GARA Euskal Herriko egunkaria
MEN

ADIKZIOA ETXERATZEAK EKARRIKO DUEN ITZAL LUZEA

Ukaezina da covid-19aren aurkako murrizketek izugarri aldatu zutela gure bizimodua, baina eguneroko ohituren aldaketa drakoniarren eta bakardade gogortuaren agertokiak kolektibo ahulei eragin die bereziki, hala nola adikzioak dituzten pertsonei.


Ez da erraza neurtzea koronabirusaren pandemiak nola eragin duen adikzioa pairatzen duten pertsonengan. Agian, drogen kontsumitzaileek edo joko aretoen erabiltzaileek kontsumoa jaitsi dute etxeratzeak horretarako bideak moztu zituelako edo, agian, pandemiak eragindako ezegonkortasunak kontsumitzeko gogoa areagotu du. Ziur aski oraindik itxaron egin beharko da osasun krisiak mendekotasunei dagokienez izan duen eragin errealaz ohartzeko.

Lagin batzuk jaso ahal izan dira, halere. Asteon eman ditu EAEn adikzioei aurre egiteko erronka berriei heltzeko Erdu proiektuak pandemiaz geroztik bere esku-hartze unitateak artatutako kasuei buruzko datuak. «Espero baino zifra handiagoak dira», onartu zuten arduradunek: 2020ko maiatzean martxan jarri zenetik, Erdu proiektuak adikzioak artatzeko dituen unitate mugikorrek 837 irteera eta 3.981 esku-hartze egin dituzte, eta 642 pertsonari eman diete arreta pertsonalizatua, gehienak gizonak (%82).

Etorkintza, Gizakia, Jeiki, Agipad, eta Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak kudeatzen duten Erdu proiektuaren emaitzen arabera, kanabisa eta alkohola izan dira, hurrenez hurren, esku-hartzerako kasu gehienak eragin dituzten substantziak EAEn.

«Adikzioak sintomak dira», esan du Ainara Garcia Izan Fundazioak Donostian duen eguneko zentroko zuzendariak, nahiz eta, nabarmendu duenez, sintoma horren albo-kalteek esparru ugari «hautsi» ditzaketen; enplegua, etxea, harreman sozialak edo familia arteko harremanak, adibidez.

Baina Garciak esan bezala, adikzioak sintomak dira, eta sorrarazten dituzten arazoak pertsonalak izan ohi dira, bakoitzaren egoerak baldintzatutakoak. Erdu proiektuaren balantzeak aletu ditu identifikatu dituen arazo ohikoenak: emozioei eusteko zailtasuna; jokabide disruptiboak edo isolatze-jokabideak dituzten seme-alaba nerabeekin izandako familia krisia; adikzioak dituzten pertsonekin izandako bizikidetza krisia eta beldurra eta bakardadea.

Egoera horiek, gehienetan, «muturreko bazterkerian» dauden pertsonek pairatzen dituzte. Balantzearen arabera, Erduk artatutako pertsonen prestakuntza maila «oso baxua da». %2,4k bakarrik zuten unibertsitate-titulua, eta %2,8k bakarrik zuten enplegua.

Baina aldagai pertsonalez gain, aldagai kolektiboek izan dezakete eragina drogen kontsumoan edo adikziorako joeretan? Koronabirusaren pandemiak bizitza eta bizikidetza oro desegonkortu du denbora luzez eta, horrek eraman gaitzake pentsatzera kontsumitzen zuen pertsona gehiago kontsumitzera bultzatu duela egoerak. Ainara Garciak dio, ordea, Donostiako zentroan, non mendekotasunaren ondorioz lana, familia edo etxea galdu duten pertsonak artatzen dituzten, ez dutela horrelakorik nabaritu –«beste gauza bat da kalean zer gertatzen den», gaineratu du–. Pandemiaren aurretik kontsumitzen ziren substantzia berberak hartzen dira egun (gehiena alkohola eta haxixa, batzuetan kokaina, speed edo MDMArekin nahastuta), eta, Donostian bederen, ez dute aldaketarik atzeman kontsumo mailan.

