Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA
Interview
ANDER IZAGIRRE
IDAZLEA

«Italiako Giroak baditu oraindik ere abentura basati baten aztarnak»

«Nola irabazi Giroa idi odola edanez» liburua argitaratu berri du Ander Izagirrek. «Niretzako abentura liburu bat da. Erakargarriena da denetik gertatzen dela. Giza portaeraren alde guztiak agertzen dira», dio idazle donostiarrak. Giroaren historia eta istorio ugari ardatz, Italiaren eta bertako gizartearen bilakaeraren berri ematen du heroi, antiheroi, paisaia ikusgarri eta lasterketa izugarrien bitartez.

«Sekulako pertsonaien desfilea». Modu horretan definitzen du Ander Izagirre idazleak Italia eta Giroaren historiari errepasoa ematen dion “Nola irabazi Giroa idi odola edanez” lana. Partisanoak, faxistak, naziek Mussolini erreskatatu zutenekoa non eta gerora Marco Pantanik hegan egingo zuen agertoki berean, txirrindulari italiar ezagunaren heriotzarainoko bidaia tragikoa, Bartali eta Coppi mitikoen istorioak, Moser eta Saronni laguntzeko mendiak desagertu zirenekoa, matxismoaren aurkako Stradaren eta Parentiren borroka, Nibaliren kontzientzia historikoa... Garaian garaiko Italia ezagutzeko parada aparta.

Ez UCIk ez AMAk ez dute idi odola dopintzat ematen...

Deigarria eta baliagarria da erakusteko, lehia tartean dagoenean, lehiakideek beti aurkitzen dutela modu bat bestearen gainetik pasatzeko. Dopinaren kontua etengabe dago liburuan eta uste dut badela isla gizartea nola aldatu den erakusteko.

Liburuak aurrekari garbi bat du, Tourraren inguruan idatzi zenuen «Beruna poltsikoetan». Giroaren txanda heldu da orain.

Azken urteetan harreman estua izan dut Italiarekin eta afizio hutsez hasi nintzen dokumentazioa biltzen. Eta konturatu nintzen Giroa, literaturaren aldetik, oso indartsua dela. Italiako historia kontatzeko balio du.

2020an ia urte osoa bizikletaz bidaiatzen pasa behar genuen Italian zehar, baina konfinamendua iritsi zen. Ikusi nuen materiala banuela, eta, beste zereginik ez nuenez, idazten hasi nintzen.

«Tour gizona» edo «Giro gizona» zara?

Orain Giroarekin oso maiteminduta nago, urte guztia pasa dudalako bere historian sakontzen. XXI. mendean ere badauka bere historiaren kontzientzia bizia, iragan epikoaren kontzientzia. Horregatik sartzen ditu asfaltatu gabeko bideak, elur arteko kristoren mendiak… Giroak baditu oraindik ere abentura basati baten aztarnak.

Nolakoa izan da prozesua?

Gaur egun informazioa eskuratzea askoz errazagoa da. Sekulako murgilketak egin ditut orain dela 60 urteko hemeroteketan. Orain Coppiren eta Bartaliren garaiko egunkarietan argitaratzen ziren kronikak irakur ditzakezu eta hori sekulako altxorra da. Eta elkarrizketekin osatu nahi nuen liburua, Marino Lejarreta eta Miguel Mari Lasari egindakoak adibidez. Gero bizikleta bidaia egin genuen eta aprobetxatu nuen Florinda Parenti elkarrizketatzeko.

Giroa Italia oso berezi batean sortu eta abiatu zen.

Giroa beti da Italiaren isla. Kazetariek publikoa istorio handi batekin erakarri nahi zutelako sortu zen, baina atzean bazegoen ideia nazional bat, nolabait esateko. Eta hasieratik ikusten da nolakoa den Italia. Badauzka min batzuk. Adibidez, badaude hiri batzuk une horretan Italiatik kanpo daudenak, Niza, Trento edo Trieste, eta bertara joan nahi dute. Hegoaldera ezin dira iritsi ez dagoelako errepiderik, eta horrek erakusten du iparraldearen eta hegoaldearen arteko zuloa... Gerrek ere etengabe izan zuten eragina...

