GARA
BILBO

Forma artistiko berrien bilgune

Bilboko Alondegiak Prototipoak, Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa antolatu du maiatzaren 31tik ekainaren 3ra bitarte. Tokiko eta nazioarteko artistek ekarritako lanek Bilbo eraldaketa espazio bilakatuko dute; horren erakusle, hirian zehar garatuko diren hainbat ekimen batuko ditu topaketak. Robotikari buruzko erakusketa bat ere egongo da ikusgai irailaren 16ra bitarte. Pertsona eta elkarte desberdinen elkarlanean garatuko da Prototipoak.

Bilboko Alondegiak Prototipoak, Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa aurkeztu du. Nazioarteko topaketa horrek formatu artistiko berriak hurbildu nahi ditu herritarrengana elkarlanean egiten diren proiektuen bidez. Nazioarteko topaketa pertsona eta elkarte desberdinen arteko elkarlanari esker garatuko da.

Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Nekane Alonsok eta Alondegiko zuzendari Fernando Perezek atzo goizean aurkeztu zuten programa hedabideen aurrean. Topaketaren bidez sorkuntza garaikideko forma berriak bultzatu nahi dituzte, gaur egun sorkuntzan aritzen diren agenteei hitza eskainiz eta herritarrei ere parte hartzeko bide emanez.

Prototipoak Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketak jarraipena eta hedapena ematen dio 2013 eta 2015 artean Bilbon izandako “3, 2, 1, Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa” programan egindako lanari. Esperientziak aurrera egin zuen 2016an, orduan izan baitzen lehen Prototipoak topaketa, nazioarteko eta tokiko bokazioa duten ikusleen eta artisten arteko harremanei bide emateko ekosistemaren eredu gisa.

2018ko edizioko komisarioak Rosa Casado eta Mike Brookes izan dira, eta topaketa maiatzaren 31tik ekainaren 3ra gauzatuko da hiriburuko hainbat tokitan. Gainera, robotikari buruzko erakusketa bat ere egongo da ikusgai Alondegian, maiatzaren 31tik irailaren 16ra bitarte.

Tokia erdiko elementu gisa

Topaketa honek arlo sozialaren natura, performatibitatea eta ugaritasuna ikertu nahi ditu artearen bitartez. Hori dela eta, “lekua” izango da proiektuaren osagai nagusia, hau da, egunero egiten dugunaren bidez, gizakien eta gizakiak ez direnen arteko eragin trukeen eta harremanen bidez eraikitzen den errealitatea. “Lekua”-k galderak egingo ditu elkarrekin bizitzeko baldintza saihestezinari buruz.

Alondegiko programazio ildoarekin jarraituz, Prototipoak egitasmoak hirian garatuko diren bertako eta nazioarteko zenbait artistaren hamar proiektu garatuko ditu bertako komunitate desberdinekin elkarlanean. Performanceak, instalazioak, egoitzak edota tailerrak bide izanik, Prototipoak egitasmoak hizkuntza garaikideak eta artisten eta publikoaren arteko topaketa bultzatzen ditu.

Proiektu horiek Bilboko eta Alondegiko zenbait gune kolpatuko dituzte: kaleak, plazak, ile apaindegi bat, irrati set bat, Arabako Lasierra herriaren eta Arrikibar plazaren arteko ibilbidea... Proposamen bitxiak dira, dudan jartzen dutenak zer egiten dugun, zer pentsatzen dugun, zer dakigun.

Robotika erakusketa

“...eta egiten ditugun gauzak” erakusketa irailaren 16ra bitarte egongo da ikusgai Alondegiko erakusketa aretoan. Erakusketa pieza interaktiboz osatuta egongo da. Pieza horiek, erakusketak irauten duen denboran, etengabe elkarren artean eta inguruko pertsonekin erreakzionatuko dute. Proiektu horrek robotika sozialaren egitasmo garaikideak lantzen ditu. Baita “multimedia artea” eta “gizakia eta makina” binomioa lotzen dituen hainbat diseinu ere.

Alondegian jarriko den erakusketak bi fase izango ditu. Alde batetik, Vanessa Lorenzo eta Miryam Rzm bertako artistek erakusketa gelako gelaurrean egoitza proiektu bat garatuko dute. Eta, bestetik, erakusketak Paul Granjon eta Jonathan Garciak zuzendutako tailer batzuk ere bilduko ditu. Tailer horiek parte hartzaileak gonbidatzen dituzte nahi ez ditugun makinen funtzionamendua, aukerak eta inpaktua hobeto ezagutzeko asmoz.