MAY. 13 2017 Ikergazte, nazioarteko puntako ikerketaren euskarazko ahotsa Nazioarteko zientzia euskaraz lantzen duen Ikergazte kongresuaren azken egunean irribarretsu daude UEUko antolatzaile zein parte-hartzaileak. Barnetegi batean bezala egon dira hiru egunez Iruñeko NUPen, eta konplizitatea eta giro polita sumatzen da. Ia 200 ikertzaile gazte euskaldun batu dira, diziplina ugaritakoak, ilusioz eta gogoz. Balantzea ezin hobea da. Last update: MAY. 13 2017 - 07:29h Maider IANTZI IRUÑEA Pozez gainezka zeudela aitortu zuen Miren Josu Omaetxebarria Ikergazteren arduradunak, atzo eguerdiko amaiera ekitaldian. Iruñean, NUPeko Sarion, elkartutakoen aurpegiek hori bera erraten zuten. 139 lan jaso dituzte UEUren kongresuan eta horietatik 122 aurkeztu dira. Kasik 200 ikertzaile gazte euskaldunek parte hartu dute, bost arlo elkartuz eta horien artean oreka lortuz: Giza Zientziak eta Artea, Osasun Zientziak, Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, eta Zuzenbidea jorratu dituzte. Euskarazko ikerketaren lagin «oso adierazgarri bat» egon da, Omaetxebarriak adierazi duenez. «Maila zientifikoa ikaragarria izan da, eta euskararen erabilera ere puntakoa. Gainezka eginda gaude: giroa, lekua, eguraldia... Jatekoa ere bai». Ez dago hizkuntza txikirik Bezperako gau mugituaren aztarnak dituzte begizuloetan. Bertso afarian ederki gozatu zuten Uxue Alberdirekin eta Julio Soto Nafarroako txapeldunarekin. Eta, halere, goizeko hamarretarako txintxo-txintxo etorri dira ikasgelara, Elin Haf Gruffyd Jones-en hitzaldira. Ikus-entzunezko komunikazioan aditua da berau, galestarra. Bertako Aberystwyth Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea. Ikerketa konparatuak eta nazioarteko elkarlanak hizkuntza gutxituen ikerketari zer ekarpen egiten ahal dion agertu du. Nazioarteko izaerari euskalduna ere baden begirada bat eman dio, hainbat hizkuntzaren artean, euskaraz ere badakielako. «Orain 27-28 urte egon nintzen lehenengoz Euskal Herrian. Euskara ikasten ari naiz orain dela urte askotik. Galeseko unibertsitatean kurtso batekin hasi nintzen, gero Amezketan barnetegi batean segitu nuen, eta geroztik lagunekin ari naiz ikasten. Zergatik? Galestarra naiz, nire berezko hizkuntza ere gutxitua da. Gure herrian denok ingelesa dakigu. Horregatik ikasi nuen euskara, eta euskara ikasiz hobeto ulertu nuen nire hizkuntzaren egoera». Galdera bat bota du aurrena: «Brexitarekin ingelesak bere nazioarteko eginkizuna galduko du Europan? Txinera, errusiera, arabiera ikasiko ditugu etorkizunean?». Eta jarraian hizkuntza gutxituen testuinguruaren gako batzuk eman ditu, euskara eta ingelesa tartekatuz solasaldian. «Euskaraz ere aurkitu behar dut nire ahotsa». Hizkuntza plan eta politikek hizkuntza handi eta boteretsuen alde egin ohi dutela baieztatu, eta hiztun berriak irabazteaz gain, hizkuntzen atzean dauden balio eta istorioak aintzat hartzea inportantea dela defendatu du. Munduan eta jendartean dugun garrantziaz ohartzea ere bai. «Atzo gauean, zuei begira, neure buruari galdetu nion: badugu gure artean lehen ministrorik? Badugu intelektualik? Nazioarteko pentsalariak izan gaitezke gure hizkuntzarekin». Argitu duenez, ez dago hizkuntza txikirik, hiztun gutxi dituzten hizkuntzak baizik. Ohartarazi du hizkuntza hauetan ikertzean sarri lehen pertsona izan zaitezkeela lan bat egiten, adibidez astrofisikan testuinguru jakin batean terminologia bat erabiltzen. «Hizkuntza ez da txikia, baina zu zara lehenengoa». Horrek ardura handiegia sentitzera eraman dezake bat, baina ikerlariak nabarmendu duenez, bertze hizkuntza komunitate batzuen inspirazio iturri izan gaitezke. «Galesera doan jendeak ideiak hartzen ditu. Oso inportantea da hori, batak bestearekin harremana izatea. Bakoitzak gure hizkuntza dugu, baina badugu zerbait komunean eta hori esploratu behar dugu», egin du gonbidapena. Ahozko aurkezpenak Hitzaldi nagusiaren ondotik, kafe bat eta ahozko aurkezpenak deskubritzera. Xantiana Etchebeste zuberotarrak bere euskalkiko kontsonante dardarkarien (‘r’ eta ‘rr’) bariazio sozio-fonetikoa aztertu du. 13.000 biztanle ditu herrialdeak, 35 herri. %52 euskaldunak dira, eta horietatik %65ek 60 urte baino gehiago dituzte. «Bi ikastola eta bi eskola elebidunekin, berpizten ari dela erran genezake». «Dardarkariak laster aldatzen ari dira. Nire aitatxik eta nik ezberdin egiten dugu». Horregatik hautatu du gai hau. 30 hiztun inkestatu ditu: 10 zahar, 9 heldu eta 11 gazte. 17 emazteak eta 13 gizonak. 22k euskara etxean jaso dute eta 8k eskolan. 13k lana euskaraz egiten dute, 17k erdaraz. 