Giroa, niretzako, sekulako pertsonaia batzuen desfilea da. Partisanoak daude, faxistak, Lehen Mundu Gerrako soldaduak. Etengabe jasotzen du Italian gertatzen ari dena. Politikoki, sozialki. Mussolinirekin faxismoak nola erabili nahi izan zuen txirrindularitza, adibidez...

Amarruak, penak, miseriak, amodio istorioren bat, lasterketa historikoak, heriotza tragikoak… Ia fikzioa dirudi.

Niretzako abentura liburu bat da. Erakargarriena da denetik gertatzen dela. Giza portaeraren alde guztiak agertzen dira. Heroiak, argi berezi bat duten pertsonaiak, gerra sufritu dutenak, traidoreak, iruzur egiten dutenak. Gizakiaren erakusleiho bat da. Nahiz eta txirrindularitza gustatu ez, hau abentura liburu bat da. Politika, amodioa, dopina etengabe. Txirrindularitzak asko ematen du literarioki, balio du gizakia nolakoa den erakusteko bere argiekin eta ilunekin.

Heroiak eta antiheroiak?

Garai batean ez zen dopinik existitzen ez zegoelako legerik. Bakoitzak ahal zuena egiten zuen. Bigarren Mundu Gerran anfetaminak zabaldu ziren, armadek erabiltzen zituztelako, eta beti esan izan da ikasleek edo kamioi gidariek ere erabiltzen zituztela. Ba, txirrindulariek, nola ez? Ezin dugu epaitu orain gure egungo legeekin.

Orain dela 100 urte kafea azukrearekin eta arrautza gordinak hartzen zituzten, gero anfetaminak... Legeekin hasi zen dopina. Termino legala da, ez morala. Mota guztietako iruzurrak izan dira. 80ko hamarkadan hasi zen odol dopina Moserrekin eta EPOaren garai ilunena iritsi zen gero. Istorio hunkigarrienetakoa Marco Pantanirena da. Denok dakigu iruzur egin zuela. Pertsonaia iluna da, fenomeno oso berezia: nola eraman zuten aldaretara eta gero nola ondoratu zen. Suntsitutako gizakia zen.

Gero itzuliko gara Pantanirengana, baina lehen Florinda Parenti aipatu duzu. Emakumeak ere ekarri dituzu liburura bi istorio berezirekin.

Konturatu nintzen aurreko liburuak hutsune hori zuela eta bete egin behar nuela. 1924ko Giroan parte hartu zuen Alfonsina Stradaren irudia hor dago, baina testuingurua ez da ezaguna. Emakume txirrindulariak belodromoetan aritzen ziren erakustaldiak egiten. Gehiago ziren nolabaiteko zirku atrakzio bat, izterrak erakusten eta. Stradak tranpolinetik salto egiten zuen.

1960tik aurrera, pixka bat egonkortzen hasi zen emakumeen txirrindularitza. Aitzindari horien arteko bat ezagutzeko aukera izan nuen, Florinda Parenti. Berak erakusten du zenbat oztopo gainditu behar zituzten. Bere familia, italiar emigrante asko bezala, Belgikara joan zen, meatzetara lanera. Eta Florinda 16 urterekin, guztien kontra, hasi zen bizikletan ibiltzen. Medikuek ez zioten baimena eman nahi: emakumeek ezin zutela txirrindularitza kirol bezala egin zioten, bestela ezingo zituztela etorkizunean seme-alabak izan. Sekulako bazterketa jaso zuen Italiako Federazioaren aldetik. Prentsak ere oso modu itsusian tratatzen zituen emakumeok, ikuspegi oso matxista batetik. Istorio ezagunenen itzalak bilatzea gustuko dut eta hau itzaletan itzalena da.

