GARA
DONOSTIA

Anoetan bezala, La Casillan eta Lakuan txertaketak hasiko dira

Donostiako Anoeta estadioa koronabirusaren aurkako txertaketa masiborako gune gisa estreinatu zen atzo. AstraZeneca txertoko 400 dosi jarri zizkieten Gipuzkoako zentro okupazionaletako langileei. Guztira, 9.500 pertsona izango dira, guztiak 65 urtetik beherakoak, datozen asteetan estadioaren atarian instalatutako bi txertaketa guneetan txertatuko direnak.

Realeko erizaintzako bi talde, Aldundiko langileen laguntzarekin, AstraZenecako txertoak jartzen ibili ziren goizean zehar, behar bezala aireztatutako bi postu simetrikotan. Gizarte politiketako diputatuak, Maite Peñak, operazioa bertatik bertara ikuskatu zuen, eta, azaldu zuenez, 9.500 lagunen lehen txertaketa txanda maiatzean bukatzea espero dute, bigarren txanda abian jarriko denean.

Anoetakoa ez da izango, dena den, heldu diren egun eta asteetan EAEn irekiko den txertaketa esparru bakarra. Izan ere, kopurua handitzeko asmoa du Osakidetzak, eta jasotako dosien arabera guneak ugarituko dira, txertaketaren erritmoa handitu ahal izateko, Osasun sailburuak atzo nabarmendu zuenez.

Horrela, kanpaina hasieran 25 izan ziren ezarritako lekuak; ondoren, 117; eta laster 151 izango dira: 80 Bizkaian, 59 Gipuzkoan eta 12 Araban. Besteak beste, Bilboko La Casilla, Gasteizko Lakua, Tolosako Beotibar eta Andoaingo Arrate frontoiak erabiliko dira lanotarako.

Gotzone Sagarduik aipatu zuenez, adinez nagusiak diren pertsonak euren etxeetatik hurbil txertatzen ari dira, 65 urtetik beherakoen kasuan, ordea, eskualde edo inguru berdineko biztanleei gune berean ematen zaie hitzordua, txertaketa azkarra eta segurua izan dadin. Gaineratu zuen txertaketa guneei buruzko berriren bat dagoen bakoitzean informazio zehatza emango duela Osasun sailak.

Erritmo biziagoa

Bestetik, sailburuak adierazi zuen iragan astean koronabirusaren aurkako txertoen 90.000 dosi eman zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, horrela, 100.000 pertsonatik gora immunizatuta daudela, hau da, biztanleria osoaren %4,7 inguru.

Hori lortzeko egindako esfortzua goraipatu zuen Sagarduik Gobernu bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan, nahiz eta, orrialdeotan atzo azaldu genuenez, EAE Estatu espainolean immunizazio tasarik txikiena duen erkidegoa izan.

Edonola ere, agerikoa da Lakuak abian jarritako estrategia aldaketak erritmo biziagoa jarri duela txertaketa kanpainan, eta horren adibide da jasotako hamar dosietatik ia bederatzi jarri direla dagoeneko, duela zenbait aste pentsaezina zen kopurua.

Horiek horrela, datozen egunetan, 80, 90 eta 100 urtetik gorako pertsonei lehenengo eta bigarren dosia ematen jarraituko dute. Aldi berean, lehentasuna duten sektoreetan falta diren 65 urtera arteko langileak eta, adin irizpidearen arabera, aurten 65 urte bete duten lagunak txertatuko dituzte. Osakidetza pertsona bakoitzarekin harremanetan jarriko da, hitzordua emateko.

Sagarduik azaldu zuenez, 80 urtetik gorakoei telefonoz ari da deitzen Osakidetza, «harreman hurbilagoa» behar dutelako. Beren etxeetatik gertu dauden osasun zentroetan edo bestelako guneetan jasotzen dute txertoa, eta, lehen dosia jasotzen dutenean, bigarrenaren hitzordua ematen zaie. Dena den, adin tarte horretako hainbat lagunek arazoak izan dituzte txertatzeko hitzordua ezarri ahal izateko, inoren deia jaso ez eta beraiek, edo euren senideek, deitu behar izan baitute osasun zentroetara, GARAri adierazi diotenez.