Jon LEUNDA
Berezkoak

Larraldek eta Iturbek, aurreikuspenak betez, finalerdiak jokatuko dituzte

Ez zen ezusterik izan eta Larraldek eta Iturbek eskuratu zuten Binakako Txapelketako Lehen Mailako finalerdiak jokatzeko jokoan zegoen azkeneko txartela. Elgartek eta Cubiatek, berriz, Bigarren Mailan jarraitu beharko dute.

Larraldek partida baino lehen esana zuen garaipena lortu ahal izateko lan asko eta ongi egin beharko zutela, eta horrelaxe izan zen, 40 eta 31 irabazi baitzuten. Larralde izan zen ezberdintasunak markatu zituena. Berak gainerakoei koska handia ateratzen die, eta hori agerian geratu zen.

Elgartek eta Cubiatek galtzeko oso gutxi zeukaten, eta hori ere nabaritu zen partidan zehar, lasai jokatu baitzuten, eta une batzuetan faboritoak ere ongi estutu zituzten. Finalerdietan Larraldek eta Iturbek Etxegarairen eta Bilbaoren aurka jokatu beharko dute, eta beste finalerdian, berriz, Waltari eta Gixandut Intxausperen eta Ducassouren aurka arituko dira.