NOV. 05 2018 Aizkora Euskal Herriko 2. mailako txapelduna Jesus Mari Mujika da GARA Atzo jokatu zen Iurretan Euskal Herriko 2. mailako aizkolarien finala, Jesus Mari Mujika Ibarrakoa garaile izan zelarik. Bigarren Luis Txapartegi izan zen, eta heldu den urtean Mujikarekin batera Lehen Mailan ariko da. Ikusle gehiegirik ez, nabarmentzekoa Iruñean izan zen finaleko seikotetik bakar bat ere ez zela agertu. Hortaz, batzuk ohartu ziren eta laudozko hitzik ez zuten esan. Iurretan jokatu zen final honetan egurrak noble xamarrak ziren, baina barruan, gibelean, adarrak, ‘adarjotzaileak’, ugari azaldu ziren. Lopezek aizkora zartatu zuen eta diru galeraz gain denbora galtzea ere jasan zuen, eta aizkolarientzat aski neke eta buruhauste ere bai. Egin beharreko lana, Iruñean lehen mailakoek izan zuten erdia, hots kana-erdikoak, 60 ontzakoak eta oinbikoak, bakoitzetik bina. Gatozen ba sailkapena ematera eta aizkolari bakoitzak aipatu lanean egin zuen denbora ematera. Irabazlea, Jesus Mari Mujika Ibarrakoa izan zen, eta bere denbora, 20:43. Bigarren, Luis Txapartegi zestoarra izan zen eta bere marka, 21:37. Hirugarren, Aratz Mugerza mutrikuarra (22:28). Laugarren, Joxean Etxeberria nafarra (22:30). Bosgarren izan zen Juan Jose Lopez Lezaungoa (22:46), eta azken, Arkaitza Jauregi arabarra (23:36). Urrezko Aizkora Larunbat arratsaldean, Mallabiko pilotalekuan jokatu zen Urrezko Aizkolarien Kopako ekitaldi berri bat, eta bertan, Julen Alberdi Txikia azkoitiarra izan zen onena hamar kana-erdiko partitzen, 28:24 behar izan zuelarik. Haren aurkariak, Ruben Saralegi leitzarrak, 33:34ko denbora behar izan zuen lan berdinean. Horrela ba, Txikiak finalerako urrats bat gehiago egin zuen Mallabian. Aizkolariekin batera, harri jasotzen Gabonetako txapelketako jardunaldi berria jokatu zen eta partaideak Jon Gisasola Zelai V.a eta Mateo Coloma izan ziren. Hiru harri pisu berdinekoak, 100 kilokoak, baina eite desberdinekoak erabili zituzten. Zilindro zaharra 30 aldiz leporatu zuen Zelai V.ak. Berdin egin zuen Colomok. Segidan 100 kiloko kubikoari Zelaik 17 jasoaldi eman zizkion, eta Colomok 12, eta azkenik 100 kiloko biribilari Zelaik 22 jasoaldi eta Colomok ere berdin. Guztira, Jon Gisasolak 67 leporatze balekoak eta Mateo Colomok, 62. Gabonetako txapelketako hurrengo ekitaldia Elgetan izango da, azaroaren 10ean.