Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Egiako mirariak

Orain badakit, lekurik xelebreenetan gertatzen dira mirariak. Adibidez, Bukowskiren itzalean. Idazle biziozale eta irreberenteenak konpondu nahiko balitu bezala, jaungoiko malapartaturen batek Lekornen eragindako kalteak. Bai, miraria, musikariak gai gara elkartu eta gure kabuz horrelako elkartasun-ekitaldi ederrak antolatzeko.

Hainbat gauzaren alde eta kontra, hamaika lekutan kantatu ondoren. Gehiegitan, antolatzaile “jatorrengandik” tratu txarrak jaso ondoren, zer gozoa den horrela, espanturik gabe, aritzea. Lagunartean, bakoitzak berea eginez, lehen, bigarren eta hirugarren mailako oholtzarik gabe, proselitismorik gabe, erritual handirik gabe, itxurakeria handirik gabe, natural eta –barka hitza erabiltzea– “zintzo”. Postureorik gabeko gozamena izan zen, bai musikariontzat bai bertan bildu zen edonorentzat.

Uste dut irakaspen bat baino gehiago utzi zuela igandekoak. Jaialdi handi baten zorigaiztoak ehun jaialdi txiki eragingo ditu, ez al da tamainaren gaineko metafora ederra? Bestalde, musikariok gai gara geure kabuz, tartean eragile estra-musikalik gabe (instituzio, mugimendu politiko...), gauzak antolatu eta egiteko. Helburuak geuk aukeratu, geuk antolatu, geuk bideratu... (managerrik ba al zen igandean Bukowskin?). Hori posible da, eta hauxe da ederrena, badagoelako elkar erraz ulertzen duen musikari/teknikari/antolatzaile/langile sorta bat, eta pentsatu baino itzal handiagoa lortzen dugu elkartzen garenean. Neu, behintzat, gogoz geratu naiz. Noizko hurrengoa?