FEB. 04 2017 Gizon batek matxetez eraso dio soldadu frantses bati Pariseko Louvre inguruan Gizon batek soldadu bati eraso egin zion atzo goizean Parisen, Louvretik gertu, «Allah akbar» oihukatuz. Beste soldadu batek tiro eginez erantzun eta erasotzailea larri zauritu zuen. Poliziak beste pertsona bat atxilotu zuen, erasoarekin zerikusia duelakoan. GARA PARIS Louvre museoa eta inguruko interesgune turistikoak babesteko bertan zeuden poliziak eta soldaduak izan ziren erasotzailearen jomuga. Goizeko hamarretan Carrousel plazan barrena jaitsi zen Louvre aldera. Aihotzarekin militar bat buruan zauritu zuen eta ondoan zegoen beste soldadu batek bost tiro eginez erantzun zion. Parisko Poliziaren Prefeturaren arabera, «gutxienez arma zuri bat» zeraman erasotzaileak. Bi motxila ere soinean zeramatzan, baina segurtasun indarrek jakinarazi dute bertan ez zegoela lehergairik. Une horretan Louvre eta Orsay museoetan zeuden bisitariak berehala ebakuatu zituzten leku seguru batera, frantses Estatuko hiriburuak azken urteotan jasan dituen eraso jihadista horietako bat izan zitekeelakoan. Metro zerbitzua ere mugatu egin zuten, arrazoi berarengatik. Bernard Cazeneuve lehen ministroak adierazi zuen «itxura guztien arabera eraso terrorista» bat izan zela, eta Bruno Le Roux Barne ministroak Estatuko hego-mendebaldeko Dordoina eskualdea utzi eta hiriburura itzuli zen, gaiari buruzko bilera batean esku hartzeko. Agintariek ez dute argitu erasotzailearen nortasuna. Ezta nongoa zen ere. Georges Pompidou erietxera eraman zuten, segurtasun neurri ikusgarrien artean. Zauritutako militarra, berriz, Clamart herriko Percy ospitale militarrera eraman zuten. Azken urteotan Parisen egin diren eraso jihadisten ondoren ezarritako segurtasun dispositiboan esku hartzen zuen. Beste pertsona bat ere atxilotu zuten, erasoarekin zerikusirik ba ote zuen argitzeko. Erasoa egin zen lekutik gertu zegoen eta agenteei susmagarria iruditu zitzaien. Anne Hidalgo Parisko alkateak segurtasun indarren profesionaltasuna nabarmendu zuen. Agenteekiko elkartasuna adierazi zuen, «oso pertsona arriskutsu bat harrapatzea ahalbidetu duen profesionaltasunarengatik». Gauza bera nabarmendu zuen Hollande presidenteak. Maltan Europar Batasunak egin duen goi bileran esku hartzen ari zen agintaria eta gogorarazi zuen «mehatxuak hor jarraitzen duela eta aurre egin behar diogu. Horregatik mobilizatu ditugu horrenbeste baliabide eta bide berean jarraituko dugu». Museokoak, izututa Louvre museoaren inguruan zebiltzanak izutu egin zituen erasoak. «Tiroak entzun ditugu eta berehala irten gara. Erabat estresatuta gaude eta lagun batzuk negarrez ari dira», esan zion France Presse agentziari Louvreko jatetxe batean lan egiten duen gizon batek. BISITATUENAIaz 7,3 milioi bisitari izan zituen Louvre museoak eta munduko bisitatuena da, nahiz eta 2016an bertara hurbiltzen direnen kopuruak %15 behera egin zuen. Bisitarien %75 atzerritarrak dira.