J.L.
Aizkora

Jauregik Zumarragan egingo duen marka saiakera ez da ofiziala izango

Arkaitz Jauregik astelehenean Zumarragako Antion marka saiakera egin egingo du 17.30ean, baina ez da ofiziala izango. Bertan, arabarrak kanako enborra ebaki eta Izazpiko gurutzera igo eta jaitsi egin beharko du. Marka hori Elorriagak dauka; hain zuzen, 56 minutu eta 38 segundoan egin zuen zumarragarrak.

«Udaletxeak garbi zeukan marka ofiziala izan zedin baldintza batzuk bete behar zirela, eta kasu honetan ez dira bete. Euri asko egin du, eta mendia erabat lokaztuta dago, eta enborra bilatzeko ere zailtasun handiak izan dira arazo beragatik», dio Jauregik.

Hala ere, arabarrak saioa egin egingo du. «Nik nire lana egingo dut eta saiatuko naiz marka ona egiten, nahiz eta ez den ofiziala izango», berretsi du. Eta berak garbi dauka, marka hori ofizialki ere ahalik eta azkarren egin nahi duela. «Baldintzak hobetzen direnean, nik marka saiakera hau ofizialki egin nahi dut eta horixe bera adierazi diot Zumarragako Udalari. Astelehenekoak niretzat izango du balioa, baina benetakoa ere egin nahi dut», gaineratu du kirolari arabarrak.