GARA
DAKAR RALLYA

Peterhansel, berriz nagusi

Peugeot etxeko gidari beteranoak 13. garaipena lortu du, 7.a autoen mailan.

Stephane Peterhansel (Vesoul, 1965), edo “Monsieur Dakar” ondo irabazitako bere ezizenak dioen moduan, aurten ere azkarrena izan da autoen mailan. Atzo jokatu zen azken etapan Sebastian Loeb izan zen garaile 28 minutu eta 22 segundoko denbora eginez, baina Peterhansel beteranoa (51 urte) 19 segundora iritsi zenez, beretzat izan da azken garaipena. Sailkapen nagusi estuan bigarren izan da Loeb, 5 minutu eta 13 segundora, eta Cyril Despres hirugarren 33:28ra. Hirurak Estatu frantsesean jaioak eta hirurak Peugeot etxeko gidariak, gaur egun Dakarra zer den ongi erakusten duen datua aipatzearren.

«Eskerrak eman nahi dizkiot taldeari, horren auto onak gure esku jartzeagatik eta, batez ere, talde agindurik ez digutelako eman. Joko garbia izan da gure artean, guztiok arma berdinekin egin dugu borroka», eskertu zuen Dakarra 13 aldiz irabazi duen gidariak, 7 autoen mailan.

Sunderland lehen aldiz

Motoen mailan Sam Sunderland KTM etxeko gidari ingelesak lehen aldiz irabazi du Dakarra, 32 ordu, 6 minutu eta 22 segundoko marka ezarriz. Sunderland bosgarren etapa irabazita ipini zen lider, irabazi duen bakarra. Matthias Walkner austriarra izan da bigarren eta Gerard Farres kataluniarra hirugarren, denak KTMkoak.