GARA Euskal Herriko egunkaria
PIRINIOAK

Ekaitz Maizek biribildu du «Bizi bizitza» proiektua

Duela bost urte, Ur Jauziaren Ekialdeko Tontorraren mendebaldeko horman, Asier Lukerekin sortu zuen marra hori. Joan den irailean,berriz, Pablo Escudero sokakide zuela, puntu gorria jarri zion. 310 metro ditu, eta zortzigarren mailako hiru luze; horietako bat 8b da.


Gavarnieko zirkuak murru erraldoi zeharkaezinaren irudia du. Alabaina, eskaladaren eta alpinismoaren tekniken bitartez, agerian dituen zirrikitu batzuk menderatu ditu gizakiak. Ur Jauziaren Ekialdeko Tontorraren mendebaldeko hormak, adibidez, aipatu ditugun ezaugarri horiek ditu. Urrutiko lekuetan dago, eta pareta horretara heltzea ez da batere atsegina. Ziur aski arrazoi horiengatik guztiengatik bisita gutxi jaso ditu. Bederen, han sortutako bide kopuruari erreparatzen badiogu.

Oso atzera egin behar dugu “inaugurazio ekitaldiaren” berri emateko. 1994. urtean, goi mailako bi frantziar pirineista, Richard Dupont eta Yan Raulet, hara hurbildu ziren. Negua zen, martxoaren 23a, eta “Les yeux du cirque” bidea zabaldu eta eskalatu zuten. Lehen bide horretan, mistoa eta izotza dira nagusi. Zailtasuna handia da. Eta harrigarria bada ere, ez da bidea errepikatu.

XXI. mendearen hasierarekin batera murru horrek “lehor” jarraitzen zuen. Ez zuen lehen lerroko pirineisten bisitarik jasotzen. 2014. urtean, ordea, Roger Cararachek eta Alberto Fernandezek “Alternativa Estel” ireki zuten. Uda zen, eta, orduan bai, jarduera guztia harkaitzean egin zuten. Sokada horrek horma zail horrek eskaintzen dituen tarte ahulenak baliatu zituen.

Hogei urte igaro ziren, beraz, bi bide horien artean. Baina Cararach eta Fernandezen jardunak bultzatuta, hurrengo urtean, Ur Jauziaren Ekialdeko Tontorrean hirugarren marra bat ireki zuten. Protagonistak Asier Luke Zopo eta Ekaitz Maiz izan ziren. Emaitza: “Bizi bizitza”, (8b+?, 310 m). Sokada horrek ondo baino hobeto ezagutzen zituen Marboreko Dorreak eskaintzen dituen aukerak; izan ere, hainbat bide sortu zituzten. Joan-etorri horretan, Maizek adierazi duenez, Ur Jauziaren Ekialdeko Tontorrak duen ageriko gune ezkutu bat iltzatuta geratu zitzaien: «Marboreko Dorrean eskalatzen genuen bakoitzean, hurbiltzeko bidearen jarraipenari begiratzen genion, baina ez zen batere atsegina. Roger eta Albertok “Alternativa Estel” sortu zutenean, hurbiltzeko bidearen inguruan informatu eta hara abiatu ginen. Geure helburua oso argia zen: paretaren desplome handienean dagoen kolore urdineko marra bat. Paretaren sarrerara heltzea jardun luzea izan zen. Bost ordukoa, hain zuzen. Gavarnieko hirugarren murruaren azpitik egiten da. Bizkar zakuak oso pisutsuak ziren, eta kontu handiz ibili behar izan genuen. Ur jauziaren glaziarrean, berriz, Passet izeneko ertzaren hasieran, bibaka antolatu genuen».

Den-dena prest zutenean, proiektuari ekin zioten. Marra berriaren lehen herena nahikoa agerikoa izan zen: artesiak, diedroak eta erlaitzak. Arrokaren kalitatea ez zen beti oso ona, baina jarduerarekin jarraitzeko aukera eman zien. Kolore urdineko zikin arrastoaren oinarrira iritsi ziren. Sekzio horrek goitik behera zeharkatzen du eroria duen murru handi hori.

