GARA
BAIONA
ELIZA ETA PEDERASTIA EUSKAL HERRIAN

«Ni 26. biktima naiz»; sexu-abusuak jasandakoaren lekukotza

Bernard Andde Caussadek Baionako eta Uztaritzeko apaiztegietan jasan zituen sexu-abusuei eta bestelako indarkeria ekintzei buruzko testigantzak eman dizkio Mediabask hedabideari. Bere lekukotzak bat egiten du Marc Aillet Baionako gotzainak duela hilabete zabaldu zuen balantzearekin, honek aipatutako 25 biktimen zerrendara gehituz.

Azken urte hauetan Eliza katolikoaren baitan egin diren eta egiten diren gehiegikeriak azaleratzen ari da gizartea, luzaroan sekretu ilun bat izan ostean. Pixkanaka biktimak euren errealitatea azaltzen hasi dira eta elizgizon batzuk ere gertatzen dena argitzen laguntzeko prest agertu dira.

Bernard Andde Caussadek zuzendariarentzako gutun bat bidali du Mediabask hedabidera. Bertan kontatzen du bederatzi urte besterik ez zituela Baionako apaiztegian bizi izan zuen esperientzia lazgarria. Modu honetan hasten da idatzia: «Gutxi batzuk ginen, ozta-ozta hogeita hamar, landa-eremuetan fitxatuak, eliza santuko errekrutatzaile ziren erlijiosoek gure familiei erauziak».

Joan den mendeko 60ko hamarkadan, «Euskadiko haranetako lur bedeinkatuetan, apaiz finkatuak eta ahalguztidunak herrixketan zehar ibiltzen ziren bokazio bila», jarraitzen du bere kontakizunak. Bertako apaiz batek gurasoekin tratua itxi zuen botila baten inguruan, «seme gazteenari etorkizun hobea emateko» promesarekin.

Autobus batek eraman zuen Hazparnetik Baionako apaiztegira. «Maleta barruko patioan utzi nuenean, berehala ulertu nuen haurtzaroa hila nuela», adierazten du gutunaren egileak hurrengo lerroetan irakurriko ditugunak iragarriz.

Hortik aurrera, apaiz baten «jostailu» bihurtu zela adierazten du, «frontoian eta, batzuetan, logeletan egindako balentriengatik ezaguna».

«Hauskorra eta zaurgarria, nire isolamendua zela eta, [erasotzailea] bere plazera bilatzen aritu zen, ehizan aritzen den felino bat bezala», dio Caussadek, jada hilda dagoen elizgizon horren aldetik jasandako jipoiak eta zigorrak gordintasunez deskribatzeko.

«Ezagutzen zutenek ‘ezker hanka’ deitzen zioten», xisteran jokatzen ezkerra zela adierazteko. «Oporren aurreko kolpeen seinaleak isilean sendatzen ziren: denok genekien, eta denok isiltzen ginen», gehitzen du salatzaileak bere testuan.

Uztaritzen ere bai

Biktimak bere kontakizuna jarraitzen du, Uztaritzeko apaiztegira eraman zutenean nolabaiteko askapena sentitu zuela azalduz. Baina kalbarioa ez zen amaitu. «Nire greko irakasleak –berarengan konfiantza handia nuen– ere bere gelara eraman ninduen», jarraitzen du. Dioenez, bere ustez gelan moja bat bat-batean agertzeak salbatu zuen beste eraso bat jasatetik.

Ikasketak amaitu zituenean, sorterritik urrundu zen, 60 urte geroago «nire orbainen itzala paperean jarri ahal izan nuen arte», azaltzen du gutunean. Bere barrenak “Les griffes du corbeau” (Belearen atzaparrak) izeneko liburuaren bidez askatu ahal izan zituen. 2015ean argitaratu zen lehen aldiz.

Orain, idazleak eskutitz baten bidez eman du lekukotza, Mediabask-ek Marc Aillet Baionako gotzainak zabaldutako euskal Elizako pederasten 25 biktimen balantzea argitaratu ostean –13 elizgizon salatu zituen bere adierazpenean–. Egun berean Estatu frantsesak ezagutzera eman zuen ikerketa independente baten arabera, 1950eko hamarkadan, Eliza frantsesean, 330.000 haurrek sufritu zituzten sexu-abusuak.

Bi txosten horiek oinarri hartuta idatzi zuen Caussadek bere gutuna. «Ni 26. biktima naiz. Luma eta paperari esker askatu naiz. Nire bi borreroak hil dira. Ez naiz fededuna, nire izena bataiotik ezabatzeko eskatu dut», azaltzen du.

Gutunaren azken lerroetan hitz argi eta irmoak pausatzen ditu: «Beste askok bezala, apaiz irakasleen ohiko indarkeriak jasan ditut, Eliza katolikoak, dogmatismoz, gizon mutilatuak sortzen dituelako, eunukoak destinoz edo bokazioz. Apaiztegietako korridore makurretan, haurrak harrapari bedeinkatuen biktima dira. Justizia ezin da konformatu zalantzazko konpromisoekin, konponketekin; Elizak ordaindu egin behar du».

Adierazpenak

«Maleta barruko patioan utzi nuenean, berehala ulertu nuen haurtzaroa hila nuela»

«Oporren aurreko kolpeen seinaleak isilean sendatzen ziren: denok genekien, eta denok isiltzen ginen»

«Apaiztegietako korridore makurretan, haurrak harrapari bedeinkatuen biktima dira»