12 Euskal Herritik kanpo joan dira eta 18 sekula. 130 hitzekin dardarkariak testuinguru ezberdinetan ikertuz, adinaren eragina egiaztatu du: «Zaharrek desberdin egiten dute. Bat bada modernoa, baina bakarra da», adierazi du irriz. Ahozko hizkuntzatik hizkuntza espazial eta bisualera igaro gara Ainhoa Moiuarekin. «Entzuleok zeinu hizkuntza ikasteak arduratzen gaitu. Ikuspegi testual batetik aztertzea egoki ikusten dugu, eta gero emaitzak irakaskuntzara eramatea», esplikatu du. «Hizkuntza modalitateen artean alderaketak egin ditugu, 36 sukaldeko errezeta aztertuz». Alde batetik interpretagaiak grabatu dituzte eta bertzetik gorrak, biak errezeta berak ematen. Ondorioa honakoa da: «Ez ditugu gauzak era berean esaten entzuleek eta gorrek. Gorrak gauzak egin egiten ditu, ez ditu esaten. Letxuga garbitu behar denean garbitu egiten du. Sukaldari paperean sartzen da. Interpretagaiak urratsak azaltzen ditu». Arte Ederren garrantzia «Gero eta ugariagoak dira ikerketa izaera duten arte proiektuak. Baina hauen lekua zalantzazkoa da eremu akademikoan», adierazi du Olaia Mirandak. Horregatik ekarri nahi izan du artean egindako ikerketa bat –eta ez arteari buruzkoaz–. Ibon Aranberriren “Luz de Lemoniz”. «Arte Ederretatik nator, oso-oso urduri. Lehen aldia dut kongresu batean», aurkeztu du bere burua Igor Rezolak. Hagitz aurkezpen berezia egin du, artelan baten bideoaren gainean testu bat irakurriz, irudien eta ahotsaren erritmoak batuz. Azaldu duenez, industrializazioan, produkzio katean langilearen sormenak ez zuen tokirik eta bere benetako bizitza lantegitik kanpo hasten zen. Langile menpeko alienatuaren alternatiba artista bohemioa zen. Prekaritatean bazen ere, bere jardueraren bidez espresatzen zen. Autoerrealizazioaren ideiak posible ematen zuen. Bizitza eta lana banaezinak ziren. Lan eredu berriak jarri dira martxan, eta industrializazioarekin ukatuak ziren ezaugarriak dira orain plusbalioa sortzen dutenak. «Beraz, artista neoliberalismoaren langile eredugarri bihurtu da. (...) Lantokiek artistaren estudioarekin antzekotasun nabarmena dute. Festa bera ere lantokira eraman da, lanean hasi aurretik motibatzeko». «Langilea lanean gustura dagoenean inplikazioa eta bertan denbora gehiago pasatzeko aukera handitzen da eta, horrekin, produktibitatea –ohartarazi du–. Bizitzaren jabe den arren, ez da bizi. Autoesplotatzen amaitzen du». Tomateak espero arren, harrera ezin hobea izan du Rezolaren proposamenak. «Hau ere ikerketa da. Bada inspiragarria beste esparruetatik gatozenontzat», komentatu diote. Sari-banaketa ekitaldi beroan, jada hurrengo ikertzaileen bila Ikergazte borobiltzeko, sariak banatu dituzte. Beroa izan da ekitaldia. Honakoak dira saritu nagusiak: Garazi Arrula (Giza Zientziak eta Artea); Aratz Ramirez de la Piscina (Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea); Amaiur Esnaola eta Ania Ibarguren (Zientzia Zehatzetan eta Natur Zientzietan bi sari eman dituzte); Olatz Goñi (Osasun Zientziak); Jaione Etxebarria (Ingeniaritza eta Arkitektura) eta Patricia Maraña (Udalbiltzaren sari berezia). Posterrei dagokienez, honakoak hautatu dituzte: Begoña Altuna (Giza Zientziak); Haritz Iribas (Ingeniaritza); Beñat Garaio (Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea); Nagore Elu (Zientziak eta Natur Zientziak); eta Gotzone Hervas (Osasun Zientziak). Iñaki Alegriak hunkituta eman ditu izenak. Kontatu du duela bi urtetik dela UEUko zuzendari eta pozarren dagoela bere helburuetako bat, Ikergazte, lortuta ikusita. Hurrengo kongresurako ekarpenak bidaltzeko, inguruko “ikergazteak” animatzeko eta, «zuen egoera ekonomikoak ahalbidetzen duenean, bazkide egiteko» deia egin die gazteei. NUPekin «lankidetza interesgarria» izan dutela nabarmendu du. Nafarroako Gobernua, Euskarabidea, Iruñeko Udala eta Udalbiltza ere izan dituzte bidelagun. Miren Josu Omaetxebarria kongresuaren arduradunak hizlari gonbidatuak, tailer eta solasaldietan egon diren irakasleak, batzorde zientifikoa, batzorde dinamizatzailea eta UEUko lantaldea eskertu ditu.M. I. LEHENA IZATEA Elin Haf Gruffyd Jones-ek dioenez, hizkuntza gutxitu batean ikertzean, maiz gertatzen da lan bat egiten lehena izatea, adibidez terminologia bat erabiltzen testuinguru jakin batean. «Inspirazio iturri gara beste komunitateentzat» ELKARRIZKETAK Kafearen uneak, pasilloetako joan-etorriak, otorduak... Ez dira hitzaldi eta aurkezpenak baino garrantzi txikiagokoak. Elkarrizketak eta galderak sortu dira ikertzaileen artean, eta seguru proiektu berrien haziak erein direla.