GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Usteak ustel, gu zaurgarri


Mendean zenbat eta urte gehiago pasatu, orduan eta zaurgarriagoak gara planetako mundu desberdinetako gizarte are desberdinagoak. Zaurgarritasunak, eta plastikoak, berdintzen gaituzte. Kolpea gero! Udako Ikastaroen gai nagusia beharko luke honek izan, eta galdera modura jarrita gainera, neguko ekinbideak helburu! Zergatik gara…? Ze, nago ni, gaurko arazo nagusia, neguan ere, ez da erantzun egokiak ez aurkitzea, galdera desegokiak egitea baizik.

Eta halakoetan nagoela, burua bor-bor eta lurruna belarrietatik kanpo, beti hartzen dut gogoan bestelako ilajea zeukan fisikari ospetsuak behinola esana: «Ezin da arazo bat konpondu arazoa sortu duen pentsaera beretik». Hori esanagatik bakar-bakarrik merezi zuen Nobel saria, sari honenak ere udako beste ikastaroa behar arren. Total, iraganaren inertziak mugiarazten gaitu aurrerantz, eta jakina, zer daukagu aurrean? Bada, iragana bera! Ibilbideak aldatu behar ditugu, eta prefosta! ibilera bera ere, eta… ze demontre! Hortaz, konplexuzenoa den garai honetan segurtasun faltsuaren sentsazioak gobernatzen gaitu, edo. Sentsazionalismoak! Europako BPG handiko eskualde batzuk urpean geratu dira, eta gorpuak ur gainean, Mediterraneotik urrun oraingo honetan.

Klima madarikatua! Ez zen harengandik halakorik espero, itxura batean! Jakina, ezustekoa da askoren ustean ez zelako sartzen, baina esaera zaharrak dioenez… usteak askotan ustel! Usteak berak zabaldu beharko genituzke ibilbide berrietan, hainbeste ezusteko ez izateko… bidean. Ezin da arazo bat konpondu… Hortaz, euria zerutik datorren arren ur-emari lurrean bihurtzen da! Hori dok/n eta! Lurretik egiten da Klima! Segurtasun faltsu halakoa, uholdeak izan, birus olatuak, konstituzional madarikatua, edo mendietako euskaliktusa… Pentsaerakoa da edozein trantsizioren lehenengo erronka!