GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
JON ANDER ALBISU
BAIKOKO ATZELARIA

«Nik ere sentitu dut jende asko poztu dela ni finalean nagoelako»

Atzelarien txapelketa izan da aurtengo Binakakoa eta, dudarik gabe, ataundarra izan da orain arteko bi pilotaririk onenetako bat. Esperientziak eman dion patxadatik eta azken urte zailetik «indartuta», bere ibilbideko unerik gozoenean da goierritarra.


Kosta da, baina finalean zara berriz ere…

Azkenean hamar urte daramatzagu hemen eta aukera gutxi izan ditut finala jokatzeko. Urtero saiatu izan gara eta Pablorekin [Berasaluze] jokatu genuenetik zortzi urte pasa dira, eta beti ilusioarekin berriz finalera heltzeko. Ea ondo irteten den.

Banuen final horretako arantza ateratzeko gogoa, gutxienez finala jokatu, aurrekoan ez baikenuen izan aukera hori. Ea oraingoan inork ez duen minik hartzen, ez guk eta ezta gure aurkariek ere, eta ea gutxienez bukatzeko aukera dugun eta ahal bada irabazi.

Finalik ez, baina beti egon zara hor. Behar bezala baloratzen dugu lan hori?

Agian kanpotik ez da baloratzen, baina, pertsonalki, nik asko baloratzen dut. Hamar urte daramatzagu goi mailan esateko moduan, urtero-urtero txapelketa jokatzen eta horrek niretzat asko esan nahi du. Egia da finala jokatzea denoi gustatzen zaigula, finalaz aparte txapelak ekartzea ere bai, baina, beste aldetik begiratuta, hamar urtez hor goran egotea eta berriz ere finala jokatzen egoteak asko esan nahi du, eguneroko lan horren fruitua da azkenean.

Izen bera, izaera desberdina, baina oso ondo moldatu zarete.

Bai, nik uste dut ondo moldatu garela. Ni lasaiagoa naiz, frontoian agian beste patxada batekin jokatzen dut, eta bera agian esplosiboagoa da. Agian nik bera behar nuen eta berak ni, edo ez dakit, baina kantxan ondo moldatu gara eta ia egunero batera gaude, entrenatzen, fisikoa ere batera egiten dugu, ordu asko sartzen ditugu batera eta egia esan gustura berarekin.

Patxada orain hartuko zenuen, hasi zinenean ez baitzinen horren lasaia. Adinaren kontuak?

Bai, nik uste dut esperientzia hartu dudala. Agian hasiera hartan nerbioak ere garesti ordaintzen nituen, eta jokoa ere aldatu dut. Lehen agian pilota gehiago galtzen nituen. Pilota guztietan ematera joaten nintzen eta orain pilota bakoitzean zer egin gehiago pentsatzen dut, atzetik eutsi, aurretik eman… Egia esan esperientzia horrek lagundu digu erregulartasun hau hartzen eta ea aprobetxatzen dugun.

Pilotazaleen artean nabaritu dut den-denak asko poztu direla zu finalean ikustearekin...

Bai, nik ere sentitu dut. Igandetik aurrera mezu asko jaso ditut, jendearen zorion asko eta nik ere sentitu dut hori. Agian urte zaila pasa dugulako, birusa dela, greba ere bai... Greban erabaki zailak hartu behar izan genituen eta pertsonalki gauza batzuk alde batera utzi behar izan nituen. Nik neure buruari begiratuta agian grebarik ez nuen egingo, baina taldearen onerako hartu nituen erabaki guztiak eta jendeak, nik uste, ondo ikusten duela hori. Nik kontzientzia lasai daukat, ez naiz ezertaz damutzen eta jendeak ni hola ikustea poztu egiten nau.

Grebak zaildu, ahaldundu, zaituela esatea asko esatea da?

Baliteke hala izatea, momentu zailetan ikusten da pertsona nolakoa den. Nik, nire aldetik, gauza pertsonalak alde batera utzi behar izan nituen eta hor ikusten da bakoitza nolakoa den. Taldearen onerako erabakiak hartu nituen eta alde horretatik oso lasai nago. Jendeak hori ikusten badu, niretzat askoz hobeto eta eskertu besterik ez.

Zauri guztiak itxi dira?

Ez, nik uste ixten joango direla. Azkenean norberak jakingo du zer egin zuen ondo eta zer gaizki eta norberaren kontzientziari begiratu behar. Nik nirea oso lasai daukat eta alde horretatik ez dago inolako kezkarik.

Zu Lasoz ere oroituko zinen.

Bai, noski. Berarekin finalerdietara heldu nintzen iaz, gero pasa zen guztia pasa eta azkenean Asier Agirrerekin jokatu nuen. Unairekin jokatzeko aukerarik ez nuen izan, oraindik kanpoan dago. Badakit aste honetan hitz egitekoa dela enpresarekin eta ea aukera dugun ahalik eta azkarren horrelako mailako pilotari bat kantxan ikusteko.

Pilotarien elkartea sortu zenuten, zu ere parte zara. Nola dago kontua?

Asoziazio hori sortuta dago, eta horretan parte gara. Hiru hilabetean behin enpresarekin bilerak egiten ditugu ea zer erabaki hartu dituzten; guk ze kezka ditugun esaten diegu eta nik uste denontzat ona dela, bai enpresarentzat eta baita guretzat, eta noski, pilotazaleentzat.

Zauden sasoian egonda, Buruz Burukoaren harra izan duzu?

Enpresak inongo momentutan ez dit ezer komentatu eta neronek ere ikusten nuen, bakoitzetik seina pilotari izanda, nire aurretik sei pilotari on bazeudela. Alde horretatik ez dut buruhauste handirik izan.