JUL. 08 2019 P Kasik perfekzioa joz, atzemanezin dabil Altuna Aspekoak ez du inolako hutsunerik agertu Artola on baten aurka eta bere lehen txapela lortu du Labriten Jon ORMAZABAL ALTUNA III.A 22 ARTOLA 13 Aurreko bi finaletan kale egin ostean, Jokin Altunak bere egungo joko bolada izugarria baliatu du falta zitzaion garaikur bakarretako bat, sanferminetako kaiolakoa, eskuratzeko, Iñaki Artolari nagusitasun osoz irabazita. Laineza hartuta dabil aspaldion amezketarra eta, maila honetan arituta, beste pilotarientzat atzemanezina dirudi gipuzkoarrak. San Juan egunean bete zituen bost urte profesionaletan Aspekoak eta 23 urte bakarrik dituen arren, ikaragarrizko maila hartu du. Buruz Buruko fianlerdietatik at, aspaldiko partez burua eta gorputza freskatzeko eta entrenatzeko aukera izan du amezketarrak eta inoizko Altunarik freskoenaren aurrean egon gaitezke. Pilota bizi irteten zaio bi eskuetatik, aurkaria kantxan mugiarazteko gai da, defentsan zulorik ez du eta fisikoki ere inoren inbidiarik ez du. Iñaki Artola ere bolada izugarrian heldu zen atzoko finalera bere enpresako txapeldun guztiak kanporatu ostean; hala ere, bazekien aukerak izateko txapelketako partidarik onena egin behar zuela bere lagunaren aurka eta, gauza batzuk oso ondo egin arren –sakeak ateratzen eta erantzuten aurrerapauso handia eman du– ez zen nahikoa izan. “Baina”-ren bat jartzekotan, izan zituen aukera apurretan ez zuen behar beste asmatu tantoa amaitzen eta hori, gaurko Altunaren aurka, gehitxo da. Izan ere, profesionaletan elkarren aurka aritu zirenean fisikoki indartsuago izateak balio izan bazion ere, egungo Jokin Altuna horretan ere edonoren aurka lehiatzeko gai da.