MAY. 05 2018 Aizkora Urrezko lehiaketa bere unerik beroenean sartuko da Zaldua, Otaegi, Larretxea eta Kañamares gaur Getarian lehiatuko dira, eta biharberriz, Otaño, Larrañaga, Jauregi eta Mujika ikusi ahal izango dira Urrestillan. Jon LEUNDA Buruz Buruko Urrezko Aizkora bere unerik onenean sartzera doa; finaleko data gerturatzen ari da, eta emozioa ere gero eta handiagoa da. Asteburu honetan bi saio izango dira. Gaur arratsaldean Getarian izango da, eta bihar, berriz, Urrestillan. Joseba Otaegi, Donato Larretxea, Julen Kañamares eta Xabier Zaldua izango dira lehian arituko diren aizkolariak. Azken honek Julen Alberdi ordezkatuko du, ezin izango baitu lehian aritu. Azkoitiarrari ebakuntza egin berri diote eskuan, eta ondorioz haren lekua hartuko du Zalduak. Aizkolari bakoitzak lau lan ezberdin egin beharko ditu, eta denbora guztiak batu eta onena duenak lortuko du hurrengo fasean sartzeko txartela. Otaegirentzat lehiaketa honetako lehen saioa izango da, baina gainerakoek jadanik jokatzeko parada izan dute, eta kanporaketa bat gutxienez gaindituta datoz. Hurrengo saioa, berriz, bihar bertan izango da, eta Urrestillako pilotalekuan jokatuko da, 12.30ean hasita. Hemen ere lau aizkolari izango dira lanean jardun beharko dutenak, eta horko bi onenek lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Arkaitz Jauregi eta Jexuxmari Mujika izango dira lehian aritu beharko duten aizkolariak. Hemen ere, Getarian bezalaxe, lau lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta bi denborarik onena dutenek aurrera egin ahal izango dute. Binakako Urrezko harri-jasotzaileen deman, bi saio jokatuko dira asteburu honetan, eta biak aizkolariekin batera izango dira. Gaur, Getarian, Izeta IV.a eta Urruzuno izango dira lanean jardun beharko duten bi harri-jasotzaileak. Aurrena, bikoteko batek 163 kiloko zilindro zaharra jaso beharko du hiru minutuko txanda bakar batean. Ondoren, bikoteko besteak 113ko kubikoa hiru minutuko beste txanda batean, eta azkenik 100 kiloko bola erabiliko dute lau minutuko txandan. Urrestillako saioan, berriz, bi bikote izango dira lanean jardun beharko dutenak. Alde batetik, Aimar Galarragak eta Xabier Aranburuk osatutako bikoteak lehiatu beharko du, eta bestetik, Beñat Telleriak eta Iban Ugartemendiak.