Baina zenbait gazteren egoerak arreta eman diela azpimarratu du Ortizek. Azkenaldian, dio, ikusten ari dira 20-30 urte bitarteko pertsonak arazo larriekin; kontsumo maila handia, arazo judizialak batzuetan eta, oro har, «kontrola galduta», ohi baino gehiago.

Konfinamenduak, halaber, mendekotasuna duten pertsonen egoera aldatu zuen EAEn, neurri batean. Ez horrenbeste kontsumitzeko joerarengatik, baizik etxekoentzako agerian geratu zelako beraien arazoa, ezinbestean etxean kontsumitu behar zutelako. Laguntzarako ateak jotzea ere zailagoa zen. Egoera horretan, eguneko zentroak itxi egin ziren, eta Ortizek gogora ekarri duenez, ezin zuten kasu berririk artatu. Lehendik arreta jasotzen zuten pertsona batzuei, aldiz, online bidezko laguntza eman zieten.

Nafarroa, alkoholismoan lider

Nafarroan, bereziki tentuz hartzekoa da alkoholismoaren kontua. Alkoholari eta Drogei buruzko Espainiako Inkestak (EDADES) Nafarroa zerrendaren buruan kokatzen du edari alkoholdunen etengabeko abusua aipatzen duten hainbat ataletan.

Nafarroako Gizakia Helburu elkarteak 408 pertsona artatu zituen iaz, horietatik 200 sartu berriak. «%32k kokaina arazoengatik eskatu zuten tratamendua, eta %30ek alkoholagatik», gogorarazi du Cristina Illescar elkarteko zuzendari teknikoak. «Egia da kokaina eta anfetamina elkartzen baditugu eskariaren %43ra joango garela, eta gero, atzerago, kanabisa eta jokoa daude, %8rekin», gaineratu du.

Hala ere, Illescarrek zehaztu du gauza bat dela zerbitzu horretara jotzeko arrazoia, baina gero, kasu bakoitzaren ebaluazioa egiten dutenean, datu desberdinak aurkitzen dituztela: «Artatzen dugun biztanleriaren %70ek alkoholarekin lotutako arazo bat du». Gaineratu duenez, arazoetako bat gizartean alkoholaren kontsumoari buruz dagoen kontzientziarik eza da; izan ere, «ez da droga gisa hautematen, eta kulturalki oso ondo ikusia dago».

Beste arazo nagusietako bat da adingabeek kontsumo hori erraz eskura dezaketela. Izan ere, Osasun Ministerio espainolaren alkoholari, tabakoari eta legez kanpoko drogei buruzko urteko txostenak dio Nafarroan 16 urterekin kontsumitzen dela lehen aldiz alkohola. Konponbidea, dioenez, «hezkuntzan eta prebentzioan inbertitzea da».

Illescarrek, halaber, egiaztatu du mendekotasunaren eta beste arazo psikologiko batzuen komorbilitate handia dagoela laguntza eskatzen dutenen artean. «Mendekotasunak arlo guztietan du eragina, eta familiakoa da kaltetuena. Harremanak okertzen dira, eta kontsumoarekin lotutako nahasmendu psikologiko asko daude», dio. Horien artean, depresioa eta antsietatea dira arazo ohikoenak.

Gainera, baita Nafarroan ere, nabarmentzekoa da laguntza eskatzen duten gizonen kopurua emakumeekin alderatuta. «Hemen daramagun 30 urteetan, laguntza eskatzen dutenen artean %80 inguru gizonezkoak dira», adierazi du Illescarrek. Datu horrek, hala ere, ez du esan nahi emakumeek mendekotasun arazo gutxiago dituztenik; izan ere, profesionalek uste dute emakume asko ez direla tratamenduetara iristen faktore kultural batengatik, Illescarren arabera, «emakumeek kontsumo arazoak izatea okerrago ikusia eta zigortuagoa dagoelako». «Estigma horren ondorioz, familia inguruneetan ezkutatzen dira arazo horiek. Hori da aurrean dugun erronketako bat».

Hala ere, adikzioei buruzko datuak azken urteetako parametroetan mugitzen dira, baina Illescarrek dio mendekotasunaren arazoa ez dela garatzen hilabete eskas batzuetan, ezta urtebetean ere. «Uste dugu pandemiak izango dituen ondorioak aurten edo ondorengoetan hasiko garela ikusten», gaineratu du.

