GARA
GASTEIZ
SANSOHETAKO KASUA

Ehun urteko eskaria, babespeko adingabeen aurkako delituengatik

Hamar pertsona auzipetu dituzte, Sansohetan, Arabako Foru Aldundiaren Gasteizko zentroan, babestuta egon behar zuten adingabeei sexuaren truke ordaindu izanagatik. 2016an zabaldu zen kasuaren berri, zuzendariak salatu ondotik. Arabako Fiskaltzak Probintzia Auzitegian aurkeztu du akusazioa, eta ehun urtetik gorako zigorra eskatu du.

Arabako Fiskaltzak ehun urtetik gorako espetxe zigorra eskatu du Foru Aldundiaren Sansoheta zentroan zaindutako gaztetxoei sexu delituak egiteaz akusatuta dauden hamar pertsonentzat. Gasteizko zentro honetan babestuta egon beharko zuketen adingabeei sexuaren truke ordaintzea leporatzen diete auzipetuei. Gertaerak 2016koak dira eta zuzendariaren salaketa baten bidez atera ziren argitara.

Arabako Fiskaltzak atzo jakinarazi zuenez, jada aurkeztu du bere akusazio idatzia Probintzia Auzitegian, Aldundiak babestutako adin txikikoekin prostituzio sare bat martxan jarri ote zen ikertzen duen sumarioarekin lotuta.

Azkenean, hamar akusatu daude, nahiz hasieran 11 izan. Adin txikikoak galbideratzea, sexu abusua, adingabeen aurrean pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egozten zaizkie. Guztira, ehun urtetik gorako zigorra eskatzen da. Garai hartan, biktima guztiak ziren 18 urtetik beherakoak eta Arabako Foru Aldundiaren ardurapean zeuden.

Salaketa Sansohetan

2016ko azaroan zabaldu zen kasuaren inguruko albistea. Ertzaintza adin txikikoen ustezko prostituzio sare bat ikertzen hasia zela jakin zen orduan, Gasteizko Sansoheta zentroko zuzendariak berak salaketa jarri ondoren. Bertan, «jarrera arazo larriak» dituzten gaztetxoak hartzen dituzte, gurasoei tutoretza kendu ostean.

Dirudienez, auzipetuek zentro horretan zeuden adingabeei sexu harremanak izatearen truke ordaintzen zieten. Gertakari horien berri izan zuenean, orduan Gizarte Zerbitzuetako diputatu karguan zen Beatriz Artolazabalek baieztatu zuen biktimetatik bostek behintzat 14 eta 17 urte bitartean zituztela eta erregimen irekian zeudela zentro horretan.

Kasu larri hau hedabideetara iritsi zenean 2016ko udazkena zela oroitu behar da, nahiz eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek apirilean jada «sexu harremanen susmoak» zeudela onartu zuen.

«Askoz geroago, urri aldera, Sansohetako teknikariek tutoretzetan zentroko adingabe batzuek helduekin sexu harremanak izan zitzaketela detektatu zuten. Artolazabal diputatuaren aurrean egoera hori salatu edo horren berri eman zuten orduan eta honek Ertzaintzan salaketa jartzea erabaki zuen segituan», Gonzalezek jakinarazi zuenez.

Erantsi zuenez, urrian, aurkitutako delitu zantzuak ezagutu eta gero, apirileko teknikarien salaketaren berri eman zioten diputatuari.

Eskaera «egokia»

Kasua Gasteizko Bigarren Instrukzioko Epaitegiak darama. Bertan, akusazio gisa ageri dira Arabako Foru Aldundia eta Clara Campoamor elkartea ere. Azken hau indarkeria matxistaren biktima diren adingabeen eta emakumeen defentsan jarduten da lanean.

Atzo Foru erakundeko iturriek jakinarazi zutenez, oraindik Fiskaltzaren idatziaren xehetasun guztiak irakurri eta ongi aztertu ez badituzte ere, «egokia» iruditzen zaie egiten duen espetxe zigor eskaera. Gaineratu zutenez, oso litekeena da eurak ere «norabide berean» joatea beren akusazio partikularrean.