GARA Euskal Herriko egunkaria
Binakako Txapelketa

Hirugarren jardunaldia gaur hasiko da Arrigorriagan


Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldia gaur hasiko da Arrigorriagako Udal Pilotalekuan, Urrutikoetxea-Aretxabaleta eta Elezkano II.a-Rezusta bikoteen arteko neurketarekin. Jaialdia 17.00etan hasiko da, ETBk eskainiko du zuzenean, eta partida nagusiko protagonista, norgehiagoka hasi arte behintzat, Andoni Aretxabaleta atzelari markinarra izango da.

Pilotari bizkaitarra Ladis Galarzaren ordez sartuko da txapelketan. Baraibarkoak igandean hartu zuen min Zierbenan, Victor eta Albisuren aurkako partida hasi eta gutxira. Ezker oineko hatz lodian bihurritua egin zuen eta neurketa bertan behera gelditu zen. Antza denez, ez da larria, baina pare bat aste beharko ditu kantxetara itzultzeko eta tarte horretan Aretxabaletak hartuko du bere lekua, Urrutikoetxearekin bikote erabat bizkaitarra osatuz.

Baina berrikuntzak alde batera utzita, bikote horrek garaipena behar du, batez ere bi jardunaldi pasatuta oraindik punturik ez duelako batu eta hirugarren porrot batek sailkapena oso zail ipiniko liekeelako.

Danel Elezkano eta Beñat Rezustaren kasuan premia ez da horren larria, garaipen bat badutelako, baina aurreko astean galtzetik datoz eta ziur berriz ere garaipenaren bidera itzultzeko gogoz irtengo direla Sopelako pilotalekuan.