Online jokoen gorakada

Konfinamenduak ludopatia kasuak areagotzea baino gehiago, online jokoari dagokionez dauden kasuak bultzatu ditu. Raquel Pardo Nafarroako Ludopatiaren Laguntzarako eta Prebentziorako Aralar elkarteko presidenteak zehaztu duenez, pantaila baten bidezko jokoa areagotu da, batez ere gazteen artean.

Elkartera txanpon makinekin arazoak dituzten 50 urte inguruko pertsonak joaten diren arren, Pardok azaldu du ludopata baten profila 24-25 urteko gizon batera hurbiltzen ari dela, askotan ikasketak dituzten gazteak dira, eta kirol apustuekiko eta online jokoarekiko mendekotasuna dutenak.

«Gazte asko etortzen dira gurasoekin. Oso kezkatuta, askok behin eta berriz esaten baitute oso umetatik hasten direla», dio. Hala ere, isunen datuak «errealitatearekin bat ez datozela» adierazi du. «Badakigu adingabeak sartzen direla aretoetan eta ostalaritzan, oso erraza da tabernan apustu egitea», gehitu du.

Apustu makinak tabako makinak bezala piztu behar izatea lortu dute, baina plataformetatik eskatzen dutena da sarbidea kontrolatzea. Iruñeko Legebiltzarreko ponentzian eskatu zuten hori, baina, Pardok esandakoaren arabera, ez zieten jaramonik ere egin.

Udal arau berriak, Iruñekoak adibidez, 400 metroko gutxieneko distantzia ezartzen du lokalen eta hezkuntza, kirol edo osasun zentroen artean, bai eta bi apustu establezimenduren artean ere, baina Nafarroako Gobernuak beste eskumen batzuk ditu eta mahai gainean dagoen arau berriak ez die erantzuten sarbidea kontrolatzea eskatzen duten eskaerei. «I-Ek, EH Bilduk eta Podemosek aurka bozkatu zuten, gauza horiek ez zeudelako barne. Aditzera eman da legea geldiarazi dutela, eta ez da horrela. Aurka bozkatu dute, araudi hori ez datorrelako bat eskatu zenarekin», gehitu du.

Beste borroka bat publizitatea da. Alberto Garzon buru duen Kontsumo Ministerio espainolak abian jarri zuen legea aipatzen du lorpen gisa, baita Osasuna futbol taldeak bere elastikoen publizitatea kentzeari emandako baiezkoa ere. Baina adierazi du arratsalde erdian joko lokalen publizitatea egiten jarraitzen dela irratian, edo Carlos Soberaren iragarkien ordez influencer edo youtuber-ek ezkutuko publizitatea egiten dutela. Haren ustez, bide luzea dago egiteko, eta pandemian protestak gelditu ziren arren, elkarte eta plataformek ez diote lan egiteari utzi.

Lakuako Gobernuak ere 2016ko Jokoaren Erregelamendu Orokorra aldatuko zuela iragarri zuen urri bukaeran. Datorren hiruhilekoan ezartzekoa den aldaketak joko lokalen eta ikastetxeen arteko distantziak handitu eta lokal kopurua murriztu nahi du. Publizitatea murrizteko neurriak ere ezarriko dira.

Neurriok ludopatia arazoak gutxitzea lortuko ote duten ikusteko dago; EAEn larria baita joko aretoen kartografia: Haritik Hirira elkarteko Jon Macias eta Josu Del Campok Naiz Irratian emandako elkarrizketa batean esan zuten soilik Gasteizen 222 lokal eta makina zenbatu dituztela.

Apustuak egiteko lokal eta makina gehienak errenta baxuko eremuetan daudela ohartarazi zuten. «Hasieran dirua irabaztea izaten da jokoan hasten denaren helburua eta errenta baxuko auzoetan desesperazioak edo egoera ekonomiko txarrak eraginda joera hilabetea aurrera ateratzeko apustuetan sinistea da. Lokaletako asko, gainera, ikastetxe inguruetan daude, gazteak harrapatzeko. Donostian ikertu dituzten 101 lokaletatik 45 daude ikastetxetik 100 metro baino gutxiagora.