Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

Bi aldiz eroriz gero, hiru bider altxatu

Realaren aurkako berdinketak taldea mindu zuen arren, Marina Agoues zarauztarrak argi dauka Oiartzunek aurrera egingo duela mailari eusteko.

«Ni desapuntatzera noa», esan du Marina Agouesek; txantxetan jakina, jokalari zarauztarra ez baita denboraldiko azken txanpak eskatuko duen ahaleginari uko egiteko gai. Ez Agoues, ez eta Oiartzungo jokalari bakar bat ere. «Talde honen DNAn dago sufritzea eta sufrimenduaren aurrean lana eta kemena bikoiztea».

Horri esker, Oiartzun bizirik heldu da azken-aurreko jardunaldira, oso hilabete gogorrak bizi ondoren. «Iaz txantxetan esaten nien taldekideei: ‘ni desapuntatzera noa’. Zer ez dugu esango aurten –onartu du Agouesek–. Oso gogorra izaten ari da. Astero-astero presio horrekin lan egiteak asko nekatzen du, hustu egiten zaitu azkenean». Eta are gehiago hustuko dituzte hurrengo bi asteburuek. «Horixe da, izan ere, gure asmoa. Hustea, barruan daukagun guzti-guztia ematea; ez dakigu zein izango da azken emaitza baina, guri behintzat, ez zaigu barruan emateko beste ezer geratuko».

Azken bi partida hauei aurre egiteko lehen urratsa burua altxatzea izango da. Ia astero bezala, baina oraingoan are gehiago, Realaren aurkako derbian bi puntuk azken minutuan ihes egin ondoren. «Bi egun pasatu ondoren, hotzean, puntua positibotzat har daiteke. Baina oso minduta amaitu genuen. Batez ere, garaipena eskuan hainbeste minututan eduki ondoren eta hain lan ona egin ondoren azken unean ihes egin zigulako. Baina baita Realaren kontra izan zelako. Biak gipuzkoarrak, hainbeste jokoan egonda... Badakit futbola dela, zelaian lagunik ez dagoela, guztien betebeharra garaipena bilatzea dela..., baina azken minutuetan nola estutu zuten ikustea, bigarren gola nola bilatu zuten... Gogorra egin zitzaigun», aitortu du. Baina buelta eman behar zaio eta «hori ere talde honen muina da. Bi aldiz eroriz gero, hirutan altxatuko gara. Eta horretan gaude».

Aurrean, denboraldiko azken 180 minutuak, Rayoren eta Zaragozaren kontra. Eta beste hiru aurkari, Espanyol, Fundacion Albacete eta Tacuense, oiartzuarren helburu berberarekin. Alde onena, «ez gaudela inoren esku. Gure partidak irabazten baditugu, Lehen Mailan jarraituko dugu». Ezinezkoa da, hala ere, gainontzekoei ez begiratzea. «Lagunei ezetz esaten diet –barre egiten du–, baina buruz dakizkit puntuak, egutegia eta ia emaitza guztiak. Igandean irabazten saiatuko gara, baina amaitzean argi dago emaitza guztiak begiratuko ditugula». Baliteke helburua igandean bertan lortzea, Oiartzunek Rayo eta Tacuensek Albacete gaindituz gero. «Nahiago nuke! Baina azken jardunaldian erabakiko dela uste dut. Eta, gure artean, onerako izango delakoan nago. Ziur nago salbatuko garela».

Astea

Jardunaldia. Igandean jokatuko dituzte euskal taldeek 29. jardunaldiko partidak. Oiartzunek Vallecasen jokatuko du 12.00etan (ETB1), ordu berean Athleticek Zaragozan eta 16.15ean Reala eta Valentzia neurtuko dira Zubietan (Gol). Asteburuko partida garrantzitsuenetarikoa, berriz, larunbatean jokatuko da. Bartzelona eta Atletico Liga erabakitzen saiatuko dira Mini Estadin (17.15).

Entrenatzaileak. Denboraldi amaierak agurrak dakartza. Realak Igor San Miguelen kontratua ez duela luzatuko iragarri du. Eta taldean hamaika denboraldi eman ondoren –lau Liga eta hiru Kopa eskuratuz–, ekainean Bartzelonako aulkia utziko du Xavi Llorensek ere. Leire Bañosek, berriz, kontratua 2019. urtera arte luzatu du Realarekin.

Kopa. Erabakita daude dagoeneko Koparen lehian arituko diren taldeak. Bartzelona, Atletico, Valentzia, Levante, Athletic, UDG, Reala eta Rayo. Kanporaketen zozketa zuzena izango da eta partida guztiak Las Rozasen jokatuko dira: final laurdenak maiatzaren 27 eta 28an eta finalerdia eta finala, hurrengo asteburuan.

Ebakuntza. Denboraldia amaitu da Anne Mugerzarentzat. Igandeko derbian jasotako baloikada gogorraren ondorioz, Oiartzungo kapitainak peronea apurtu zuen. Ebakuntza egin diote eta errehabilitazio prozesuari ekingo dio orain.

Finalerdiak. Nerea Eizagirrek eta Ohiane Hernandezek Europako 17 urtez azpiko Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte Espainiako selekzioarekin. Holandaren kontra jokatuko dute bihar. Bestetik, Espainiako 19 urtez azpiko hautatzaileak Andrea Sierra, Maite Oroz, Ane Azkona eta Damaris Egurrola zuri-gorriak deitu ditu datorren astean entrenatzera.

Txapeldunak. Kopa eta Championseko finalak jokatuko dituen Olympiquek 11. urtez jarraian irabazi du Frantziako Liga. Italian, berriz, lehen aldiz bereganatu du Fiorentinak A Serieko txapelketa. Mexikoko lehen Kopa, azkenik, Pachucak eskuratu du.