GARA Euskal Herriko egunkaria
BINAKAKO FINALAREN ATARIAN
Interview
JON ANDER PEñA
BAIKOKO AURRELARIA

«Lesioarekin medikuek ez zekiten besoa bere onera itzuliko ote zen»

Gutxi dira, tolosarra bezala, bere lehen parte hartzean Binakako Txapelketako finalera heldu diren pilotariak. Horretarako Albisurik onenaren laguntza izan du, baina berak ere gauzak ongi egin dituela aldarrikatzen du. Tokia duela erakutsi du.


Lehen Binakako Txapelketan ez dakit gehiago eskatzerik ba ote den...

Ez dago, ez. Bueno, igandean 22ra heltzea eskatu genezake… Horretarako entrenatuko dugu, baina jakinda zaila dagoela.

Bikote bezala oso ondo hartu duzue elkar Albisuk eta zuk...

Bai, denok dakigu Albisu ze atzelari den. Argi dago berak eman didana ikaragarria izan dela, baina nik uste nik berari ere gauza onak eman dizkiodala. Esan bezala, jokoa bikotean egin behar da eta elkarrekiko konfiantza, biok kantxan elkarrekin aritze hori, oso garrantzitsua da.

Albisurik onenarekin egin duzu topo?

Bai, egia esan bai. Ikaragarrizko txapelketa egin du, baina, lehen esan dudan bezala, hemen bion artean jokatzen dugu. Berak agintzen du normalean, baina ni ere hemen nago eta elkarrekin jokatu behar da; bakoitzaren dohainak hobetu eta bion artean ahulguneak konpondu.

Zu ere sufritutakoa zara, ez duzu bide errazik izan.

Ez, inondik inora. Debutatu nuenetik lesio gogorrak izan ditut, batez ere besoko nerbioko lesio hori niretzat mentalki oso gogorra izan zen; medikuek eta esan zidaten agian besoa ez zela bere onera itzuliko eta hori oso gogorra da. Nik uste asko heltzen zarela holako pasadizo batekin eta hortik aurrera nabaritu dut mentalki aurrerapauso bat eman dudala.

Promozioa mailan ere zaildutakoa zara aukeraren zain...

Bigaren mailan nik uste maila txukuna eman dudala. Debutatu nuenetik final batzuk jokatu ditut, baina nik esaten dudana da oso pilotari gutxi daudela debutatu eta segituan goreneko mailan egoten direnak. Lan asko egin behar da heltzeko; ni pixkanaka goraka joan naizen pilotaria naiz, lan asko egin dut eta horrela segitzea pentsatzen dut, inongo momentuan ez naiz konformatzen hona heldu izanarekin, nik nire buruari ikusten dizkiot hobetu beharreko gauzak eta horretan segituko dugu lanean.

Zeintzuk dira gauza horiek?

Azken batean defentsan, nik uste, aurrerapauso bat eman dudala, baina oraindik asko dudala hobetzeko. Gero, gutxi erregalatzeko garaian ere hobetu dut, baina horretan ere segi behar dut lanean. Berdin taktikoki ere, partidak hobeto irakurtzen, mentalki gogorragoa izaten ikasi behar dut. Hori esperientziak ematen dizu, lanak ere bai.

Finalerako sailkatu eta asko hunkitu zinen. Albisuz ere gogoratu zinen.

Bai, aurreneko aldiz halako zita batera heltzeak asko esan nahi du edozein kirolarirentzat; txikitatik ikusten den eta amesten den zerbait da, oso polita.

Albisu oso pilotari maitea da, inoiz aurpegi txarrik jartzen ez duena, oso saiatua entrenatzen eta urte askoan maila gorenean egon dena eta fruiturik jaso ez duena. Nik uste asko merezi duela final batera heltzea eta ahal dugun guztia emango dugu 22ra heltzeko.

Greban izan zuen portaera ere nabarmendu zenuen.

Bai, halaxe da, enpresako izen handietako bat izanda, garai txar horietan aurpegia eman zuen bezala emateak pertsona bezala asko esan nahi du. Alde horretatik dena merezi du, sufritu egin du asko garai gogor hauetan eta ea etortzen zaion fruitua. Gazteagoak ginenok ez genekien zer egin eta beterano batzuek erakutsi digute bidea zein den. Zerbait nahi badugu nola egin behar zaion aurre. Albisu izan da horietako bat.

Kritikatua izan zinela ere aipatu zenuen, zergatik?

Kritikatua ni pertsonalki ez, baina bai izan ziren kritikak ea zergatik geratu ziren Agirre edo Oinatz bezalako izeneko pilotariak kanpoan eta zergatik sartu ninduten ni. Hasiera batean normala zen, baina enpresak nigatik apustu egin zuen eta erabat eskertuta nago. Eta erakutsi diot, bai jende horri eta baita nire buruari ere, nagoen tokian jokatzea badudala eta hemendik aurrera ere jokatzerik izango dudala.

Ausardiarik ez zaizu falta izan.

Zalantzekin hasten bazara, halako maila duten aurkariekin ez dago ezer egiterik. Erabakitasunez egin behar da egin beharrekoa, eta nik uste jarrera aldetik oso ondo aritu naizela txapelketan; gauzak atera edo ez, behintzat jarrera lehiakorrarekin.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Goizetan entrenatu izan dut eta arratsaldeetan ingeniaritza mekanikoa amaitzen ari naiz. Oraintxe praktiketan ari naiz eta nik uste udan bukatuko dudala. Pilota bukatzen denerako zerbait izateko behintzat.