Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Irudien indarraren mugak arakatuko dituzte Tabakalerako zinema mintegian

«Zer egin dezake irudi batek?» esaldia baliatu zuen Pierre Zaoui filosofoak Eric Baudelaire-ren obrari aipamen egiteko eta, hain zuzen, galdera horri tiraka osatu du Tabakalerak II. Nazioarteko Zinema Mintegia. Zazpi sortzailek eta hogeita hamar pertsona inguruk osatutako lantaldeak filmak ikusi eta horien gaineko hausnarketa egingo dute eta, iluntzeetan, proiekzio irekiak izango dira Tabakalerako Zineman bertan, ostiraletik igandera bitartean.

Ikus-entzunezko lengoaiaren eta praktika artistiko bisual garaikideen arteko gurutzaketa egiteko helburuz sortu zuten iaz Tabakalerako I. Nazioarteko Zinema Mintegia eta lehen esperientzia «arrakastatsua» izan zela ebatzita, formatua errepikatzea erabaki dute, Tabakalerako kultur zuzendari Ane Rodriguezek azaldu zuenez.

Aurten ere udako erakusketari lotuta joango da ekimena eta, hala, orain bi aste Tabakaleran inauguratu zuten Eric Baudelaire-ren “Ramón Raquello eta bere orkestraren musika” izango da zinemaren gaineko gogoeta hori sustatzeko bideetako bat. Baita mintegiaren nortasunaren muina ere: Baudelaireren obrari aipamen egiteko Pierre Zaoui filosofoak erabili zuen “Zer egin dezake irudi batek?” galdera izango da mintegiari izena emango diona. Izan ere, Baudelairek irudiak testuingurutik bereizi eta berez izan dezaketen indarraren gaineko gogoeta egiten du bere obran.

Erakusketa eta Zaouiren itauna abiapuntutzat hartuta, bihar hasi eta igandera bitartean nazioarteko zazpi sortzaile bilduko dira Donostian hogeita hamar pertsonako lantaldearekin batera –izena emateko epea amaitu bada ere, oraindik bada lekurik– irudiek «narratiba politiko eta historikoekin duten harreman konplexuaren inguruan» gogoeta egiteko. Aipatu Baudelairez gainera, Naeem Mohaiemen, Maria Palacios Cruz, Belit Sag, Susana de Sousa Dias eta Akram Zaatari izango dira autore protagonistak, Aily Nash-ek gidatuta. Izan ere, Nash izan da, Tabakalerak gonbidatuta, mintegia atondu duena. New Yorkeko Film Festival-eko arte pelikula eta bideoei eskainitako “Projections” sailaren komisariokidea da Nash, 2017ko Whitney Bienaleko aholkularia ere bada eta Rotterdameko zinema jaialdiko film laburren programaz ere arduratzen da. «Formatu berezia erabiliko dugu lanerako; film asko ikusiko ditugu, baina inork ez du jakingo ze film emango den, ezta zein ordenatan ere. Horrek artisten lanean sakontzeko aukera emango digu», azaldu zuen Nashek.

Proiekzio irekiak

Mintegi itxia bada ere, proiekzio irekiak izango dira, Tabakalerako zineman, gerturatu nahi duen orori irekiak. Ostiralean Aily Nash, Maria Palacios Cruz eta Belit Sag izango dira aurkezpen lanak egiten (Dzigha Vertov, Lawrence Abu Hamdan eta Belit Sag-en lanak emango dituzte); larunbatean Nameem Mohainemen eta Akram Zaatariren lanak ikusiko dira; eta, igandean, Susana de Souda Dias-en “Luz Obscura” (2017) filma izango da proiekzioak itxiko dituena. Saio guztiak 20.00etan hasiko dira, Tabakalerako zinema-aretoan.