GARA Euskal Herriko egunkaria
PIRINIOAK

Ip-eko anfiteatroak jaso ditu sorkuntza-lanenaldarrikapenak

Alberto Fernandezek, Ruben Sanmartinek, Iñaki Arakistainek, Joseba Larrañagak eta Mikel Zabalzak mistoko zein izotzezko bost bide berri zabaldu dituzte bisita gutxi jasotzen dituzten bi ipar paretatan.


Ia gehienek Pirinioetako izotzezko zein mistoko bideak errepikatzen dituzten bitartean, badira sorkuntza-lanerako leku berriak (ez al da esplorazioa?) bilatzen jarduten dutenak. Eta hori aipatzen dugunean, ia beti pirineista bat dugu gogoan: Mikel Zabalza.

Bada, urtarrilean eta otsailean iruindarra jo eta su ibili da Ip-eko zirkuan. Inguru hori oso ezaguna denez, badirudi dena egina dagoela, baina Zabalzak erakutsi du horma ezberdinetan zirrikituak marrazteko gogoa besterik ez dela behar: «Esaten da bilatzen jarduten duenak azkenean helburua lortzen duela. Eta Ip-eko zirkuan nik bilatzen ari nintzena aurkitu dut. Ingurumari hori esploratzeko irrikan negoen. Mapetan zein udako argazkietan ikusitakoaren arabera, iruditu zitzaidan neguko zailtasuneko alpinismorako alderdi paregabea izan zitekeela. Gogoan ditut Iñaki Araiz eta Carlos Olza nafarrek duela hamar urte neguan ‘Valle-Orus’ eskalatu zuteneko kontakizunak. Esaten zuten eskalada luzea zela, izotzezko irtengune bertikalak zituela eta gailurrera heltzeko ertz luze bat. Igoera horrek markatzeaz gain, arrastoa utzi zien».

Bost bide

Hazia ereinda zegoen; soilik hura ernatu eta emaitza jasotzea falta zen. Ip-eko aintzirara iritsi bezain laster, pirineista honek bi ipar horma edo arretagune izan zituen: Campanales de Collarada eta Collarada.

Buruan jira eta bueltan zituen asmoei forma emateko unea iritsi zitzaion. Campanales de Collaradarako Alberto Fernandez izan zuen sokakide. Bi egun ezberdinetan (urtarrilaren 11 eta 12n) bi marra sortu zituzten. Lehena: “Mandanga de la buena” (300 m, M6/90° R). Eta bigarrena: “Nairobi” (300 m, M6/90°). Ikusten den bezala, biak ere izaera berekoak dira: misto zaila eta izotzezko sekzio tenteak.

Collaradakoetan gidoia ez da aldatzen. Ipar pareta horretan hiru bide berri ireki dituzte. Otsailaren 8 eta 9an, Ruben Sanmartinekin, “Welcome Nico” (250 m, M6+/90°) eta “Puturru de foa” (250 m, 85°/90°). Eta otsailaren 22an, Iñaki Arakistain eta Joseba Larrañagarekin “Gure bazterrak” (300 m, M6/90°).

Bost bide horien inguruan honakoa esan du Zabalzak, zalantzarik batere gabe: «Den-denak kalitate handikoak dira. Eta, gainera, denetan asko eskalatu behar da. Aurkikuntza honekin ipar hormetan egiten den alpinismoarekin asko gozatu dut. Hori bilatzen ari nintzen, eta lortu egin dut».