, Arrangoitzen.

Bigarren Mailakoa ere jokatu zen, eta hor Agirrek 40 eta 35 irabazi zion Oltzomendiri, partida lehiatu baten ostean.

 

Gaurkoa

Lehen Mailako bigarren jardunaldia gaur bertan jokatuko da Donibane Garazin, eta bertan Paxkal Ezkurra eta Ximun Lanbert lehiatuko dira. Zalantza asko piztu dituen neurketa da hau, izan ere, Superprestigioan bietako inor ez baita ongi aritu.

Ezkurra beheraka hasita dago, eta ez dirudi gora ateratzeko gai denik, joko aldetik, behintzat ez da oso ongi ikusten. Lanbert, aldiz, arazo pertsonal larri bat gainditu nahian dabil, eta horren eragina izan zuen Superprestigioan. 

Jaialdia 16.00etan hasiko da, eta lehen norgehiagokan Bigarren Mailako partida zen izatekoa, bertan Migeltorena eta Benese ziren neurtzekoak, baina Migeltorenak min hartu du, eta Benesek Monzeren aurka jokatuko du. Neurketa hau lagunartekoa izango da.