Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Koldobika Jauregi: «Esplikatu ezin den %1 horrek egiten du artea arte izatea»

Sua da Koldobika Jauregik Donostiako Ekain arte galeriarako osatu duen erakusketako piezak josten dituen elementua. Sutan forjatutako burdinek behinolako burdinolak ekartzen dituzte gogora eta, suzko bola, eguzkia irudikatzen dute piezetariko askok daramaten urre koloreko diskoek. Suak zartatzetik gertu ibili dira, baita ere, Alkizako Ur Maratik hartu dituen harriak. Sinbolismoa darien obrak dira, barne eta kanpo munduetarako ateak.

«Obra guztia nahiko bero dago», agurtu gaitu Koldobika Jauregik Ekain arte galerian. Bero, proiektuari forma ematen orain urtebete hasi bazen ere azken asteetan lan mardula egin behar izan duelako «eta oraindik tartea behar dut obraren gaineko irakurketa egiteko».

Berotik joan da baita ere sortze prozesua. Izan ere, harria eta batez ere burdina forjatua baliatu ditu piezak osatzeko. «Niretzat interesanteena burdina forjatua dagoela da, ez dagoela moztu eta soldatuta; saiatu gara loturak tradizioaren, betiko ofizio horren arabera egiten», azaldu du, horretarako bidelagun tailerra Asteasun duen Juantxo Garmendia errementaria izan duela zehazteaz batera.

Burniak bere obran nahi izan duena baino presentzia gutxiago izan duela ere nabarmendu du. Ekonomiagatik, batetik. Artetik burdinari heltzeko erabili den moldea “hotza” egiten zaiolako, bestetik. «Burdin xaflak moztearena deskubritu zenean, hoztasuna eman zitzaion. Hormigoia bezala. Inork ez du adorerik izan burdina behar bezala lantzeko, non eta burdin tradizio handiko herria izan garenean, Bizkaiko meategiekin, Gipuzkoako burdinolak... Hango sua. Su hori da alkimiaren basea, materialak alda edo transmuta ditzakeena. Burdina lantzean ikusten duzu suaren gorria, magia hori».

Orotara, hamabost pieza inguru bildu ditu Ekainen. Batzuk burdina soilik erabilita osatuta, beste batzuk harriarekin uztartuta. Baina ez edozein harri: Alkizan, etxe aldamenean duen Ur Mara aire libreko erakuslekuan berritze lanak egiten ari dira eta handik hautatu ditu harriak. «Orain arte Markina edo Debakoak erabili ditut, baina harriek badute bizitza propioa, zerbait kontatzen dute. Harrobitik harriak azukre koxkorrak bailiran datoz, eta sentsazioa duzu, burdinarekin bezala, hotzak direla». Hala ere, harri horiek lantzeko proba dezente egin dituztela nabarmendu du, «sua harriarekin kontrakoa delako; zartatu egiten du eta piezak lotzean kontuan hartu behar izan dugu», nabarmendu du.

Gehiegizko kontzeptualizazioa

Suaren sinbolismoa agerikoa da piezetan, baina badaude figuraziora hurbiltzen diren piezak ere, giza itxurakoak, eskailerak (bi punturen arteko komunikazioa), ahuntz oinatzak (transhumantzia/bidaia) edota zerumugaren errepresentazioak: «Mundu sinboliko batera garamatzate, eta mundu horrek hitz egin dezake nitaz, baina generikoki. Denok egon gaitezke hor, mundu horretan, eta hori da niri interesatzen zaidana: obra ikustean pertsona ez atzerritar sentitzea». Hala, berak sortze prozesuan barruan gertatzen den horri jartzen dio arreta, barne sistemei: «Niri norbere buruaren bilaketa hori interesatzen zait, garapen horrek nora eramaten zaituen, eta bide horretan gauza batzuk dira oso ondo pentsatuak eta besteak intuitiboak, hasi eta utzi, jolas bat bezala. Nire kasuan, marrazketan baino collagean dute oinarria: pieza bat hartu, bota, kendu, utzi... mantxak hasten dira mugitzen eta hizkuntza propio bat sortzen da erlazio horretatik. Horregatik, artean esplikatu daitekeena da %99a; proportzioak, materialen dentsitateak eta abar azal litezke, baina esplikatu ezin daitekeen %1 horrek egiten du artea arte izatea».

Zentzu horretan, egun arte plastikoan gehiegizko kontzeptualizaziora jo dela uste du. «Gehiegi hitz egiten da. Hitza arte bihurtzen ari gara eta hori arazo bat da, zeren mahaia zer den denen artean adostu dugu baina ehun pertsonak mahaia marraztuz gero ere ez lirateke bi berdin egongo. Horregatik, hitzak ezin dio irudimenari gaina hartu arte plastikoetan, irudiak askoz indar gehiago du».

Erakusketak gaur zabalduko ditu ateak, 19.30ean egingo den inaugurazioarekin, eta irailaren 9ra bitartean egongo da ikusgai Ekain galerian (Iñigo kalea, 4). Gaurtik aurrera ikusgai egongo diren obrek burdina eta harria izango dituzte oinarri baina, «hemendik hilabete ingurura», erakusketak bestelako itxura hartuko duela ere aurreratu du Jauregik: «Bigarren zati modukoa izango du erakusketak eta egurrak presentzia gehiago izango du. Egur piezak burdinarekin, gabe... denetik».