Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Amari maitasun aitortza eginez itxi du zikloa Alaine Agirrek

Ez autobiografia, ez autofikzioa eta ezta autolangutza ere. «Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama» ororen gainetik eleberria dela aldarrikatu du Alaine Agirre idazleak, «eta nobela gisa irakurtzea nahiko nuke». Familia egiturak eta, bereziki, amarekiko maitasuna ditu aztergai.

“Odol mamituak” (2014) eta “X hil da” (2016) argitaratu ondoren, ziklo bat ixtera datorren eleberria da “Bitan erditu zinen nitaz, ama”. «Ez dakit trilogia bat osatzen duten, baina nik ziklo baten amaieratzat jotzen dut behintzat», azaldu zuen Alaine Agirrek berak, osasun arazoak medio liburuaren aurkezpenera etorri ezin zela-eta prentsarako osatu zuen idatzian. Bertan zehazten du liburua familiari buruzko nobela bat dela eta, bereziki, «neure amarentzako maitasun-mezua»: «Amari idazten diot batez ere, berak lagundu zidalako neure depresioaldi gogor, sakon eta luze batetik irteten. Hortik titulua ere: ‘Bi aldiz erditu zinen nitaz’, bigarren hori ere erditze bat bezain mingarria izan zelako amarentzat, eta alabarentzat».

Eleberrian, gaixotasun mentala duen “A” narratzaileak eta honen amak duten harremana deskribatzen du Agirrek, hiru atal edo zatitan banatuta: lehenean, pertsonaia nagusiak eta egoera aurkezten ditu «erreprotxe tonua» erabilita, «narratzaileak kontuak eskatuko balizkie bezala bere familiako kideei, bere gaixotasuna dela-eta: zuek hau egin zenidaten, zuen erruz gertatu zait hori eta bestea». Bigarrenean, tonu horretatik urrundu, hirugarren pertsonan idatzi eta ikuspegi objektiboagoa ematen ahalegindu da Agirre, eta, hirugarren atalean, nahaste egoera horretatik irteten narratzaileari amak nola laguntzen dion azaleratuko dio irakurleari. «Erresumin hori lausotuz doa, ‘ulertu’ egiten ditu familiako kideak, eta ulertze horretatik dator onartzea, barkatzea, maitatzea», zehaztu du.

Familiaz hitz egiten duenean, neurri handi batean «idealizaziotik» ari dela ere onartu du bermeotarrak, idaztean, berak ere, ulertu eta barkatzeko behar hori sentitu duela aitortzeaz batera: «Idazleok, sarritan, beharrizan batetik idazten dugu. Baina, behin idazlana amaituta, argitaratu aurretik ere, zarratu egiten dugu orrialde hori, gainditu egiten dugu lehengo egoera animikoa eta beste fase batera igarotzen gara. Antzeko zerbait gertatu zait niri ere».

Autobiografiaren garrantzia

«Orain dela gutxi poema-liburu bat kaleratu nuen, psikiatriko bateko egonaldi bat kontatzen duena. Hura gogoan hartuta, liburu honek ere autobiografikotik zer ote duen galdetu dezake baten batek. Ba, segun nondik begiratzen zaion, asko edo gutxi. Inportanteena ez da nire bizitzatik zer aprobetxatzen dudan idazteko, idazle guztiok egiten dugun gauza, bestalde; baizik eta nola erabili dudan material hori, zelan eraiki dudan nobela», nabarmendu du idazle bermeotarrak, eta liburuan kontatzen direnek bere bizipenetik zenbat duten «anekdota bat» besterik ez dela zehaztu du, testuak, Agirreren hitzetan, irakurlearen eskuetara iristen denean hartzen duelako benetako zentzua: «Irakurle horrek ez dio erreparatuko idazlearen bizitzari, baizik eta bere buruari, eta liburuko gaiek eta istorioek berataz, irakurleaz, zer esaten duten, zer esaten dioten, horixe da benetan inportanteena. Aurreko liburuan [“X hil da”] nire poetika definitzeko esan nuen bezala, ‘nitaz idaztea zutaz idazteko nire modua da’».

Idazteko nahiaz eta beharraz

Alaine Agirrek Joseba Jaka Sariaren iazko edizioan gailenduta plazaratu du Elkar etxearekin argitaratu duen “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”. «Aurkeztu zuenean, autobiografia familiarra izango zela esan zuen, lotura familiarrek sortutako korapiloez eta horiek askatzeko moduez hitz egingo zuena», azaldu zuen Elkarreko editore Antxiñe Mendizabalek. Agirrek aurrez argitaratutako eleberriak hizpide, “Odol mamituak”-en «emozionalki biluzteko duen talentua eta ausardia» eta “X hil da”-n «sentimendu epelak gorroto dituen pertsona» dela erakutsi ondoren, azken eleberri honetan «maitasun aitortza» egin nahi izan duela nabarmendu zuen. «Zergatik idatziz? Idazlea delako eta beste era batera egiten ez dakitelako; literaturak balio du norbere barnea antolatzeko», zehaztu zuen. A.A.