MAY. 26 2018 Aizkora Urrezko Buruz Buruko final handian izateko azkeneko txartela izango da jokoan Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza neurtuko dira 12.30ean hasiko den saioan.Irabazlea azkeneko ekinaldian izango da Vicenterekin eta Larrañagarekin. Jon LEUNDA Finala jokatu aurretiko azkeneko saioa izango da Urrezko Aizkoran; Galdakaon jokatuko da gaur, 12.30ean. Bertan Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza lehiatuko dira. Hemen ez dago beste aukerarik, garaipena lortzen duenak lortuko du finala jokatzeko txartela. Galtzen duenak etxerako bidea hartu beharko du. Beste bi finalerdietan biak bigarren geratu ziren, baina gaur ez daukate hutsik egiteko aukerarik. Bizkaitarra da azken urte hauetako txapelduna, eta bera izango da azkeneko saio horretara igarotzeko faborito nagusia. Mikel Larrañaga eta Iker Vicente azkeneko ekinaldi horretarako sailkatuta daude dagoeneko. Harri-jasotzea Harri-jasotzen ere azkeneko jardunaldia jokatuko da, eta oso zail izango dute Jokin Eizmendik eta Jon Gisasolak finala jokatzeko txartela eskuratzea. Une honetan sailkatuta daude Albizu eta Peñagarikano, eta marka oso ona lortuta bigarren postuan daude Illarramendi eta Lopetegi. Azken hauek daukaten marka ondu beharra dauka gaurko bikoak azkeneko ekinaldi horretan egon ahal izateko. Bi saio jokatu behar izan ditu bikote bakoitzak, eta hau dute bigarrena eta azkena. Eizmendik eta Gisasolak une honetan 8.868 kilo dauzkate jasoak, eta gaur finala jokatzeko txartela eskuratu ahal izateko 9.879 kilo jaso beharra daukate, aurreko saioan baino 1.000 kilo gehiago. Hori lortu ezean, Lopetegi eta Illarramendi izango dira finalean. Eizmendi arituko da 163 kiloko zilindro zaharrarekin hiru minutuan. Ondoren, Zelai handiaren semea arituko da 113ko kubikoarekin beste hiru minutuan, eta azkenik 100 kiloko bolarekin aritu beharko dute.