Tarte horren lehen metroetan ari zirela, etxauriarrak aurreratu du ohartu zela, Marboreko Dorrekoarekin alderatuta, arroka ezberdina zela: «Erregeleta kamutsak ditu, asko, gainera. Eta beste heldulekuei dagokienez, alderantzikatuak eta lateralak. Eta okerrena, horrek guztiak oin onak saihesten dituela. 35 metro egin eta gero, erlaitz batera heldu eta bilgunea antolatu nuen. Hurrengo luzeak erraza zirudien. Diedro bat erlaitz batean bukatzen zena. Eta han bertan, batere sendo ez zegoen menhir baten itxura zuen arroka. Ondoren, sekzio errazago bat baina arroka txarrarekin. Bat-batean, harkaitzaren kalitatea aldatu zen eta 35 metroko luze eder bat zabaldu nuen. Eroria zuen plaka bat, erregeleta txikiekin, mugimendu atletikoekin eta oin txarrekin. Hiru txapa eta 35 metroko luzea. Beste luze gogor bat: eroria zuen plaka bat. Heldulekuak txikiak eta kamutsak ziren. Ahal nuen hobekien eskalatu eta ahal izan nuen parabolt gutxien jartzen ahalegindu nintzen».

Luke eta Maiz amaieran ziren. Eroria zuen sekzio zailak, jakina, buruhausteak eman zizkien. Denetarik aurkitu zuten: plaka leuna, diedro desplomatu bat, arrokaren kalitatea ez zen ona... Eskalada samurtu zenean, artesi luze batek zailtasunen amaierara eraman zituen. Azken luzea, orratz baten gailurrean dagoena, ez zuten zabaldu. Hurrengo baterako utzi zuten, librean eskalatzeko.

Lan horiek bukatu zituztenean, gauez, bibakera heldu ziren. Leher eginda baina pozarren. Era horretan, “Bizi bizitza” sortu zuten. 310 metroko proposamen berria, urrutiko leku basati batean zabaldu zutena eta zailtasun handikoa. Luze gogorrenari 8b+? jarri zioten. Jakina, ezin zuten guztiz zehaztu bidea zabaltzen ari zirelako. Horregatik jarri zioten galdera ikur hori.

Puntu gorria

Marboreko Dorrean bezala, zalantzarik gabe, goi mailako jarduera egin zuten nafar eskalatzaileek Ur Jauziaren Ekialdeko Tontorrean. Lehen lana, hortaz, egina zuten, baina oraindik “Bizi bizitza” bideari puntu gorria jarri behar zioten. Hots, proiektua erabat biribildu.

Hurrengo urtean, ez zuten aukerarik izan asmo hori aurrera eramateko. 2017. urtean itzuli ziren. Ordesatik abiatu eta egun oso bat behar izan zuten hormara heltzeko. Han zirela ohartu ziren bidearen beheko zatia erabat bustia zegoela. Ekinaldia atzeratu egin behar izan zuten.

Iaz, berriz, eskalada istripu batean, Zopo zendu zen. Eta joan den irailean, Maizek behin betiko saioari ekin zion. Pablo Escudero izan du sokakide. Lehen luzeak bustiak zeuden. Sekzio hori igaro eta gero, lehen luze gogorrean (L4 7c) zeuden: «Aise gainditu genuen. Hori bai, burua hotz mantendu behar duzu, plakako sekzio luze batean bird peak batekin babestu behar duzu zeure burua. Bosgarrena 8a zailtasunekoa da, desplome batean dagoen hatzetako artesi bat eta oin txarrak dituena. Luze oso-oso ona».

Seigarren luzea bidearen giltza da: 8b. Erresistentzia eskatzen du, eta ez du helduleku on bat bera ere. Indarra, erritmoa, zehaztasuna eta zorte pixka bat beharrezkoak dira: «Besaurreak leher eginda nituen, baina mantle bat eginez erlaitz kamutsa gainditzea erdietsi nuen. Bidearen luzerik zailena patrikan neukan. Pablok, aldiz, ezin izan zuen kateatu».

Luze guztiak era askean igotzen ari zen Maiz, eta zazpigarrena ere, 8a mailakoa, estilo berean kateatu zuen: «Hasiera intentsoa du, baina ondoren diedro erraz batean sartzen zara. Atseden hartu ondoren, luzearen mugimendurik gogorrenak egin behar dira: oin txarrak itsaspenean eta hainbat mugimendu luze helduleku handiekin. Luze hori ere kateatu nuen; Pablok, aldiz, ez».

Erlaitz on batean atseden hartu eta bidearen azken metroetan sartu ziren: «Hurrengo luzean oinak itsaspenean dituzu, baina heldulekuak askoz ere hobeak dira. Pablok ere diedro hori librean eskalatu zuen. Orratzaren gailurrera iritsi ginen».

“Bizi bizitza” bidearen kontakizuna da. Estilo bikainean zabaldua, urrutiko leku basati batean eta zinez zaila. Bide berriak zortzigarren mailako hiru luze ditu; bat, 8b zailtasunekoa.