GARA
BILBO

Arenzanak, Jauregik eta «Arakis»-ek jasoko dituzte Gure Artea sariak

Gure Artea sariak arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Euskal Herrian ematen diren garrantzitsuenak dira, eta Miren Arenzanak («Ibilbide artistikoaren aitortza»), Sahatsa Jauregik («Sorkuntza lanaren aitortza») eta Xabier Arakistain «Arakis»-ek («Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lanaren aitortza») jasoko dituzte aurten. Sariak irailean Gasteizko Artium museoan egingo den ekitaldian jasoko dituzte.

“Ibilbide artistikoaren aitortza” Gure Artea saria Miren Arenzana Letamendi artista bilbotarrak jasoko du. Gure Artea sarietako epaimahaiak bere erabakian adierazi duenez, Arenzanaren lana «erreferentzia garrantzitsua da ondoko belaunaldientzat». Arenzanak bere sorkuntzan genero ikuspegia txertatzeko egin duen apustua nabarmentzen du epaimahaiak atzo publiko egin zuen ebazpenean, eta gogora ekartzen du eskultore bilbotarrak bere obretan beste esparru eta diziplina batzuetako erreferentziak erabili izan dituela, adibidez, diseinua eta arkitektura. «Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, bere produkzioa industriako materialen (plastikoak, gomak, metakrilatoak) eta eskulangintzako beste batzuen (bordatuak) inguruko ikerketa izateagatik definitzen da, baita eskulturaren praktika esanahi eta berrikuntza formaleko beste esparru batzuetara zabaltzen duten objektuak birziklatzeagatik ere», azaldu zuen.

Arenzanaren lanak azken urteetan bizi izan duen bilakaera ere azpimarratu zuen epaimahaiak: «Artistaren jarduera gero eta soilago bihurtu da, gu mugitzen eta bizi garen espazioa definitzeko, espazio hori galeriarena edo etxeko espazio batena den kontuan hartu gabe. Arkitekturarekin jokoak, argia eta kolorea modu askotara inbrikatzen dira bere azken proposamenetan».

Sorkuntza lanari saria

“Sorkuntza lanaren aitortza” Gure Artea saria Sahatsa Jauregi Azkaraterentzat izango da, «eskulturari eta artxiboari loturiko lan bat garatzeagatik eta herri kulturaren forma ezberdinen analisi sakonean oinarritutako erreferentzia aukera itzela osatu duelako horretarako».

Epaimahaiak bere ekoizpen zabala nabarmendu zuen. Haren hitzetan, etengabeko elkarlaneko sareetan eragileak eta praktikak lotzen dituen Euskal Herriko artearen kartografia batean Jauregiren jarduera garrantzitsua bada ere, «artista gisa produzitzen duena bere belaunaldiko ekarpen azpimarragarrienetakoen artean dago. Azken urteetan eraiki duen formen eta irudien katalogo zabalak, hainbat testuingurutan eta euskarritan erakutsia, berau inguratzen duena modu berezi eta zehatz batean erregistratzen duen bildumagile artatsu bati buruz hitz egiten du».

Arte plastikoa

Bere aldetik, Xabier Arakistain Arakis “Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lanaren aitortza” modalitatean sarituko dute. Erakusketa komisario gisa izan duen ibilbidea azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, non «emakumezko eta gizonezko artistak berdintasunez tratatu eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berraztertu baitituen».

Besteak beste, “Transexual Express” (Bilbaoarte, 1999), “Transexual Express” Rosa Martinezekin batera (Bartzelona, 2001), “Kiss Kiss Bang Bang” (Bilboko Arte Ederren Museoa, 2007), “Guerrilla Girls” (Azkuna Zentroa, 2013), “Why Not Judy Chicago?” (Azkuna Zentroa, 2015) eta “Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak” (Azkuna Zentroa 2017) aipatu zituzten.

Arakistain 2001etik 2003ra Bilbaoarteko erakusketa programaren arduraduna eta 2006tik 2011ra Gasteizko Montehermoso Kulturuneko zuzendaria izan zela ere hartu dute kontuan: «Montehermoson, kudeaketa eredu feminista zuen arte eta pentsamendu garaikideko kultur gune berritzaile bat sustatu zuen, emakumeen paritatea bermatuz programa guztietan».

Azkenik, hitzaldi ugari eman dituela azpimarratu zuten, hala nola Londresko Tate Modern, Royal College of Art eta UCL aretoetan; Vienako MAKen; Parisko EHESSen; Berlingo 8. Bienalean; New Yorkeko Brooklyn Museum eta New Museum aretoetan; Boston College zentroan; Costa Ricako Unibertsitatean; Txileko Santiagoko Arte Ederren Museoan; Mexiko Hiriko MUACen edota Madrilgo MNCARSen.