Liburuan txirrindulari asko aipatzen dituzu: Coppi, Bartali, Moser, Gimondi… Baina nor da Vincenzo Torriani?

Giroa Torrianiri da den bezalakoa. Oso pertsonaia polemikoa izan zen, baina sekulako kemena izan zuena Giroa berritzeko, agertoki berrietara eramateko. Berak deskubritu zituen Gavia edo Stelvio. Venezian erlojupeko bat egin zuten San Marco plazara iristen zena eta pasarelak jarri zituen txirrindulariak pasatzeko. Torriani oso polemikoa zen. Italiarrei laguntzeko erabakiak hartzen zituen batzuetan, Moser edo Saronniren Giroetan kasu. Natura oso garrantzitsua bilakatu zuen. Giroak daukan izaera abenturero edo basati hori Torrianik eman zion eta lasterketaren historiako pertsonaia nagusietakoa da.

Liburua XXI. mendean amaitzen da, Nibali, Quintana eta Froomen garaipenekin. Aldiz, ez da hainbeste sakontzen egungo txirrindularion barne istorioetan.

Denbora behar da. Tentazioa liburua Pantanirekin amaitzea zen. Istorioak erakargarriak egiten zaizkigu denbora pasatu eta gizartea pixka bat aldatu denean. Baina gure egunetaraino ekarri nahi nuen, batez ere, Nibali bezalako pertsonaia bat dagoelako tartean. Kontzientzia bizia dauka Giroaren historiarekin. Etxean Moser miresten zuten, Gimondiren figura erreferentzia bezala zuen, bazekien berak ikuskizuna eman behar zuela elurretan, lokatzetan… Giroak behar duen epika horretan, Nibali izan da lekukoa hartu duena.

Froomekin amaitu duzu lana.

Hor ere itzal batzuk daude, amaieraraino, dopinarekin. Baina ekarri nahi nuen. Froomek Giroan gozatu zuen Tourrean sekula gozatu ez zuen bezala. Abentura bat bizi izan zuen. Irabazi zuen 80 kilometroko erasoaldi zoro batean, lurrezko zoru batean, sekulako mendatean gora, elur hormen artean. Berak esaten du: «Umetako lasterketa baten parekoa izan zen. Hartu bizikleta eta segi nire atzetik ahal baduzu». Froomek, txirrindularitza neurtuaren ereduak, haurtzaroko plazera berreskuratu zuen. Giroaren aldeko sekulako aldarria da hori.

Pantanirekin amaitzeko tentazioa aipatu duzu. Azken mitoa al da?

Bai, izan daiteke. Baina, aldi berean, oso istorio gogorra da berea. Erraza da Pantani epaitzea. Tranpak egin zituen, harrapatu zuten eta ez zuen onartu. Baina ziklismoa maite zuen txikitatik, ziklista izan nahi zuen eta onartzen du sistema horretan sartu zela ametsa betetzeko. Sistema elikatu zuen, baina biktima ere izan zen. Pertsonaia bezala alde miresgarriak ditu, errukia eta amorrua ematen dutenak. Oso istorio tristea da. 34 urterekin hil zen. Pantanik badu inoiz joango ez zaion itzal luze bat.

Egin dezagun fikzioa. Aurtengo Giroa hastera doa. Zeinek eragin dezake liburuaren berrargitalpen bat?

Mikel Landa oso pertsonaia berezia iruditzen zait. Kirol mailan eman duena baino askoz ere oihartzun gehiago izan du. Urte batzuk pasatzen direnean, segur aski, berak ere horren inguruko gogoeta egingo du. Nik neuk hori jasoko nuke gustura. Imajinatu Giroa irabazi ez baina oso gertu geratzen dela, oso gutxigatik galtzen duela, zerbait gertatzen zaiola. Frustrazio hori nola gestionatuko luke? 10 minutu aterata irabaziko balu, ez litzateke hain interesgarria. Pertsonaia horiek egiten zaizkit erakargarriak. Beti behar da gatazka txiki bat pertsonaietan eta Landak badauka hori.