Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Kubarik islamiarrena

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan, «Cuban muslims, tropical faith» erakusketa dakar Fnac-era Joan Alvado argazkilariak. Kuba bisitatzen daramatzan bost urteetan, islamera bihurtzen ari den kubatar kopurua hazi egin dela sumatu eta errealitate hau ezagutzera eman nahi izan du; estereotipo bisualak haustea du helburu.

Argazkilari gisa, bisitatzen dituen herrialdeetan ezezagunak zaizkion errealitateak topatu eta horiek gizartearen aurrera ekartzea du xede Joan Alvado alacantarrak. Besteak beste, “The New York Times”, “The Washington Post”, CNN edota igandeetan GARArekin batera argitaratzen den “Zazpika” astekarian argitaratu ditu bere lanak.

Alvado orain bost urte hasi zen Kuba bisitatzen, eta denbora horretan herrialdean islamera bihurtzen ari den kubatar kopuruak gora egiten duela ikusita, errealitate berri hori bere objektiboaren bidez bildu eta Donostiako Fnac-en jarri du ikusgai, Giza Eskubideen Zinemaldiaren jarduera paraleloen barruan.

Alvadok azaldu zuen Kuban islama sartzen 90eko hamarkadan hasi bazen ere azken urteetan uharteak bizi izan dituen aldaketek erlijioan ere izan dutela eraginik eta, datu zehatzik ez badago ere, egun Kuban hiru mila musulman daudela kalkulatzen da. Horiek nagusiki Habanako auzune ezberdinetan bizi badira ere, Camaguey, Santiago eta Varaderon ere aurkitu ditu Alvadok eta, hala, Kubaren ohiko iruditegiarekin zerikusirik ez duen proiektua ekarri du Donostiara. «Ohiko iruditegi horrekin hautsi eta sortzen ari den komunitate honen berri ematea zen asmoa», azaldu zuen argazkilari alacantarrak, horren bidez «identitatea», «fedea» eta «tradizioa» bezalako gaiak zalantzan jarriz.

«Zabalkundea orain bost urte hasi zen. Gehienak beste erlijio batzuetatik datoz edo ateoak ziren, eta horrek komunitatean denetariko jendea egotea eragin du. Gainera, hutsetik hasi dira, hau da, erlijioa ez dute jaiotzetik ezagutu eta horrek une oroko islamaren interpretazioak egitera eramaten ditu», zehaztu zuen. Kuban islama sar dadin ikasle atzerritarrek eragin handia izan dutela ere esan zuen. «Kuban kasu asko egiten zaie atzerritarrei, besteak beste, handik ateratzeko aukera bezala ikusten dituztelako. Hara joan diren ikasle musulmanek euren erlijioa eraman dute, eta kubatar batzuek hartu egin dute. Kuban ez da arraroa erlijioz aldatzea eta herrialdeak azken urteetan izan duen irekitzearen ondotik onarpen handia dago besteen erabakiekiko».

Dokumentala bidean

Badira bost urte Alvadok proiektu hau abiatu zuenetik eta, ibilbidea itxitzat ematera zihoan unean, proiektu honetan oinarritutako dokumentala egiteko proposamena iritsi zaiola ere iragarri zuen. «Badago ekoizteko prest dagoen jendea, baina ikusi behar da ea proposatzen diren baldintzak egokiak diren bizpahiru urteko proiektuan murgiltzeko», esan zuen.