GARA
BAIONA
HIZKUNTZA GUTXITUEN LEGEA

Murgiltze eredua baino, helegiteak udalen diru ekarpena du jomugan

Euskal Elkargoan apirilaren 23an egin zuten presazko agerraldian zeharka aipatu zuten informazioa baieztatu zen atzo: «Molac legea» deitutakoaren aurka 61 diputatuk ezarritako helegiteak ez du auzitan jartzen murgiltze eredua, baizik eta hezkuntza hizkuntza gutxituan eskaintzea bermatze aldera udalerriek egin beharreko diru ekarpena.

Euskal Hirigune Elkargoak Baionan duen egoitzan iragan apirilaren 23an eskainitako presazko agerraldi hartan erakunde ezberdinetan jarduten duten euskal hautetsiek aho batez errefusatu zuten 61 frantses diputatuk hizkuntza gutxituak babesteko Asanblea Nazionalak onarturiko legearen kontra aurkezturiko helegitea. Prentsaurreko horretan gehiengo makronistaren kide den Vincent Bru diputatu kanboarrak zeharka azaldu zuenez, udalerriek euskarazko hezkuntza bermatzeko egin behar duten diru ekarpena jomugan jartzeko asmoa zuten bere legebiltzar taldeko ordezkariek.

Atzo “Mediapart” frantses hedabideak zabaldu zuen informazioak –helegitearen agiria eskuratu du– halaxe baieztatzen du: helegitean ez da “Molac legea” deiturikoa bere osotasunean zalantzan jartzen, bere 6. artikulua baizik. Adibidez, murgiltze eredua Hezkuntza Kodean sartzea aurreikusten duen kapitulua ez dute zalantzan jarri diputatuek. Eta artikulu horrek garrantzia berezia hartzen du Ipar Euskal Herrian.

Apirilaren 22an Kontseilu Konstituzionalaren aurrean 61 diputatuk ezarritako helegitearen bidez apirilaren 8an frantses Asanblea Nazionalak onartu zuen legearen 6. artikulua auzian jartzen dute Macronen gehiengoko legebiltzarkideek, «Konstituzioaren hainbat oinarri» errespetatzen ez dituelakoan. Hau da, helegiteak ez du murgiltze eredua jomugan hartzen, baizik eta hizkuntza gutxituan emandako hezkuntzaren garapena diru publikoarekin sostengatzeko beharra jasotzen duen artikulua.

Gogoratu behar denez, “Molac legeak” jasotzen duenez, bere herrian eskola frantsesa bakarrik duelako haur bat bertze herri batera joatera behartua denean, ikastetxe hori diruztatu beharko du haurraren jatorriko udalerriak. Orain arte udalerriaren ekarpena derrigorrezkoa ez zenez, diruztatze hori ez zegoen bermatuta. Hain zuen ere, 61 diputatu horiek hori galdetzen dute Kontseilu Konstituzionalaren aurrean aurkezturiko helegitean: udalerrien borondatearen arabera uztea hizkuntza gutxituan hezkuntza diruz laguntzea.

Agiri horretan argudiatu dutenez, «Konstituzioan ez da eskualde hizkuntzetan ikasteko eskubidea jasotzen» eta, beraz, ezin da derrigorrezkoa izan hizkuntza gutxituan emandako hezkuntza diruz sustatzea.

«Izaera fakultatiboa»

Kontseilu Konstituzionalak berak iraganean harturiko ebazpenetan oinarritzen dira 61 diputatu horiek hizkuntza gutxituan eskainitako hezkuntzak «familientzat zein erakundeentzat izaera fakultatiboa» duela azpimarratzeko orduan. Helegitearen sustatzaileek uste dutenez, Konstituzioaren 75.1 artikulua aintzat hartuta, «ezin zaie ez eskolei ez eta lurralde kolektibitateei ere inolako mandaturik eman hizkuntza gutxituen garapena bermatu dezaten».

Hizkuntza gutxituan hezkuntza sustatzea borondatearen araberako ekimena izanik, ezin dela horren finantzaketa publikoa derrigorrezkoa bilakatu defendatu dute, finean, 61 diputatuok. Horren ordez, ikaslea bizi den udalerriaren eta haurra eskolaratuta dagoen udalerriaren arteko «akordioak lantzea» proposatzen dute legebiltzarkideek.

Bistan da akordio hori gertatzen ez bada ikastetxeak, orain gertatzen den bezala, laguntzarik gabe gelditzeko arriskua ez dutela Kontseilu Konstituzionalaren aurrean aurkezturiko helegitean aipatzen. Kontuak kontu, 61 diputatuek eskaera argia egin diote Kontseilu Konstituzionalari: frantziar Konstituzioaren aurkakoa delakoan, «Eskualde Hizkuntzen Patrimonio Babeserako eta Promoziorako Legearen 6. artikulua bertan behera uztea». Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 22a baino lehen eman beharko luke jakitera bere erabakia.

Asanblea Nazionalean onarturiko lege bat auzitara eramatea ez da inondik inora ohikoa. “Mediapart”-ek auziak eztabaida handia eragin duela baieztatu du. Hedabide digitalaren arabera, helegitea babestu zuten hainbat sinatzaile damu dira eta oker zirela onartu dute.

Apirilaren 26an “Lettre A” hedabideak zabalduriko albisteak hautsak harrotu zituen. Botereguneetako informazioak ematen dituen hedabide horren arabera, 61 diputatuk izenpeturiko helegitea Hezkuntza Ministerioak zuzenduriko maniobra baten ondorio zuzena izan zen.

Hizkuntza gutxituak babesteko legearen egile Paul Molacek Ministerioaren jokabidea salatu zuen atzo bertan Asanblea Nazionalean, «demokraziaren aurka baliaturiko azpijokoa» dela deitoratuz.