Idoia ERASO
BAIONA

Durangoko Azokan egonen diren argitalpenen %10 Ipar Euskal Herritik dator

Idazleak, kantariak, ekoizleak... bildu ziren atzo Baionako Euskal Museoan Durangoko Azokara eramanen dituzten obrak aurkeztera. Bizkaiko hitzorduan iparraldeko hiru lurraldeetako 48 lan aurkeztuko dira.

Ipar Euskal Herriko lanak bilduko dituzten bederatzi erakusmahai egonen dira, elkarren ondoan. Duela 12 urte Gerediaga elkarteak Euskal Kultur Erakundearekin batera abiatutako elkarlanaren bitartez Bidasoaren iparraldeko produkzioen ikusgarritasuna handitu nahi izan da.

Lanen artean, 27 liburuak izanen dira eta 20 diskoak. Horiekin batera, urtero bezala, Seaskak egiten duen egutegia ere salgai izanen da. 2019a ikastolen federazioaren 50. urtemuga izanen denez, bertan agertuko diren argazkiak momentu historikoetakoak izanen dira.

Liburuak eta diskoak

Erreferentea den Maiatz argitaletxeak bost liburu eta literatura aldizkari historikoa eramanen ditu azokara. Marikita Tambourinek bizitza guztian zehar idatzitako “Olerki bilduma” eta “14-18 oroituz” lanak dira berrienak. Azken honetan Lehen Mundu Gerran lapurtar batek etxera igorri postalak atzeman daitezke.

Zortziko argitaletxeak hiru obra eramanen ditu, Joseba Aurkenerena Barandiaranen “Euskal Herria beti!” besteak beste. Amaia Hennebutten “Mamaiako” izanen da ZTKren obretako bat. Begiraleak argitalpenak, elkarteko aldizkaria eta Janbattitt Dirassarrek bildutako 100 lekukotasun aurkeztuko ditu.

IKAS pedagogia zerbitzuak haur literaturako bost lan aurkeztuko ditu, denak euskarara itzuliak. Hatsa elkarteak 2018ko poesia bilduma aurkeztuko du, eta Gatuzainek “ZAD bizi dutenen ahotik”, Iñaki Etxeleku Thikoipek idatzia. Sü Hazia elkartearen eskutik Jean Mixel Bedaxagarren “Aitzina pika” ikerketa lana eskuratzen ahalko da. Xerar Urrutiaren “Gure Lurra” Migelenia argitalpenen eskutik helduko da. Elkar argitaletxearen lanen artean Itxaro Borda eta Severine Dabadieren “Poema bat da herri hau” ikusiko da.

Diskoei dagokienez, Agorilak du kopuru handiena, Gorka Robles Aranguizen “Azken hatza” eta Naia Robles Aranguizen “Musik’Haria” besteak beste. Kalakan taldearen Saroia diskoetxeak, hirukotearen azken argitalpenekin batera Berçaits anaien “Anai” aurkeztuko du. Belarri ekoizpen etxearen eskutik helduko da Maddi Zubeldia & H-edenen “Zumurrak baleki”. ZTKren obren artean “Mairu dantza” nabarmendu daiteke. Azpimarratzekoa ere, Mattin Lerrisaren bigarren obra: “Gazte naiz gazte”.