GARA Euskal Herriko egunkaria
MUNDU OSOA ASTINDU ZUEN GOSE GREBA
Interview
IñAKI RUIZ DE PINEDO
EH BILDU-KO DIPUTATUA

«Borroka hark jauzi kualitatibo bat eragin zuen irlandar prozesuan»

Berrogei urte igaro izanagatik, 1981eko udaberri hartan Belfasten bizitako pasarte batzuk oroimenean ondo gordeta ditu Iñaki Ruiz de Pinedok. Egun EH Bilduko diputatua denak Bobby Sandsen heriotzaren ondoren antolatutako ekitaldietan parte hartu zuen, Herri Batasuneko ordezkari gisa. Borroka hark izan zituen ondorioak nabarmentzen ditu.


Bobby Sands hil zenean, Herri Batasuneko bi kide Belfastera joan zineten. Zer helburu zuen bidaia horrek?

Helburua gure elkartasuna adieraztea zen. Euskal Herrian oso gertutik jarraitu zen gose greba hura, eta presoen borroka, oro har. Ordurako urte batzuk zeramatzaten estatus politikoaren onarpena lortzeko borrokatzen. Kontuan izan behar da garai horietan Europa osoan preso politikoenganako tratuaz esperimentuak egiten ari zirela, Irlandan, Italian eta Estatu espainolean, adibidez, eta estrategia horretan ildo orokor bat presoei aitorpen politikoa kentzea izan zen. Hori guztia oso gertutik jarraitu zen hemendik, bai amnistiaren aldeko batzordeek zein Herri Batasunak eta herri mugimenduko beste zenbait antolakundek. Bobby Sands hil zenean Euskal Herrian manifestazioak egin ziren.

Ez zenuten bidaia lasaia izan; Londresen arazoak izan zenituzten.

Bai. Guk Bilbotik Londresera joan behar genuen, han aireportuz aldatu eta beste hegaldi batean Belfastera heltzeko. Baina Londreseko aireportuan ginela, ilaran, polizia batzuk etorri zitzaizkigun; dokumentazioa eskatu eta beraiekin joateko esan ziguten. Komisaria batera eraman gintuzten, eta han hogei bat ordu izan gintuzten. Hori guztia Bobby Sandsen hiletaren bezperan gertatu zen, eta gu bertan erretenitu gintuzten hurrengo goizera arte. Horrela, hegazkin guztiak galdu eta hiletan egoteko aukerarik ez genuen izan. Beraz, dena berrantolatu behar izan genuen, Belfasteko aireportutik eremu katolikora heltzea abentura bat zelako.

Zailtasunak zailtasun, azkenean heltzea lortu zenuten. Zer giro zegoen Belfasten?

Sinn Feinen bitartez, konfiantzazko kotxe bat hitzartuta genuen, joan behar genuen lekura heltzeko, baina Belfastera egun bat beranduago heldu ginenez kontaktua galdu genuen, eta aireportuan zeuden taxiek ez gintuzten auzo katolikora eraman nahi. Azkenean, taxi batek auzo protestante batera eraman gintuen, eta, hango harresian irekita zegoen ate bakarra igaro eta bi kilometro ibili ondoren, eta tartean polizia-kontrol batean ordu erdi eman ostean, heldu beharreko lekura iritsi ginen.

Iluntzen ari zuen, lanbroa zegoen, gu blai eginda geunden, bakarrik eta kontakturik gabe, hitzordu guztiak bezperarako genituelako. Garai horretan ez zegoen telefono mugikorrik, noski. Telefono finko baten zenbakia bagenuen, baina Sinn Feinen egoitzakoa zen eta hura itxita zegoen. Orduan, egoitzaren ondoko pub batean sartzea erabaki genuen, eta han egon ginen, mundu guztia guri begira zegoela, bi ordu beranduago kontaktuarekin harremanetan jartzea lortu genuen arte.

Egia esan, gau horretan bertan ez zen oso giro bortitza izan; mugimendu batzuk egon ziren, manifestazio txiki batzuk baina, batez ere, tentsio handiko lasaitasun moduko bat zegoen. Indar guztia hurrengo eguneko manifestazio bateratua egiteko gordetzen ari ziren.

Hurrengo eguneko manifestazioa aipatu duzu. Handia izan omen zen. Jendetza bildu zen.

Izugarria izan zen. Manifestazio bateratua izan zen. Izan ere, «H blokeen» borrokak jauzi kualitatibo bat suposatu zuen Irlandako prozesuan. Mugimendu bateratu bat osatzea lortu zen. Aurreko urteetan mugimendua oso konpartimentatua zegoen, IRA eta Sinn Feinen inguruan, eta borroka armatuaren inguruan kritikoak zirenek ez zuten halako ekimenetan parte hartzen. Baina honek mugimendu bateratu bat eratzea eragin zuen, eta aldaketa kualitatibo bat suposatu zuen indarrak biltzeko helburuan. Manifestazio hartan hori islatu zen. Sekulako manifestazioa izan zela esaten dugunean, batez ere horregatik esaten dugu, une horretan jauzi kualitatibo bat eman zelako.

Bobby Sandsen heriotzak Irlanda osoa astindu zuen, eta munduko jende asko ere bai, eta, hala ere, bere atzetik beste bederatzi preso hil ziren gose greba hartan. Margaret Thatcherren Gobernua horraino helduko zela uste zenuten?

Guk ez genuen uste horraino helduko zenik, krudeltasun hura hainbeste mantenduko zuenik. Ez genuen espero, baina han (Irlandan) bai, pentsatzen zuten Gobernu britainiarrak ez zituela eskubideak onartuko eta borrokan jarraitu beharko zutela. Bidaia horretan irudirik zirraragarriena, oroimenean gordeta dudana, Bobby Sandsen amarekin bere etxean egon nintzenekoa da. Nola azaltzen zuen bere semearen determinazioa, eta nolako lasaitasunez kontatzen zuen bere bizipena. Nola adierazten zuen bere semea dagoeneko itsu zegoela berarekin egon zen azken aldian, hiltzeko zorian, eta nola esan zion: «Ama, gaur edo bihar hilko naiz, baina hau aurrera doa eta konbentzimendu osoz egiten dut».

Gobernu britainiarraren krudeltasunak heriotzak eragin zituen, min handia... baina, aipatu duzun bezala, mugimendu errepublikanoak jauzi kualitatibo bat eman zuen, batasuna erdietsi zen, eta neurri batean politikoki Londres galtzaile atera zela esan liteke. Ez dakit gaizki kalkulatu ote zuen.

Gobernu britainiarrak herritarren zati baten babesa galdu zuen orduan, eta, bai, kalkuluak gaizki egin zituela uste dut. Horrek prozesuari beste bultzada bat eman zion, politikoki sendotzeko eta beste bide batzuk hartzeko. Guk une hartan gure prozesua bururaino eramateko eta negoziazio bat lortzeko irlandarrak baino egoera hobean geundela uste genuen, Euskal Herrian Irlandan baino errazago genuela, beraiek gutxiengo bat zirelako, politikoki gutxiago antolatuta. Baina gose greba hura erabakigarria izan zen nazioarte mailan. Nazioartean elkartasun handia lortu eta antolatu zuten irlandarrek, eta gero elkartasun hura baliagarria izan dute IRAk eta Sinn Feinek beren bidean nazioartearen babesa izateko. Nazioarteak garrantzi handia izan du Irlandako prozesuan.