AUG. 30 2021 Euskarak badu bere oasi berria, Baionan Euskara eta euskal kultura biziaraztea xede duen Biltxoko elkarteak uztailaren 14an inauguratu zuen bere egoitza, Lapurdiko hiriburuan. Kanpoko ekimenak irailetik aitzinera abiatuko ditu. Hala, larunbatetan, merkatu eguna dela baliaturik, euskaraz mintzatzeko tartea izanen da Agustindarren karrikako sotoan. Euskarari oasi berria eskaintzeko eginiko ibilbidea azaldu diote GARAri Pantxika Urruty eta Ibai Agirrebarrena elkarteko ordezkariek. Maite UBIRIA BEAUMONT BAIONA Biltxoko 1901eko legepean sortutako elkartea da. Hau da, egiturak ez du onura ekonomikorik xerkatzen. Zehazki, 2019ko martxoaren 12an erregistratu zen «elkarte gastronomiko eta kultural» gisa. Elkarteak izanen dituen bertze batzordeetako kideak ahantzi gabe, Pantxika Urruty elkarteko lehendakariak eta Ibai Agirrebarrena hasieratiko sustatzaileak buru-belarri dihardute lanean, irailetik aurrera Biltxokok garatuko dituen egitasmoak prestatzen. Gaur-gaurkoz 120 kide batzen ditu Lapurdiko hiriburuan euskara eta euskal kultura egunerokotasunean biziarazteko helburuarekin sorturiko elkarteak. Egitasmoa 70 kiderekin abiatu zela azaldu dio GARAri Ibai Agirrebarrenak. Egun 120 bazkide ditu elkarteak, eta itxaron zerrenda dago kide izateko. Egitasmoa hezurmamitzeko «bada denbora luze bat, hiruzpalau urte» lanean ari direla, Pantxika Urrutyk nabarmendu duenez. Hala eta guztiz ere, laster bere jarduerak publikoki hasiko dituen elkarteak abuztuaren hondarrean azkartze prozesu bat bizi duela baieztatu du elkarteko lehendakariak. Irailetik landa, larunbatetan, zabalik izanen da Biltxoko, goizeko partean, Baionako merkatura bertaratzen den jendeari «kafe baten bueltan euskaraz kalaka egiteko tarte bat eskaini nahian», iragarri du Urrutyk. Ez da erraza izan, baina finean elkarteko bazkideek lortu dute Baionako erdigunean lokal bat xerkatzea. Baiona Handian, Agustindarren karrikako 9. zenbakian kokatu du egoitza Biltxokok. «Biziki zaila izan da lokala atzematea, baina hasieratik argi geneukan hiri barnean nahi genuela kokatu, bertan dagoen dinamikan nahi dugulako gure elkartea txertatu», azaldu du pozik Agirrebarrenak. «IV. mendeko murruen artean izanen gara, xantza handia dugu», gehitu du elkarteko lehendakariak, euskara eta ondare historikoarekin zubia eginez. Emeki-emeki, «euskara naturaltasunez bizitzeko eremua» eratu nahi du elkarteak. 130 metro koadro dituen Agustindarren karrikako sotoan baldintza egokiak eskuratuko dituztela uste dute bi ordezkariek; «bai gure bazkideek, baita azpiegitura honen beharra sentituko duten beste elkarteko lagunek ere une goxoak igarotzeko eta egitasmoak garatzeko». Elkartearen balioak Elkarteak hainbat balio aintzat hartuko dituela azaldu dute. Hala, 60 emazte eta 60 gizon biltzen ditu parekidetasunaren aldeko «engaimendu zehatza» hartuko duen Biltxokok. Horrekin batera, eredu parte-hartzailea, aniztasun ororekiko errespetua eta ekologiaren alde obratzeko asmoa agertu du. Euskal Herriko bertze hainbat herrialdetan elkarte gastronomikoek duten esperientzia kontuan hartu dute txokoa antolatzeko orduan. Bazkideek sukaldean beren abilezia erakutsi eta hurbilekoekin une goxoak pasatzeko parada ukanen dute txoko gastronomikoan. Era berean, jarduera pribatua kaleari begira pentsaturiko ekimenekin osatzeko nahikeria izanik, inguru hurbileko hainbat elkartek eginiko ibilbideari so egin diotela aitortu du Agirrebarrenak. Urruñako Berttoli eta Ziburuko Baltsa elkarteak erreferentzia gisara harturik «Baionako arimari egokitutako moldea» landu dutela zehaztu du Biltxokoko kideak. Edonola ere, «Baionan elkarteek duten tradiziotik edaten duen» txoko euskaltzaleak bat egin du hasieratik peñak biltzen dituen GAB egiturarekin. Elkarteek berek zein Baionako Herriko Etxearekin elkarlanean sustatzen dituzten «ekimen interesgarrietara» lotzeko prest da elkartea berria. Hala nola aspalditik martxan den Baionaren eta Iruñearen arteko senidetzea sustatzeko asmoa dutela agerian utzi zuten bazkideek, elkartearen egoitza inauguratzeko uztailaren 14an egin zuten ekitaldian. Hiriko dinamikan parte hartu Bere pareten artean gauzatuko duen jardueraren osagarri, elkartea proiektuak aitzineratzeko laguntza teknikoa edo diruztatzea eskaintzeko prest da. Izan ere, elkartearen batzordeetan jardunen duten kideen proposamenak bultzatzea ezinbestekotzat jotzen du eta, horrekin batera, hiriko kultura eta animazio eskaintzari ekarpen garrantzitsua egin nahi du Biltxokok. Erran bezala, irailean hasita, larunbatero, Agustindarren karrikako sotoan mihiak euskaraz askatzeko tarteak antolatuko dituzte Biltxokoko lagunek. Pantxika Urrutyk beste egitasmo bat ere aitzineratu du; irailaren 17tik 19ra iraganen den Udazken'Art ekimenarekin bat eginen du Biltxokok. Baionako peñek beren lokaletan hartzen duten erakusketan parte hartuko du elkarte berriak. Historiaz beteriko eraikina euskara eta kulturarekin biziberritu nahi duen Biltxokok bi artistaren sorkuntzak hartuko dituela iragarri du agurtzean elkarteko lehendakariak. EKIMENAKIrailetik aitzinera, larunbat goizetan, Baionako merkatura hurbiltzen den jendeak kafe baten bueltan euskaraz mintzatzeko parada izanen du Biltxokok atondu duen egoitzan. Halaber, Udazken’Art ekimenean parte hartuko du elkarteak. ONDAREABaiona Handian, Agustindarren karrikan, plantatu da elkartea. Eraikinaren historiaren eta euskarari Lapurdiko hiriburuan oihartzun handiagoa emateko xedearen artean zubia egiteko nahikeria agertu dute elkarteko kideek.