Ohe hutsen azpiko munstroak
Benetako poesia maite dut; benetakoa diot, baina egiazkoa ere esan nezake, hots, originala. Niretzat, behintzat, nonbait kokatzekotan, nahi eta ezinaren mugan lerratzen den poesia da benetakoa; olerkigintza zinezko horretan aurkitzen dut nire burua. Norbere buru monologikoa, hau da, ni-a eta gu-a etengabe darabiltza Izaskun Graciak (Bilbo, 1977) bere azken obran: “Ohe hutsetan”. Definitu beharko banu, bizkaitarrarena erantzunen bila hasten duzun baina, behin bukatuta, galderak ernatzen dizkizun lana dela adieraziko nuke. Norberaren errealitateaz mintzo zaigu idazlea, barne-galdera zein hustasunaz, iraganera itzuli ezinaz, orainaldiak errepresentatzen duen zuloaz edo etorkizunerako esperantzarik ezaz. Kontu potoloak, inondik inora.
Alabaina, gai poetiko horiek erakusten duten konplexutasuna egituren nahiz estiloaren xumetasunarekin orekatzen du Graciak; bestela esanda, nolabaiteko austeritate poetikoa darabil ezintasun pertsonala zein soziala azaleratzeko. Sinpletasun horretan, halaber, neurri laburrak, artifizio poetikoen ausentzia eta pentsamenduen gailentzea dira protagonistak. Beharbada, horixe izan liteke egilearen armarik zorrotzena, hau da, hornidura eta artifizio gabezia; hain zuzen ere, baliabide estilistikoen urritasunak irakurlea olerkien sakontasun garratzean murgiltzera darama, alegia, materiari erreparatzean dio, itxurari barik. Idazleak berak lanean zehar aipatu legez, sarritan berbarik eza guztiz beharrezkoa da: “Amaieran / hitzik eza geratuko da / zure urrunaldia aitortzen duen / oroimeneko huts bete ezina”.
Iragana, atzean geratuagatik, etengabeko mintzagai du Graciak: hamaikatxo olerkitan, izan ere, betiko joandako iragan idealizatu batekin elkarrizketan dabilela dirudi, denboraren hermetikotasun zurruna puskatuz. Iraganean egiteke geratutakoak –tamalez edo zorionez– liburu osoan zehar hizpide dira. Liburu honen balarik ziurrena, nire aburuz, ezintasuna islatzeko ahalmena da –poesiaren berebiziko ezaugarria izan behar litzatekeena, bidenabar–: subjektu poetikoa aurkitzeko zailtasunek edo iruditegi esanguratsua eratzeko arazoek autorea guztiz biluzik irakurtzeko parada ematen digute, inongo tapaki edo iragazkirik gabe. Bere pentsamendua lan honetako gailurra da eta, egidazue kasu, pentsamenduan ere, bada poesiarik.
Aitzitik, olerki bakoitza gorpuzkin automonoa bailitzan ikertu beharko banu, pentsamendu-ale gisa irudikatuko nuke, pentsamendua dakarren pentsamendua. Lanaren hasieran «ohe» hitza definitzen da, besteak beste, mundutik ihes egiteaz gain, bestelako mundu batera heltzeko gordeleku gisa bataiatuz; nire iritziz, olerkiotako bakoitza ohe txiki bat da, joandakoa itzuliko ez dela, bizi duguna bihar historia banala izango dela eta datorrena oraindik etortzeke dagoela irakasten digun ohe bat. Eta, jakina, oheak ohe dira, hau da, ez buruki, ez logela: oheak baino ez. Hori dela-eta, lan honetan ez dut uste faltan edo soberan dagoen testurik topa litekeenik: neurriz laburrak dira, noski; espazioz murritzak dira, prefosta; baina, dena dela, bakoitzak bere lekua eta bizia ditu. Biziaz gain, gogoeta ez-amaituak iradokitzen dituzte haietako orok, eta gogoeta ez-amaituen segidak nolabaiteko arrazoiketa jarraitu bat sortzen du obra osoan zehar.
Gai “nagusi” bat azpimarratzekotan, hori identitatea dela esango nuke –distantziaz, amodiorik ezaz edo bakardadeaz hornituta–. Tematikaz gain, lana ez da denbora nahiz leku zehatz batean jorratzen, ez die puntuazio-ikurrei erantzuten eta ez dago gehiegizko erreferentzia kultural edo literariorik; horrek guztiak ematen dion kutsu abstraktuak identitate sendo batez janzten du Graciaren lana. Abstraktutasun horretan, hain zuzen, mundu ezegonkor bat, mundu ilun bat, mundu zail bat, zalantzazko mundu bat ageri zaigu; mundu horren ezintasunari atxikita, baina, hari aurre egiteko lanabesak oparitzen dizkigu egileak: berbak. Oro har, mundu zaharraren eta berriaren artean bizi diren munstro txikiak dira poemok, ohe hutsen azpian gordetzen direnen parekoak, gutxi gorabehera.