GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Ospitalek berriro ere ez dio Waltariri inongo aukerarik eman eta finalerdietako ligaxka jokatu ahal izango du


Ospitalek 40-24 hartu zuen mendean atzo Waltari eta finalerdietako ligaxkan izango da bera ere. Han izango ditu aurrez aurre Ducassou, Larralde eta Bilbao.

Ligaxkan sartu diren lau pilotariak 25 urtetik beherakoak dira eta hori oso berri ona da. Ducassouk eta Bilbaok 25na urte dituzte eta Ospitalek eta Larraldek, berriz, 23na.

Inork zalantzarik baldin bazuen, Waltariren urrezko aroa amaitutzat eman daiteke. Atzo Donibane Garazin neurtu ziren bi pilotariak orain dela hilabete ere lehiatu ziren Superprestigioan, eta orduan ere lapurtarra gailendu zen. Atzokoan, ordea, errazago lortu zuen garaipena. 

Kubakoa ez zen gaizki hasi, eta une batez irabaziko zuela ere ematen zuen 7-21 aurreratu zenean, baina dena alde zuenean amaitu zitzaion neurketa. Ospitalek lanean jarraitu zuen, eta 26-2ko partziala sartu zion garaipena lortuz.

Ospital oso pilotari ona da, gustagarria ikusleentzat, eta bera menderatzeko gogor lan egin beharra dago. Une honetan Waltari ez dago horretarako. Bere joak amaitu dira, ez dauka lehen zeukan kolpe hura, eta sakearekin ere behera egin du. Bere garairik onenean ia tantoen erdiak egiten zituen lehen jokaldiarekin, eta orain ez da horretarako gai. Adinak eta izan dituen lesioek ez dute barkatzen. 

Bera eta Ezkurra izan ziren onenak, jaun eta jabe; orain Ducassouk eta Larraldek hartu dute euren lekukoa. Neurketak 48 minutu iraun zuen. Saketik 11 egin zituen Ospitalek, eta bi gutxiago Waltarik. 7-0, 7-7, 11-11, 14-21, 23-23 eta 40-24 izan zen markagailuko mugimendua. Ospitalek jokoan 23 kintze egin zituen, eta 4 galdu. Waltarik 11 egin eta 6 galdu zituen.