Maider IANTZI

ARRAS BAZTAN, ERAGILE EZBERDINEK BATERA ONGI LAN EGITEKO ERA BAT

Arras Baztan marka izaera ezberdinetako eragileen elkarlanaren emaitza da. Bailarako nortasunarekin bat datorren tokiko garapen sozioekonomiko bat bideratzea du xede eta Udala, Cederna Garalur, Elizondoko Lanbide Eskola, Baztango Artisauak, Baztango Zaporeak, Bertan Baztan, Prest Zerbitzu Turistikoen Elkartea eta Apopilo Alojamenduen Elkartea biltzen ditu.

Lan egiteko eta funtzionatzeko modu on bat da Arras Baztan, Maxux Goñi Otxandorena Apopilo Elkarteko lehendakariaren iritziz. Hori da bere asmoa eta jendeak hala ikustea nahiko luke. «Epe luzerako ari gara eta hain izaera ezberdineko taldeak gara... Bakoitzak lehentasuna du bere negozioarekin eta ez dugu sortu nahi beteko ez dugun espektatibarik», erantsi du Joseba Otondo Bikondoa Baztango alkateak. Orduan, poliki-poliki doaz. Eurentzat berria da eta Euskal Herrian ere gisa honetako proiektu bakarrenetakoa da.

Udala da bultzatzailea. Hainbat inspirazio iturri ditu, baina azkena UEUk nazio markagintzari buruz antolatu zuen ikastaro bat izan zen. «Nazio markagintza bailarako identitate eraketara eta marka kontzeptura itzuli dugu guk. Esperimentu bat da gure buruarekin etengabe egiten ari garena».

Marka erabili ahal izateko konpromiso gutun bat sortzea dute erronka, eta horretarako Val de Drômera (Estatu frantsesa) joanen dira Biovallée proiektua ezagutzera. «Beren konpromiso karta giza garapen iraunkorrean oinarritzen den landa garapen proiektu batena da eta konpromiso pila jasotzen du, modu mailakatu batean betetzen joateko eta urte batzuen buruan, eragileak atxikitzen diren neurrian, lortu izanen dute sekulako aitzin pausoa». Biovalléek 2002an hasi zuen bidea; Arras Baztan abiapuntuan dago, baina ez dago bakarrik, baditu bidelagunak.

Baztan landa ingurune bat da funtsean eta sozioekonomikoki hori autonomo tasa handian adierazten da: %48. Muturreko landa eremuetan, Pirinio aldean bezala, %75 izaten ahal dira eta hirietan eta bailara industrialetan, %15. «Nahiz eta gainbeheran heldu den eta zahartua den, Baztanek oraino badu lehen sektore bat eta populazio aktiboaren %6 horretan ari da. Horrek kultura eta nortasun berezi bat ekarri du, paisaia jakin bat, eta horren arrimuan landa turismo bat garatu da. Baztanek kanpora begira duen ospea ere hor dugu».

Elementu horiek guztiak kontuan hartuz, etorkizunera begira ibil daitekeen proiektu sozioekonomiko bat landu nahi izan dute. Alderdi eratzaile bat ere izan du markak: «Orain artio arlo ezberdinetako autonomo aunitz barreiatuak bazeuden, markaren arrimuan pittanaka eremu horiek guziak antolatu ditugu. Adibidez, markaren arrimuan sortu dira Apopilo eta Prest. Baliagarria izan da Baztango eremu ekonomikoa antolatzeko, nahiz eta oraino ez dauden guziak».

Apopilo eta Baztango Zaporeak

Denera ehun ostataleku turistiko izanen dira Baztanen, baina Goñik dioenez gutti dira horretatik bizi direnak (aunitzek bertze lan baten osagarri gisa dute). Orain arte ez zeuden elkarte batean antolatuak. «Apopilo elkartean 19 sartu gara oraingoz, ez gara aunitz, baina gaudenok Baztan aukeratu dugu bizi eta lan egiteko, eta argi dugu bertako sektore desberdinen elkarlana behar dugula aitzinera segitzeko. Orain alojamendu gehienak betetzen dira, modan gaudelako, baina ez dakit horrek zenbat iraunen duen. Nik segitu nahi dut honetaz bizitzen».

Elkartean egoteko baldintza batzuk bete behar dira, tartean Baztan-Bidasoko udalek sortutako Jasangarritasun Sarearen parte izatea eta birziklatzea. «Hiri handietatik etortzen diren aunitz gure alojamenduetan ari dira birziklatzen ikasten eta gustatzen zaie. Gauzak ongi egiten erakusten ari gara».

Ahal den neurrian, hemengo enpresekin lan egitea da bertze eskaera bat. «Baztanek zer du polita? Landa eremu bat da, baina landa eremu bizi bat. Orduan, paisaia ederra da jendeak nekazaritzan egiten duelako lan eta ingurua zaintzen duelako. Hemen jendea bizi da, orduan komertzioa ere badugu. Dena lotua dago eta hori da nahi duguna».

Baztango Zaporeak Arras Baztan marka baino lehentxeago sortu zen. Zuzenean kontsumitzailearengana ailegatzeko produktuak egitea hartu zuten etorkizuneko bide gisa. «Ez hainbeste produzitzea, baizik eta produzitzen den hori guk geuk merkaturatzea, salmenta zuzenaren bidez edo komertzio txiki, jatetxe edo landetxeen bidez. Hurbiltasuna bilatuz», adierazi du Mikel Alzuart Zaldain elkarteko lehendakariak eta arrautza ekologikoen ekoizleak.

«Hirietan kontzientzia hartzen ari dira hurbileko produktuak kontsumitzeko eta horrek ekartzen digu guri ere hausnartu eta urrats batzuk ematea. Adibidez, hemengo eskoletako jangela guztiak sartuko balira bertako produktuak kontsumitzera, bertako ekoizleak ez gaude prestatuak eskaera hori hornitzeko».

Labrit Ondarekoekin sortu dute marka, mendi berde eta zeru morearekin kontrastea erakusten duena. Zer du Baztanek berezia? Alzuarten arabera, emigrazio handia: «Hego Amerikara, Erdialdeko Amerikara, geroago Ipar Amerikara... Agian baztandar gehiago dago Baztandik kanpo bertan baino! Baztango genetika aztertuz, Europako populazio zaharrenetatik eratorriak izaten ahal garela ere erraten dute. Hainbertze urtetan lur batean bizi den populazio batek lurrarekin atxikimendu eta lotura bat sortzen du. Folklore bat ere badugu, eta euskara bat. Hori baliatu nahi dugu saltzeko, baina ez nik arrautzak eta Maxuxek gela bat, baizik eta saltzeko gure geroa eraiki behar dugula».

Aurkezpen bat egina dute marka ezagutarazteko, baina ez dute horretan segitu, «lehenbiziko lana gauzak ongi definitzea» delako. Ez dute uste honek marka komertzial bat izan beharko lukeenik, nahiz eta adierazpide komertzial bat ere izan lezakeen.