GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Txapeldunen Ligako finala, gaur Basaurin


Gaur eguerdiko 12.00etan jokatuko da Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako finala Basauriko San Fausto plazan. Eta partaideak, finalera iritsi direnak, goi mailako hiru aizkolari: Iker Vicente nafarra, Aitzol Atutxa bizkaitarra eta Mikel Larrañaga gipuzkoarra.

Ikusmin handia sortu du hiru hauen arteko lehiak, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finala gainean dela zer mailatan aurkitzen diren jakin gura nabaria sumatzen delako zaletuen artean.

Gaurkoan, sei molde desberdinetan jardun beharko dute: kolpeka, erlojuaren aurka, enborrak zutik ebakitzen, azkartasunezko proban, egurrak zutik eta etzanda bietara jarrita eta amaierako iraupeneko lana.

Eta aizkolarien neurketak berebiziko arreta sortu badu ere, ez izango Basaurin izango den ikuskizun bakarra, Bizkaiko bikote mixtoen Trontza Txapelketa ere bertan jokatuko baita.

Zazpi bikote izango dira neurtuko direnak: Bartitze Ispizua eta Santi Zubizarreta –une honetan sailkapenean aurrena daudenak–. Usue Ansorregi eta Mikel Agirre –bigarrenak–, Enara Menoio eta Kepa Arozena, Iraide Gezuraga eta Xalba Erleaga, Garazi Arruti eta Joseba Legarreta, Pilar Rodrigez eta Xabat Erleaga, eta Miranda Joumot eta Unai Ardeo.

Andrakako probak

Herenegun amaitu ziren Andrakasen kintopeko idi demak eta bertan Ipinarrietaren uztarriak jaso zituen mantak 65 untze eta 3 metro eginaz. Bigarren Orioko Oliden izan zen 65 untze justuak eginaz. Guztira hamabi uztarrik parte hartu dute.