GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Udan ere, hezur gehiago mamia baino


Sanferminak izango lirateke egunotan baldin eta... Baina baldin hori berez baldintzatzailea denez, aurten ere ez da halakorik; «normaltasun berria» esango luke baten batek. Tira, batzuk «sanfezminak» ospatzen ibiliko dira, seguruenik. Dudarik ez, ostera, zezenak eta bigantxak pozarren daudela, bigarrenez segidan. Kolpea gero, haiek lagunartean ezkutuan bazkaldu, eta beste horiek larre zabalean bazkatu. Bada alderik!

Tira, larreen harira! Buru aldetik pasatu zait egunotan ume garaiko kanta hura, Gorbeiako larrean atso herrenak aker baten aurrean dantzan ikusi eta larreko beste aldean zen loretxoari begira kantatua: «Jaurlaritzak ikusirik, ezin bizi birus barik, botiloiak debekatu nahi, Bizi Berri IV eman». Ume garaikoa zen ere entziklopediak etxean liburukitan jaso genituenekoa. Lakuak momentuz IV liburuki kaleratu ditu, eta horietariko batzuk tabernaratu ere! Badaezpada, nire liburutegiko apal oso bat utzi dut libre, etorri daitezkeenen esperoan... Are gehiago, kantu kontuan oraindik, imajinatzen dut botila bera gazteei kantuan: «gaztetxo, aska nazazu, jaio naiz libre izateko ta ez hustuta egoteko»...

Eta bestela, zer esan? Bada asko ez. Goiko latitudeetako herrialde batzuetan termometroak langa gaindituta dabiltza; kontuak atera, inuitak hasiak dira, lehendik ere, hotz sentitzeko eskubidea erreklamatzen, eta ulertzekoa da gero! Nago ni, berezko eskubideak betetzen ez direnean eskuetarako bideak zabaltzen direla, han-hemen. Eta gure latitudean denetarik dago, jazzaldiak eta jazarraldiak, ia-ia ordu berean egon ere.

Hain da pobrea udako eztabaida politikoa! Txuletoia albiste! Behiak ere harrituta, abiadura handiko trena noiz pasatuko total ahaztuta. Hezurra, mamia baino. Eta Euskal Gatzak badu sor-marka; orain sindikatuek behar dute «Lab-ela», «Orduan emango baitu ugari bere fruitua».