Esti EZKERRA
Literatur kritikaria

Umorea

Umorearen gaineko gogoetarekin abiarazten du Richard Williams-ek “Like a Loaded Weapon: The Rehnquist Court, Indian Rights, and the Legal History of Racism in America” (Kargatutako arma bezala: Rehnquist epaitegia, indiar eskubideak, eta Estatu Batuetako arrazakeriaren historia legala, 2005). AEBetako lege sistema ulertzeko haren oinarrian dagoen mundu ikuskera ulertzea ezinbestekoa dela esaten digu, umoretik hasita. Umorea ez baita neutrala. Umorea ez da adierazpen askatasun kontua talde baten deshumanizazioa oinarri duenean, gorroto adierazpena baizik. Gaian jantzia da Williams. Etsaiaren rolean ez bada besteen irria sustatzeko rolean agertu ohi da bere jendea. Kirol taldeetako maskota. Inauterietan ume zein helduen mozorro. Zer gertatuko litzateke zurien gainean antzeko jarrera agertuko balute indigenek; ezaugarri batzuk aukeratu eta horren gainean eraikiko balute zurien nortasuna, ahalik eta atzeratuen, barregarrien? Normalean, ordea, talde berberen lepotik egiten dute barre hori egiteko aukera eta boterea dutenek. Baina umorearen bidez gutxietsi egin nahi zaituenari umore klase berarekin erantzuteak ez darama inora. Okerrena da irizpide horien arabera nork bere buruaz barre egiten duenean. “Luke Cage” komikian oinarrituriko telesailean afroamerikar batek Lukeri “nigger” esan eta Lukek zera erantzun dio: nigger baten itxura dudala uste duzu? Badakizu nondik datorren hitza?