GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Bidea bide, txoria txori


Berriro ere hasi naiz prentsan «urtzaro» hitza ikusten, harremanetan izoztuta zegoenaren desizoztea adierazte aldera. Oraingoan Koreatik dator notizia, Ipar eta Hego haiek mahaiaren bueltan jesarri ei baitira urte luzeen lubaki gainean zubirik egin ote den ikusteko. Horretarako ingeniariak ez dira faltako, teknologia hutsaren ikuspegi hutsetik inportanteena zubiaren diseinua bera baita, lubakiko alde bien artean izan daitezkeen hartu-eman berriak baino gehiago. Bai, Iparra eta Hegoa nonahi, mapamunditik honantzago. Edozein espaziok du iparra eta du hegoa, geografian jarraitua den hori eguneroko soziopolitikan sarritan etena dena: zentroa eta periferia, erabakia eta kudeaketa, agintea eta agindua...

Tira, harira! Koreak nonahi, edonon, euskal lurretan ere, gurean ipar-hegoaz gain ekialde-mendebala ere badela, mapari erreparatuta. Puntu kardinal guztiak dira gure gaurko puzzle-mapa politikoan, norakoen arabera urtzaroa oso diferentea izan arren. Hortaz, ekialde-mendebalekoan klimax politiko berriak harremanen izotza urtzen laguntzen badu ere ipar-hegokoan urrutiko klimak dirau, non bere bidea dela, kasurako, presoen espazioan.

Ibilbide-mapa baten beharra aipatzen da aspalditik, euskal lurren arteko hartu-emanak horizontalean uztartuz joateko, baina egun hauetan prentsan ikusi dudan mapa bakarra da senideek asteroko joan-etorrian ibili behar dituzten errepideena, bidearen zama adierazten duten kilometroek maparen krudela zenbatzen dutela.

Atzo, euskal hiriburu batean 0 kilometro aldarrikatu genuen senideen senideok, berriro ere, urtero egin bezalaxe. Baina hori tristeena, urteroko martxa izan behar izatea! Iparrorratza iraultzen segitu behar dugu, norabide guztiak seinalatu ditzan aldi berean. Bideak bide, zubiak zubi, txoriak txori. Ez Dok Amairu gogoan!